Zumeta gogoratu dute lagunek

Zumeta gogoratu dute lagunek

Jon Miranda

Joan den apirilaren 22an zendu zen Jose Luis Zumeta pintorea, Usurbilen, eta ezagutu zuten gremioko lagunek omenaldi xumea egin nahi izan diote Tolosan, Azken Muga jaialdiaren barruan. Zumeta bihotzean, tabernan nahiago izena jarri diote hainbat artisten obrekin osatu duten erakusketari, eta Zarateko lepoan ikusi ahal izango da irailaren 26ra arte; ostiraletan eta larunbatetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandetan, 11:00etatik 13:00etara.

Bedaio eta Azkarate herrien artean dagoen gunea da Zarateko lepoa, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. Muga bera elkargune bihurtzea eta artea naturan erakustea dira Azken Muga jaialdiaren helburu nagusiak. Aurten, bosgarren edizioan, helburu horiek aise bete dira Zumetari esker. Zarateko basoa artista askoren bilgune bihurtu zen irailaren 5ean, erakusketa zabaltzeko antolatutako inaugurazio ekitaldian.

Arantxa Orbegozo margolariak harreman estua izan zuen Zumetarekin, eta haren omenezko erakusketa koordinatzen aritu da, Azken Muga egitasmoko kide gisa: «Omenaldi xumea eta intimoa egin nahi izan diogu haren lagun izan ginenok, hari gustatuko litzaiokeen bezala, esku batean ardo kopa eta bestean pintzela dugula. Askotan esan izan zidan berak ez zuela hileta arranditsurik nahi, epitafio gisa Tabernan nahiago zuen egon hemen baino aukeratuko lukeela. Eta horrela gogoratu dugu, lagunarte goxoan, irribarrez eta malkoz».

Zaratetxean ikusgai dagoen erakusketa gunean 48 koadro eta zortzi eskultura ikus daitezke, eta basoan beste hamalau artelan kokatu dituzte. «Parte hartzera gonbidatu eta denek eman dute baiezkoa, euren esku zegoen guztia egin dute elkartu eta erakusketan parte hartzeko», adierazi du Orbegozok. Badira nazioarteko artistak eta baita bertakoak ere; besteak beste, Nisa Goiburu, Ura Iturralde, Idoia Unzurrunzaga, Txiki Keixeta, Miren Gonzalez eta Juan Chillidak utzi dituzte euren lanak erakusketarako. «Jose Luisek ez luke pentsatu ere egingo zenbat maite zuen jendeak eta zenbateko hutsunea utzi digun. Gauza askotarako erreferentea izan da guretzat», dio Orbegozok. Inaugurazio ekitaldian izan zen Usoa Zumeta, pintorearen alaba, eta aitaren koadroa bat utzi zuen erakusketarako. Eskertuta agertu zen Azken Mugak egindako keinuarekin.

Nahiz eta euren artean 25 urteko aldea egon Orbegozok lagun «handi» eta «konfidentetzat» izan zuen Zumeta. Garai bertsuan joan ziren Araitz bailarara bizitzera. Gaintzako errotan zuen bizilekua pintoreak, eta Atalloko autobus hangarra izandakoan prestatu zuen tailerra. Bertako jendearekin zuen gertuko harremana azpimarratu du Orbegozok: «Jose Luis ez zen jendetza artean mugitzekoa, baina inporta zitzaion jendearekin oso lotura estua egiten zuen. Jende desberdinarekin egotea gustatzen zitzaion, herriko jendearekin tabernan, karta jokoan, artzainarekin bordan edo lagunekin pilota partida ikusten. Artista handia izan arren, xumea zen, eta oinak lurrean zituen».

Araitzen eta Tolosaldearen arteko mugan dago Zarate, eta bi bailarak lotzeko lana egiten du Azken Mugak. Zumetak berak jaialdiaren lehen edizioetako batean parte hartu zuen, eta bere obrak utzi zituen Zarateko lepoan erakusteko. Orbegozok dioenez, artea jendearengana gerturatzeko ahalegina egin zuen bizitza osoan: «Antolatu zituen erakusketak Donostiako Bretxan edota suhiltzaile parkean. Ohiko lekuetatik ateratzen zuen artea, eta handik pasatzen zen jendearen bistara jartzen zuen, bere esanetan artea ez baita ulertu behar, sentitu baizik».

Jakin-mina  begiradan

Ordu asko eman zituen Orbegozok Zumetaren tailerrean, Atallon, eta «marrazkilari trebe eta kolorista handi» bezala definitzen du. «Inork ez bezala ulertzen zuen kolorea; berezkoa zuen dohain hori. Gainera, pintzelkadan zuen erraztasun hori ez da batere erraza lortzen. Bi metroko koadro handi bati ekiteko kuraia biltzen zuen, eta hori guztia jolasean bezala egiten zuen, ume batek duen jakin-min berdinarekin. Haren prozesua horrela laburbiltzen zen: ikerketa, jolasa, proba… eta jende guztia animatzen zuen pintzela hartzera».

Hain zuzen, joan den irailaren 12an, eta Azken Mugako egitarauaren barruan, hamabost artista inguru bildu ziren Zarateko lepoan Zumetaren omenezko horma-irudi bat margotzeko. Usurbilgo Rukula taldearen musikaren doinuen artean egin zuten lana artistek, eta inspirazio iturri izan zuten Orbegozok berak Zumetari egindako erretratua, erakusketan ikusi daitekeena. «Hil zen egunean, Gaintzako errotara gerturatu nintzen Jose Luisi nire agur partikularra egitera. Handik itzuli eta inoiz ez bezalako sugar batek hartu ninduen. Bere erretratua pintatu nuen, hasi eta buka».

Normalean, hiru hilabete irauten duen egitaraua antolatu ohi dute Azken Mugan, baina, aurten, pandemia dela eta, hilabete bakarrera mugatu dituzte ekitaldiak. Natura eta artea oinarri hartuta, musika, zinea, dantza, arte plastikoak, herri kirolak eta herri kultura nahasten dituen egitaraua antolatu dute, bosgarrenez, irailaren amaierara bitarte. Zumeta gogoan hartuz antolatutako erakusketaz eta ekitaldiez gainera, belaunaldi ezberdinekin elkarlanean antolatutako saioak izango dira. Gaur, adibidez, Jon Tolosa Nikotina rapero gaztearen eta Martintxo Arakama Little Martinen emanaldia izango da Zaraten. Egitaraua irailaren 26an itxiko du Et Incarnatus orkestrak, udazkeneko ekinozioa ospatzeko antolatu duen kontzertu bereziarekin. Segurtasun neurriak bete ahal izateko, ekitaldi nagusietan parte hartzeko jendeak izena eman beharko du azkenmugaproiektua@gmail.com helbidean.