Bi gurpilen arte berria

Bi gurpilen arte berria

Urko Etxebeste

Sailka dute antolatua elkartearen egoitza. Txukun. Sarreran, tailerra; ondoko aretoan, erabilgarri dauden bizikletak —bidaietarako, hobeak; bestelakoak, ondoan—; horren ezkerreko gelan, iritsi diren bizikletak sailkatzeko gunea dago, eta, harago, sormenerako laborategia, proiektuen txokoa. Bosgarren aretoa balioaniztuna da: bulegotxoa eta ikastaroak emateko eremuak daude. Lokalak badu metro koadro mordoska, baina bazkideak ezin dituzte onartu oraingoz, ez dituelako elkarteen legediari buruzko arau guzti-guztiak betetzen. Berri bat izango dute aurki. Horiek guztiak Errenteriako Gurpil Artea elkartearen gune sozialaren ezaugarriak dira. Bizikletan ibiltzera eta gailuei bigarren aukera bat ematera bideratu dute dena, ikuspegi sozial batetik, betiere. Elkartean boluntario lana egiten dutenek euren jarduna ez dute ulertzen gizarte onurarako ez bada.

Bizikletazaleen elkartea da Gurpil Artea, bizikletazale hitzak onar dezakeen zentzurik zabalenean. Garraiobidea erabiltzeak dituen askotariko onurak zabaldu nahi dituzte. “Zenbait lagun batu ginen, dozena bat inguru, nor bere ikuskerarekin, eta ideien bidez elkar kutsatzen hasi ginen. Bizikleta garraiobide alternatibo oso on eta zuzena da, edozeinek erabil dezakeena”, zehaztu du Oihan Lopez elkartearen arduradunak. Orduan, egindako ideia zaparradaren artean, bizikletak errekuperatzearena sortu zen. Abiatu zituzten proiektuetako bat da bizikletak berreskuratzeko tailerra, beraz. Gipuzkoan gisa horretako lehen tailerra da; ez dago horrelakorik herrialdean. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bir-Ziklatu proiektuaren erdigune da Errenteriako elkartea. Herrialdera zabaldu nahi dute.

Autogarapenerako gailutzat dute bi gurpilekoa, arrazoi batengatik edo besteagatik ohiko garraiobideak —trena, autobusa, autoa…— erabili ezin dituztenentzat alternatiba. Baina denek ezin dute eduki bizikletarik. “Beraz, bizikletak errekuperatzeari ekin genion”, dio Lopezek. Euren filosofia edo jarduteko eraren ondorio logikotzat du hori: “Jendeak bizikletak behar ditu, bada bilatu ditzagun alternatibak”.

Orduan, erabiltzen ez ziren ibilgailuak jasotzeari ekin zioten; zabortegietatik, dohaintza bidez, eta Errenteriako Udalak emandakoak biltzen dituzte. “Dena ondo. Bagenituen bizikletak buruan genuena aurrera eramateko. Baina pentsatu genuen: jendeak ba al daki segurtasunez ibiltzen?”. Erantzuna ezezkoa izan zen; orduan hasi ziren bizikletan era seguruan ibiltzeko ikastaroak ematen, betiere, eurek tailerrean berreskuratutako flotarekin.

Bizikleta izan eta segurtasunez ibiltzea beharrezkoa da. Baina mantendu beharra dago. Eta euren ikuskera sozialetik diruaren dependentziarekin hausteko bide horretan beste harritxo batekin topo egin zuten. “Mekanika eta mantentze ikastaroak ematen hasi ginen horregatik”, azaldu du Lopezek.

Egiten dituzten ekintza eta ekitaldiak era kolektiboan lantzen dituztela adierazi du, elkartearen izaerarekin lan egiten dutela lan mota edozein dela ere. Horrez gain, nabarmendu du boluntarioak direla.

Egoitza barruan bakarrik ez; kalera ere ateratzen dira bizikletaren erabilerarako sentsibilizazio kanpainak egitera, eurek duten sorkuntza laborategian egindako bizikleta-sound system eta guzti —eguzki plakekin ematen diete autonomia—. Eta inguruko beste bizikleta elkarteekin harreman sendoa dute.

Funtzionamendua

Gurpil Artearen jardunean atentzioa gehien deitzen duen eremua bizikleten berreskuratze lanena da. Prozesu zehatza darabilte zeregin horretarako. Hasteko: bizikletak jasotzen dituztenean, erabakitzen dute zein izan daitekeen berrerabilgarri eta zein ez. Azken horien kasuan, aprobetxa daitezkeen piezak kentzen dizkiete, balizko eraberritzeetarako. Izan dituzte pieza asko pilatu dituzten boladak. Kasu horretan, horiei hainbat irtenbide eman dizkiete, tartean, Errenteriako Don Boscoko Lanbide Heziketako zentroarekin dute harremanari esker, hango soldadurako ikasleek hainbat erabilera ematen dizkiete soberan zituzten piezei.

Biziberritu dituzten gailuek hiru irtenbide dituzte: lehena da Gurpil Arteak ematen dituen ikastaroetarako erabiltzen dituztela; bigarrena, nahi duenak eska ditzakeela erabiltzeko —bidaiak egiteko, edo, ikastetxeren baten kasuan bezala, haien ikastaroetarako—; hirugarrena, salmentan edo dohaintzan nahiz trukean ematea da.

Lopezek aitortu du satisfazio pertsonaletik asko duela egiten dutenak, eta, aldi berean, bizikletaren gaineko euren ikuspuntua garatzeko aukera eman diela elkarteak, bizikletaren erabilera soiletik harago doana. “Elkartekide bakoitzak bere harrikada du buruan, eta saiatzen gara norberak dituen ideiek eragina izan dezaten besteen artean ere”, azaldu du.

Erabiltzen ez dena errekuperatu, berrerabili, eta herritarrak egin horren onuradun. Era komunitario eta boluntarioan, gainera. Gurpil Arteak garbi du norantz eman pedalkadak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.