Izokinik ez doa Urolan gora

Izokinik ez doa Urolan gora

Aitziber Arzallus

Bidasoa eta Oria ibaietan badira izokinak; Urola ibaian, ez. “Hori esaten dute, baina ez da guztiz egia”, dio Aitor Leiza Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteko kideak. “Urola ibaira ere sartzen dira izokinak; neure begiekin ikusia naiz”, baieztatu du. Arrantzale batek erakutsi zion izokin bat Leizari, Zumaian, Urola ibaia itsasoratzen den lekuan. “Arrantzan ari zela harrapatu zuen, eta atzera berriz uretara bota zuen”, kontatu du. Baina, orduan, zergatik ez doaz ibaian gora? Argi du erantzuna: “Ezin dutelako, bidean oztopoak besterik topatzen ez dutelako”. Aurrerantzean, oztopo bat gutxiago izango dute bidean, Zestoako Osinbeltzeko presa eraitsi berri baitute. Uraren Euskal Agentziak gidatu ditu eraisketa lanak, Zestoako Udalaren baimenarekin.

Osinbeltzeko presa Zestoako harrobiaren parean zegoen, eta garai batean, izen bereko zentral hidroelektrikoari ura emateko erabiltzen zuten. 1983an izandako uholdeek, baina, kalte larriak eragin zituzten zentralaren azpiegituretan, eta ez ziren erabiltzeko moduan gelditu. Orduz geroztik, utzita zegoen zentrala, eta alferrik zegoen presa. Horregatik, hura eraistea erabaki du Uraren Agentziak. Hala, erakundeak uste du hesi fisiko hori kentzeak Urola ibaiko arrain faunaren iragazkortasunari mesede egingo diola; hain zuzen, “arrainen zirkulazio naturalagoa eta dibertsifikatuagoa” ahalbidetuko duela, “ibaiko baldintzak presa eraiki aurrekoak bezalakoak” izango direlako.

Hilaren hasieran hasi zituzten presa eraisteko lanak, eta dagoeneko bukatu dituzte, baina kontu handiz gauzatu behar izan dituzte, presa zegoen ibai zatia GI-631 errepidearen albo-alboan baitago. Horregatik, errepidearen euste hormaren egonkortasunari ez kalte egiteko, presa guztiz ez eraistea hobetsi du Uraren Agentziak. Errepidearen aldeko alderdian, hiru metroko zati bat zegoen bezala utzi dute, eta baita beste aldeko arintze konporta ere, daukan ondare balioagatik aztarna gisa kontserbatzeko .

Eraisketa lanek inguruko landaredian ere eragina izan dute; izan ere, presarainoko sarbidea egiteko, zuhaitzak moztu eta sastrakak kendu behar izan dituzte. Lanak amaitutakoan, ordea, sarbidea sortzeko erabilitako materialak kentzeko eta bertako landaredi potentziala, haltzadi kantabriarra, landatzeko konpromisoa hartu zuen Uraren Agentziak.

Plangintza baten beharra

Osinbeltzeko presa eraitsi izana berri ontzat jo du Leizak, “ibaietan artifizialki eraikitako oztopoak kentzea beti delako berri ona”, baina ez du uste nahikoa denik: “Jai dute uste badute horrekin bakarrik Urola ibaiko arrainen zirkulazioa hobetu eta dibertsifikatuko dela”. Naturkon taldeko kideek urteak daramatzate ibaietako oztopoak identifikatzen eta administrazioei horiek kentzeko eskatzen, eta naturazale zumaiarrak ezinbestekotzat jo du horiek guztiak kontuan hartuko dituen plangintza oso bat egitea. “Zestoa pareko oztopoa kenduta ere, oraindik hor daude Zumaiaren eta Zestoaren artean daudenak, eta horiek kentzen ez dituzten bitartean ezinezkoa izango da arrainen zirkulazioa bermatzea”.

Leizaren esanetan, Zumaiatik abiatu eta Urola ibaian gora, lehendabiziko “oztopo handia” Zubiaurreko paper lantegiaren parean dute, “hiruzpalau metroko presa”, eta goraxeago, Aizarnazabal parean, badituzte beste bi. “Horiek kentzen ez badituzte, alferrik ari dira”. Nabarmendu du “zentzuzkoena” litzatekeela aurrena beheren dauden oztopoak kentzea eta gero ekitea goragokoei. “Arrainek Altzolarats errekara arteko bidea libre izango balute, beste biodibertsitate bat izango luke Urola ibaiak”.

Naturkoneko kideak ez du ulertzen administrazioen “aldebiko jokabidea”, eta gogor kritikatu du: “Tartean behin ibaiertzen batean lau zuhaitz landatzen dituzte eta oztoporen bat kentzen dute, eta saltzen dizkigute egundokoak egin izan balituzte bezala, baina bitartean, ibaiertzetan sekulako azpiegiturak eraikitzeko baimenak ematen ari dira”. Besteak beste, olatu artifizialak sortzen dituen Aizarnazabalgo Wavegarden enpresari eta handik oso hurbil dagoen Forjas Iraeta enpresari emandako baimenak aipatu ditu. “Wavegardenek Urola ibaitik hartzen du olatuak sortzeko azpiegituretan behar duen ur guztia, eta Forjas Iraetak, azpiegiturak handitzeko lanak egin zituenetik, ibaiaren alboan uzten du hainbat material. Hori guztia administrazioen baimenarekin egiten dute, eta ezin dut ulertu nolatan eman zizkieten horretarako baimenak”. Politikariek antolatzen dituzten “ibai garbiketak” ere hizpide izan ditu zumaiarrak: “Ibai garbiketa deitzen diote ibaietako landaredia naturala kentzeari. Zergatik kendu behar da ibaitik hara naturalki erori den zuhaitz -adar bat? Gauza horiek ez daukate zentzurik”.

Irizpideez kritika

Zergatiaz galdetuta, argi mintzo da Leiza: “Gauza horiek egiten dituzte erabakiak hartzen dituztenek ez dutelako beharrezko prestakuntzarik eta irizpide egokirik”. Naturkoneko kideek argi dute zerk izan beharko lukeen lehentasuna: “Guk esaten dugu lurraldea bioaniztasunaren ikuspuntutik kudeatu behar dela; hain zuzen, horixe eskatzen diegu erakunde publikoei, eta gaur egun ez dute egiten”. Haren irudiko, gauza askotan ari dira “hanka sartzen”. Azken urteetan eukalipto basoek izan duten hazkundea horren adibide garbia dela dio. “Basoetan eukaliptoa landatzeak izugarrizko kaltea egin dio ibaietako biodibertsitateari, naturan dena elkar lotuta baitago”. Leizaren esanetan, frogatuta dago baso mistoak dauden inguruetako ibaietan askoz fauna aberatsagoa dagoela. “Erraza da azaltzen: xomorro jakin batzuek jaten dituzte eukalipto hostoak, eta eukalipto hostoak erortzen diren ibaietan era horretako xomorroak izango dira. Baso mistoen inguruetako ibaietara, berriz, mota askotako hostoak eroriko dira, eta haiek jaten dituzten mota askotako xomorroak izango dira”.

Oraindik, baina, gauza bat esan eta bestea egiten duten politikariek agintzen dutela iritzi dio, eta Naturkoneko kideei ez zaiela beste erremediorik geratzen: “Beharrezkoa bezain nekagarria den borrokan jarraitu beharko dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.