Aste oso bat hutsa betetzeko

Aste oso bat hutsa betetzeko

Julen Aperribai

Geroratutako jaien zerrendara batu ziren ikastolen aldeko jaiak joan den maiatzean, baina Ikastolen Elkarteak abuztuan jakinarazi zuen aurten ez dela halakorik izango. Pandemiak eredu batetik besteranzko trantsizioan harrapatu du Kilometroak jaia, lau urteko hausnarketa prozesuaren ondoren jaialdia egiteko modua aldatzea erabaki baitzuten antolatzaileek. Urte osoko lanaren uzta egun eta herri bakar batean jaso ordez, eskualdeka jaialdi txikiagoak egitea erabaki zuten, urriko jai nagusiari eutsiz, betiere. Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolari zegokion eredu berriaren gidaritza, eta bertan ziren egitekoak jai nagusia, igande honetan. Ez da horrelakorik izango, baina, jairik ezean, aste osoko egitaraua osatu dute, Kilometroak Astea izenekoa.

Kilometroak jaiaren inguruko erakusketa bat jarri zuten astelehenean Zizurkilgo Atxulondo kultur aretoan, eta hala eman zioten hasiera aste honetarako programatutako ekitaldi sortari. Biharko Euskal Eskola mahai inguruan hizlari aritu ziren atzo HikHasi, OinHerri eta Euskal Herriko Ikastoletako kideak. Gaur, berriz, Pello Mari Otaño beka aurkeztuko dute, 18:00etan, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak jaso zuen beka, eta, hari esker, Aiztondo bailarako zirto tradizioa biltzen eta ikertzen aritu dira, gero bailara horretako ikastetxeetan lantzeko. Ondutako lana jendaurrean aurkeztuko dute elkarteko kideek. Jarraian, bertso saioa izango da Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Aiztondo Aiztondoko eta bertso saioa izango da, jarraian, Intxaur pilotalekuan. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano ariko dira kantari, Amaia Agirrek gidatuta. Bihar, berriz, Kalean otso, etxean uso antzezlana eta Andoni Ollokiegiren kontzertua izango dira Villabonako Errebote plazan. Igandean itxiko dute egitaraua; Kilometroen lekukoa Gipuzkoako beste ikastola bati emango diote, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Zer ginake gure amon-aitonik gabe? izeneko ekitaldia izango da azkenik, Zumimusu ikastolako Txermine eraikinean, ikastolako komunitateari espresuki eskainia.

Komunitatea erdigunean

Zubimusu ikastolak duela urtebete jaso zuen Kilometroen lekukoa, Zarautzen. Erronkari “ilusioz” heldu ziotela azaldu zuen Nerea Zumeaga ikastolako zuzendari-kudeatzaileak joan den astean, Kilometroak Astea programaren barnean jasotakoa aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Jaialdi berritua praktikan jartzea zuten asmoa, eta, hasierako asmo hori betetzea “ezinezkoa” izan dela aitortu zuen arren, aste osoko egitarauarekin “Kilometroak jai berrituaren muinari” eutsi zaiola uste du. Ikastolan lantzen duten 2ZIA proiektu pedagogikoa izan da ardatza, kasu honetan, Zumeagak azaldu zuenez: “Zubimusun ikaslea da ikaskuntza prozesuaren ardatza, eta bakoitzak bere gaitasunak garatzeko eta zailtasunak gainditzeko hezten ditugu, beti haurraren garapen naturala errespetatuz”.

Kilometroak Astean ere bertako komunitatea jarri nahi izan dute erdigunean. Koronabirusak ikasgeletan sortutako zailtasunak egitaraua osatzeko izandakoekin parekatu zituen Nerea Zumeagak, eta emandako erantzuna nabarmendu: “Ikasleek egiten duten moduan, sortu diren zailtasunak gainditzeko lan egin dugu, ekintzak gaur egungo egoerara egokituz”.

Ikastolaren aldeko jai handiaren ordezko izango den “egitarau xumeago bat” prestatu dutela azaldu zuen Gaizka Ezeiza Kilometroak jaiaren koordinatzaileak. Xumea izanagatik, “balioetan oso aberatsa” izango dela azpimarratu zuen, eta “Kilometroak jaiak duen muinari sakonean” helduko diola. “Herrigintza, kultura, hezkuntza, herritartasuna, transmisioa eta erresilientzia oinarri hartuta antolatu da egitaraua”, adierazi zuen.

Edonola ere, egitarauak gaur egungo egoerara egokituta egin beharko direla ohartarazi zuen Ezeizak, eta, hortaz, ezinbestekoa izango dela aldez aurretik sarrera eskuratzea ekitaldi guztietarako. 10 euroko prezioa izango dute bertso saiorako sarrerek, eta, gainerako ekitaldiak doan izango badira ere, nahitaezkoa izango da sarrera eskuratzea, joan ahal izateko. Bukatu bitartean, kilometroak.eus webgunean izango dira eskuragai.

Ardura partekaturantz

Duela bi urte, Ikastolen Elkarteak deliberatu zuen Gipuzkoako beste ikastolek ere nolabait parte hartuko zutela Kilometroak jaiaren antolaketan, jaia deszentralizatu eta antolatzearen ardura duen ikastolari zama arintzeko asmoz. Aldaketa ez da nahi bezala gauzatu, Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak aitortu zuenez, baina zenbait urrats eman direla azaldu zuen: “Pandemiak gure asmoak behar bezala garatzen utzi ez arren, eredu berriaren planteamendua hasi da fruituak ematen, egin ditugunak geratzeko etorri direlako”. Adibidetzat jarri zituen arropa salmentan nahiz Tanta zozketarako txartelen banaketan lurraldeko ikastolek egindako ekarpena, eta gogora ekarri zuen oraindik ere zozketan izena emateko aukera dagoela, Kilometroak.eus webgunean.

Promozioan ez ezik, jaialdi nagusiaren osagarri diren jai txikiagoak antolatzen ere lagundu dute zenbait herrik. Tolosaldeko eta Oiartzualdeko ikastolekin batera antolatutako Milimetroak jaialdiak nabarmendu zituen Artolak. Era berean, hartutako norabidean sakontzeko asmoa adierazi zuen, haren arabera, eta ikastolen arteko lankidetza sustatzearen alde egin zuen: “Kilometroak ez da jaialdi huts bat; ikastolen arteko lankidetza sarea da, gure komunitatea zaindu eta elkar elikatzeko egitasmoa. Kilometroak euskaraz bizitzeko espazioa da”.

Egitaraua

Gaur
18:00. Pello Mari Otaño bekaren aurkezpena, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean.
19:00. Zirtotsak bertso saioa: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
Bihar
12:00. Kalean osto, etxean uso antzezlana, Villabonako Errebote plazan.
20:00. Andoni Oilokiegiren kontzertua, Villabonako Errebote plazan.
Igandea
11:00. Lekukoaren emate ekitaldia, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan.
12:00. Zer ginake gure amon-aitonik gabe? ekitaldia, Zubimusu ikastolako Txermine eraikinean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.