Digitala eta humanoa, batuta

Digitala eta humanoa, batuta

Ikerne Zarate

Humanitate digitalak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da hilaren 10ean UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatu duten Errenteria 700 urte: herria eta teknologia jardunaldiaren bidez. Teknologia sortzen, erabiltzen eta eraldatzen doan heinean, izakia bera ere eraldatzen ote doan aztertzea dute egiteko nagusietako bat humanitate digitalek, beste askoren artean. Jardunaldien itzaletik ariko da Xabier Landabidea ikerlari, irakasle eta UEUko kidea; hura izan da Errenteriak hartuko duen jardunaldiaren sustatzaileetako bat. “Errenteriak bere historia luzean zehar bizi izan dituen eraldaketa teknologiko eta sozial handien gaineko hausnarketa zabalduko dugu, nondik gatozen, nor garen eta bereziki etorkizunean izan nahi dugunaren inguruan elkarrekin hausnartzeko”, azaldu du Landabideak.

Aurtengo apirilean bete dira 700 urte Errenteria hiribildu gisa eratu zenetik, eta urteurrena herriaren historia orainarekin eta etorkizunarekin lotzeko aukera paregabea dela dio ikerlariak. Atzera begiratzea proposatu du: “Mundu guztia dago etengabe obsesionatuta berrikuntzarekin, ahalik eta modernoena izateko lasterketa ero xamarrean, eta batzuetan modernoena atzera begiratzea da, gure historiari erreparatzea”. Alde horretatik, Errenteria “oso leku interesgarria” dela uste du Landabideak: “700 urte horietan eraldaketa teknologiko sakon eta handien protagonista izan da herria. Errenteriari begiratu eta historian zer gertatu zaion kontatuko dute jardunaldietan parte hartuko duten punta-puntako adituek”.

Hiru hitzaldi emango dituzte lau adituk: Lourdes Odriozola eta Miguel Barcenilla historialariek, eta Maitena Urretabizkaia eta Beñat Irasuegi TEKS sareko kideek. Teknologia libreen eta ekonomia sozial eraldatzailearen arloan lan egiten duten enpresa eta kooperatiben sarea da TEKS, behar komunei alternatiba komunak eskaintzeko elkarlanerako espazioa.

Edukia

Lehenengo bi hizlariek udalerriaren bi une historikori erantzungo diote euren hitzaldiekin: itsas industria XVI. eta XVIII. urteen artean, batetik, eta lehen industrializazioa, bestetik. Gainerako biak, berriz, orainalditik abiatuta etorkizunari begira jarriko dira, eta herri bizigarriak eraikitzeko gakoak emango dituzte.

Teknologia digitalek herriak bizigarriago egiten ote dituzten jardunaldian bertan erantzungo dute TEKS sareko Beñat Irasuegik eta Maitena Urretabizkaiak, eta Xabier Landabideak usaintzen du haiek esango dutena: “Uste dut esango digutela teknologia ez dela ez ona ezta txarra ere, ez dugula ez alde ez kontra egon behar. Umberto Ecok planteatu zuen bi tipo ideal zeudela: apokaliptikoak eta integratuak. Apokaliptikoek pentsatzen dute teknologiak guztia okerrera eramango duela: kontrola, monopolioen ugaritzea, boteretsuek kontrol handiagoa eta ez boteretsuek gutxiago izatea. Integratuek, berriz, teknologiak gure arazo guztiak konponduko dituela diote”.

Integrazioaren alde jarri du balantza Landabidea ikerlariak. “Aukera egote hutsak ez du bermatuko horiek zuzen erabiliko ditugunik; modu egokian erabiltzen asmatzea da gakoa. Bide horretatik arituko dira Irasuegi eta Urretabizkaia; teknologia digitalak geuk sor ditzakegula, geuk asmatu nahi ditugun herriak eta nahi ditugun bizitzak eraikitzeko”.

Torrekuako ikerketa gunea

Jardunaldien oinarrian, UEUk eta Errenteriako Udalak duten lankidetza hitzarmena dago. Horren barruan, orain urtebete abian jarri zuten Humanitate Digitalen Ikerketa Gunea, Torrekua eraikinean. Humanitate digitalak Euskal Herriko perspektibatik mahai gainean jartzea du helburu gune horrek, baina helburu berritzaileagoa ere baduela dio ikerlariak: “Ohituta gaude unibertsitateak bere kabuz lan egin dezan, artikuluak eta ekarpenak zirkulu itxietan egin ditzan. Ideien zirkulazioa nahikoa endogamikoa izaten da, eta Errenteriako ikerketa gunean muga horiek eraitsi nahi ditugu. Akademia administrazio publikoarekin eta sare produktibo-kooperatibo, enpresarial lokal eta nazionalarekin harremanetan jartzea da asmoa. Agente ezberdinekin lan egingo dugula da guneak eskaintzen duen elementu zirikatzaileena eta interesgarriena; egunerokoan joko eremu ezberdinetan ari garen eragileak gonbidatu nahi ditugu eztabaidara”.

Ikerketa gune horren lehen ekitaldi publikoa izango da urriaren 10eko jardunaldia, baina ez bakarra. Abenduan Humanitate digitalak Euskal Herritik jardunaldia egingo dute Errenteriako Merkatuzar aretoan. Ohikoak diren kongresu akademikoez aldendu eta askotariko eragileak gonbidatuko dituzte topaketa horretara, elkarrekin hausnartzeko. “Arte ederretan ari direnekin, enpresekin, sorkuntza lantzen dutenekin, ikus-entzunezko sarean konpartitzeko plataformak sortzen dituztenekin aritu nahi dugu”, zehaztu du Landabideak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.