Lankidetza platerkada bat

Lankidetza platerkada bat

Karmele Uribesalgo

Donostiako Herrera auzoan martxan jarri duten proiektu komunitarioa da Sucalde. Auzotarren jateko beharra asetzen lagundu nahi du proiektuak. Kontsumo kolektibizatuaren bitartez, herritarrentzako jakiak prestatu eta kostuak parte hartzaileen artean ordaintzen dituzte. Uztailean lau asteko probaldi bat egin ostean, bigarren txanpari hasiera emango diote urriaren 12an; hamar astez laurogei partaideri jaten ematea da asmoa.

Herrerako sukaldearekin, asmoa da, esate baterako, auzotarrek denbora gutxiago behar izatea euren eguneroko bizimodua egiteko, baita osasunean eragin positiboa izatea ere. Sucalderen sustatzailea da Xenki Berho, Aitor Mirayarekin batera. Berhok azaldu duenez, jasangarritasuna ere bada ekimenaren printzipioetako bat, eta tokikotasuna sustatu nahi dute. Horretarako, ontzi berrerabilgarrietan zerbitzatzen dituzte jakiak, eta tokiko ekoizleekin harremanean daude. Horrez gain, euskara ere zutabetzat dute. Auzotarrei zerbitzu horretan euskara erabiltzea ahalbidetzen diete, eta hizkuntza hori ikasten ari direnentzat ere interesgarria izan daiteke, praktikatzeko aukera ematen baitiete.

Duela hiru urte inguru ekin zioten proiektuari Emanhar elkartetik, Herripe auzo elkartearen laguntzarekin, eta baita hainbat norbanakoren ekarpenekin ere. Berhoren hitzetan, kooperatibismoaren izpiritutik abiatu zen ekimena, eta horri gehitu behar zaio Herreran dagoen komunitate giroa. Sustatzaileak azaldu duenez, proiektua bera motor bat bilakatu da, jarduera ekonomiko batean. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da Sucalde, eta lortutako dirua proiektuan inbertitzen dute: “Ekoizpen bat izatea lortu dugu, eta horrek sortutako etekinak auzora bideratzea”. Auzo|co izeneko plataforma batean jarri dute martxan. Auzo|coren helburua da Herrerako herritarren arteko lankidetza sustatzea, eta hainbat egitasmotan jarduten dute.

Beharretara egokituta

Jakiak auzoko elkarte gastronomikoetan prestatzen dituzte. “Azpiegitura horiek astean zehar ez dira apenas erabiltzen, eta, horrela, optimizatu egiten ditugu”, adierazi du Berhok. Parte hartzaileek menu osoen edo erdien aldeko hautua egiteko beta dute, astean bost edo hamar plater aukeratzeko. Horren barruan, lehenengo platerak, bigarrenak ala biak aukera daitezke. Prezioei dagokienez, hilean 55 eurotik hasi eta 140 eurora artekoak dira tarifak.

Uztailaren 6tik 31ra egindako lehen probaldian, sukaldari bat izan zuten lanean, astelehenetik ostiralera, goizez. “Zenbait boluntario ere izan ziren, erretiratu batzuk edo oporraldian zegoen gazteren bat, eta hori ere interesgarria da”, gaineratu du. Arratsalderako libratu egiten dituzte elkarteak, eta jakiak Auzotegia izeneko Herripe auzo elkartearen lokalera eraman. Leku horretan egiten dituzte banaketak astelehenetan eta asteazkenetan. “Modu horretan, aste barruko beharrak asetzen dira”, adierazi du.

50 lagun inguruk parte hartu zuten lehen probaldian, eta balorazioa “oso positiboa” izan dela azpimarratu du Berhok: “Hasiera guztietan gertatzen den bezala, tentsio uneak izan ziren, baina berehala izan ginen egonkortzeko gai”. Gaineratu du parte hartzaileek oso ondo baloratu zituztela, esaterako, komunikazioa, jakien kalitatea, prestatzeko modua eta funtzionamendua. Berhoren esanetan, egitasmoa erabilgarria izan da, adibidez, lanean dagoen gazte batentzat edo sukaldean aritzeko moduan ez dagoen 90 urteko emakume batentzat. “Ikusten da behar bat asetzen duela, eta zentzua duela proiektuarekin jarraitzeak”, adierazi du.

Donostiako Herrerako sukalde komunitarioko zenbait ontzi

Bigarren txanpa hastear

Urriaren 12an hasiko dute hurrengo txanpa, eta, uztaileko esperientzia oinarri hartuta, hainbat moldaketa egin dituzte. “Menuak egokituko ditugu, esan digutenaren arabera”, zehaztu du Berhok. Asmoa da laurogei partaide izatea, eta, nobedade moduan, hiru anoako kazolatxoak eskuratzeko aukera emango dute. Izan ere, hainbat erabiltzailek esan diete gustatuko litzaiekeela menuak etxekoekin partekatzea. Sukaldari bakarra izan beharrean bi edukitzeko asmoa ere badute, baita komunikazioaz eta kudeaketaz arduratuko den beste langile bat ere. Horretaz aparte, janaria eramateko eta ekartzeko ontziak moldatu dituzte, lehengoak oso handiak zirela ondorioztatuta. “Zenbait ikasketa izan ditugu, eta kontuan izango ditugu hemendik aurrera”, adierazi du.

Sucalderen oinarrietako bat konpromisoa da, Berhoren hitzetan: “Lortu behar dugu formula bat jendearen jarraitutasuna bermatzeko, baina gehiegizko konpromisorik eskatu gabe”. Orain, hamar asteko fase bati ekingo diote, baina bi zatitan banatuko dute, parte hartzaileek aipatutako gehiegizko konpromisorik har ez dezaten. “Modu horretan, bost astez arituko dira, eta, gustura baldin badaude, luzatzeko aukera izango dute”, zehaztu du. Antolaketa lanei ekin ahal izateko, izena emateko azken eguna irailaren 30a izatea hitzartu zuten. Hala ere, interesa dutenak edozein momentutan eman dezakete izena, nahiz eta epe hori pasatu. Berhok azaldu duenez, partaide kopuruaren muga gaindituz gero, itxaron zerrenda bat sortuko litzateke, baina ateak zabalik ditu Herrerako Sukaldera batu nahi duen edonork.

Berhoren ustez, “garaia da” gisa horretako proiektu bati ekiteko: “Larrialdiko hainbat egoera ditugu aurrean, eta horrek eskatzen du herritarren arteko parte hartze kolektiboa”. Aldaketa klimatikoa, gizarteko desorekak eta polarizazio kulturala aipatu ditu, besteak beste. Haren iritziz, interesgarria izango litzateke beste auzo edo herri batzuetan antzeko egitasmoak martxan jartzea. “Sucalde bezalako proiektuei esker, norbanakoen jabetasun bat sustatzen dugu, gaur egungo indibidualismotik harago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.