“Zergatik egiten duzun argi baldin baduzu, eutsiko diozu presioari”

“Zergatik egiten duzun argi baldin baduzu, eutsiko diozu presioari”

Miren Garate

Begi asko egoten dira eliteko kirolariei begira, batik bat kirol jakin batzuetan. Aurreko mendearen bukaeran presentzia hori baliatu nahi izan zuen Xabier Mikel Errekondo (Usurbil, 1964) eskubaloi jokalariak euskararen aldeko zenbait neurri bultzatzeko.

1987an fitxatu zintuen Bidasoak, eta hasieratik erabaki zenuen euskaraz bakarrik ematea elkarrizketak. Nolatan?

Elitera iritsi nintzen garai hartan, 22 urte nituen. Unibertsitatean ari nintzen ikasten, eta eskubaloian jokatzen nuen. Larrituta nengoen komunikabideetan dena erdaraz egiten zelako, eta errebelatu egin nintzen. Aurrena, nire buruarekin, unibertsitatean ere egunaren zati handi bat erdaraz ematen nuelako, eta erdararako joera handia nuelako. Bidasoara iritsi orduko, argi neukan gauza batzuk euskaraz eginarazi behar nizkiola klubari: kontratua euskara hutsean nahi nuen, partidetako musika, sarrerak eta megafonia euskaraz izatea… Eta lortu nituen gauza batzuk. Horri lotuta, ni euskalduna izanik, elkarrizketak euskaraz bakarrik egingo nituela erabaki nuen.

Nola hartu zuten zure erabakia klubak nahiz komunikabideek?

Hasieran otsoa bezala jarri zitzaizkidan, baina berehala konturatu ziren nahiko gauza logikoak eskatzen nituela. Beñardo Garcia zen presidentea, eta ea zer uste nuen erantzun zidan, baina delegaturen batek segituan esan zion egingarria zela eskatzen nuena. Ni nahiko tinko jarri nintzen, eta klubak ez zidan presio handirik egin. Komunikabideei dagokionez, orduan irratiak ziren gehienak. Batzuek ez zuten ondo hartu, baina ez nuen erabakia aldatu.

Espainiako taldeetan aritu zinen ondoren: Santanderren eta Ciudad Realen.

Noski, haietan ez nituen eskatu Euskal Herriko hizkuntza irizpideak. Badut anekdota bat: Santanderren nengoenean, tokiko aldizkari batek elkarrizketa bat egin nahi zidan, eta esan zidaten ezagutzen zutela lagun baten senideren bat, eta euskaraz nahi banuen egin, moldatuko zirela itzultzeko. Esan nien lasai egoteko, euskara Euskal Herrian aldarrikatzen nuela.

Iruñeko Portlandera joan zinen gero. Zein izan zen zure jokabidea han?

Han ere komunikabideei esan nien euskaraz bakarrik eman nahi nituela elkarrizketak, eta presidenteak deitu zidan esanez ea zer astakeriatan ari nintzen. Nire iritzia eman nion, eta ez zela posible esan zidan. Adostu genuen euskaraz ematen nuen elkarrizketa bakoitzeko beste bat emango nuela gazteleraz.
Udan, Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria Athleticeko jokalariek euskaraz bakarrik iragarri zuten ez zutela taldean jarraituko, eta hainbat kritika entzun behar izan zituzten.

Zenbateraino bihur dakioke presio jokalari bati euskararen alde egitea?

Txio huts bat izan zen haiena, eta gertatu zena gure errealitate gordinaren erakusle da. Euskararen zama nagusietako bat izan da gauza txikietarako bakarrik balio duela pentsatzea, eta euskara mundu mailan erreferentea den jarduera batean edo futbolaren erreferentzia hainbestekoa den gizarte batean jarriz gero, hizkuntzaren etsaiak diren horiek sutan jartzen dira. Elitean zabiltzanean presioarekin ohituta zaude, nahiz eta presio hori beste mota batekoa izan ohi den. Hala ere, egiten duzuna zergatik egiten duzun argi baldin baduzu, eutsiko diozu presioari.

Nola bizi izan duzu kirol munduan euskararekiko egon den jarrera?

Interes handiarekin. Elitean izateak komunikabideetan oihartzuna izateko aukera ematen dizu, eta euskararen aldeko jarrera baduzu eta gauzak txukun egiten badituzu, herritarrengana eta beste kirolariengana iristeko aukera izan dezakezu. Pauso tinkoak beti dira inportanteak. Alde horretatik, oraindik helburua urrun egon arren, Realaren erabakia interesgarria iruditzen zait, parrila sozial inpontante batean jartzen duelako euskararen garrantzia, futbolak hori ematen dizu. Kuantitatiboak etorri beharko du, baina argi dago kualitatiboak laguntzen d­uela bide horretan.