“Batik bat zerbitzu publikoaren ideia dago sare neutroen atzean”

M. Garate

EHUko Informatika Fakultateko irakaslea da Jose Maria Rivadeneyra, Internetarekin lotutako sare-teknologietan aditua. Kontatu du Gipuzkoan ez direla oso ohikoak sare neutroak, baina Europan zenbait txokotan arrakasta handia dutela. Stockholmeko kasua aipatu du. Udalak egindako sarea bakarrik dute hiri horretan, baina operadoreen artean dagoen lehia medio, kalitate oneko zerbitzua jasotzeko aukera dute herritarrek, prezio onean.

Noiz da sare bat neutroa?

Sare bat neutroa dela esaten dugunean, ulertzen da sarea ez dagoela operadore baten zerbitzura, baizik eta irekita edozein operadorek erabili ahal izateko. Azpiegitura bat jartzen da, adibidez zuntz optikoa, eta azpiegitura hori edozein operadorek erabil dezake. Pentsa daiteke gainerako sareak ere neutroak direla, legeak behartu egiten duelako operadore nagusia —normalean garai batean publikoak ziren azpiegiturak bereganatu dituena— gainerako operadoreei ere sare hori alokatzera, baina hori ez da sare neutroa, ez delako sare ireki bat.

Sare neutroak ohikoak al dira Gipuzkoan?

Konpainiek sare propioak izatera gaude ohituta gu, eta horiek etekina ateratzeko jartzen dituzte beren azpiegiturak. Sare neutroei buruz ari garenean, Guifi.net-i buruz edo azpiegitura publikoei buruz ari gara gehiago, eta horiek ez dira hain ohikoak. Euskal Herrian, adibidez, zenbait udalerriek badituzte beraien sare propioak, adibidez hiriburuetan, , eta kasu batzuetan alokatzen dizkiete enpresei, baina horiek neutroak direnik ere ezin da esan, izan zitezkeen, baina beste baldintza batzuetan, askoz irekiagoak izanda eta abar. Batik bat zerbitzu publikoaren ideia dago sare neutroen atzean: errepide bat bezala dira, behar duenak erabiltzen ditu, jarritako baldintzetan.

Zure ustez, udalek sartu behar lukete halako inbertsioetan?

Betiko eztabaida da: batzuek uste

dute sare pribatuak jartzea hobe-

to dela kudeaketa eragingorragoa

lortzeko, baina nire iritziz, kudeaketa ona ez dago lotuta jabetza pribatuarekin. Oso positiboa da udalek inbertsioak egitea eta azpiegitura bakar bat izatea, amankomuna, eta gero, hortik bideratzea zerbitzua, konpetentziari irekia. Ekonomikoki eragikorragoa da, azpiegiturak ez direlako bikoizten. Eta, gauzak ondo eginez gero, udalek egindako inbertsioa berreskuratu daiteke, azpiegitura horiek ustiatuko dituzten konpainiei alokairu bat kobratuta. Europan, adibidez, badaude halako esperientzia arrakastatsuak.

Aipa dezakezu horietakoren bat?

Suedian, Stockholmeko Udalak bere sarea jarri zuen, eta azpiegitura bakarra dute hirian, eta hainbat operadorek eskaintzen dituzte zerbitzuak haren bidez; aldi berean, sare horrek etekinak ematen dizkio udalari, eta erabiltzaileek kalitatezko zerbitzua jasotzen dute prezio onean, lehia handia dagoela operadoreen artean. Sarea da publikoa, baina operadoreen artean lehia dago.

Sare neutroei lotuta, burujabetza teknologikoaren gaia ere agertu ohi da. Alde horretatik, zer ekarpen egin dezakete sare horiek?

Nik ez daukat hain garbi hori. Burujabetza hitzak pentsarazten dit erabiltzaileak berak, azpiegitura eraikitzen den modu berean, zerbitzua kudeatu ere egingo duela, eta zaila ikusten dut hori. Zentsura aipatzen denean, sare neutroen gaitik sareen neutraltasunaren gaira goaz. Zuzenbidean erabiltzen den kontzeptu bat da, eta esan nahi du sarean dabilen trafiko guztia modu berean tratatuko dela, operadore batek ez dituela erabiliko bere azpiegiturak batzuen trafikoa lehenesteko. Zentsura ez da egiten gure azpiegituran bakarrik, hortik kanpo ere egiten da; beraz, eskatzen du harago joatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.