Etorkizuna irudikatzen

Etorkizuna irudikatzen

Beñat Alberdi

Eraikiko denari begira jarrita dago Debagoiena 2030 sarea. Hala, luzera begira, 2050erako, eskualde adimentsua, inklusiboa eta klima aldetik neutroa lortu nahi dute. Luze gaberako, dena den, zehaztuta daukate zeintzuk izango diren lehenengo urratsak.

Hainbat eragilek osatzen dute sarea. Publikoek, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoieneko Mankomunitateak, adibidez; eta pribatuek, bestetik, Mondragon Unibertsitateak eta ULMAk, kasurako. Ekinbidea 2019an hasi zuten. Harrezkero, hausnarketa bideratu dute hainbat eragilerekin. Horrela finkatu dituzte sei eremuak: Lanaren etorkizuna, Energia, Mugikortasuna, Elikadura sistemak, Hezkuntza, Ekonomia zirkularra, Inklusioa eta Komunitatea. Horien barruan eratu dira proiektuak:

1.
BASO JABEEN KOOPERATIBA

Tantai dauka izena Errez kooperatibak gidatu duen proiektuak. Ikerketa, basoen kudeaketa jasangarria eta hezkuntza dira elkartearen helburuak, eta, hor kokatu dute Tantai. Baso jabeen kooperatiba sortu nahi dute, ustiapen eredu iraunkorrago bat lortzeko bidean.

2.
JANGELAK HORNITZEN

Eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitu nahi ditu ekinbide honekin EreinDaJan Bergaran abiatutako proiektuak. Osasunak jarritako erronkari elikadura eta kontsumo jasangarriaren sektoretik, modu kolektiboan, erantzun nahi diote. Elikadura kateko katebegiak saretu eta sinergiak bilatu nahi dituzte.

3.
HAZI BERRIAK

Bazterkeria arriskuan dauden pertsonei proiektu integrala eskaini nahi die Hazi Berriak egitasmoak. Gaur egun lanean diharduen elkarte bat dauka oinarri: Guhaziakgara. Bazterkeria arriskuan daudenen eta ez daudenen artean elkartze puntuak sortzea du xede. Elkartea bera aldatzea izango da proiektuaren jomuga; hots, gizarte eta lan inklusiorako saltoa egitea.

4.
ARIZMENDI – TORREBASO

Etorkizuneko gizarte iraunkorra irudikatzea da Arizmendi Ikastolak gidatutako egitasmoaren xedea. Almen gunea bihurtuko dute prototipo, eta hainbat helburutarako konponbideen prototipoak diseinatuko dituzte; jangelarena, espazio iraunkorrena eta mugikortasunarena, besteak beste.

5.
ANTZERKI PLATAFORMA

Debagoienean plataforma bat garatzea da helburua. Eskualdeko arte eszenikoen eta kultur arlotik egingo den herrigintzaren sostengu izango den plataforma izatea nahi dute, eraldaketa soziala eta gizarte askotariko, enpatiko eta kohesionatu bat sortzeko. .

6.
D2030HUB

Kasu honetan, Goiena komunikabidearena da ideia. Hedabideen komunitatearen parte hartzea sustatu nahi dute. Parte hartzeko kanalak irekiko eta sustatuko dituzte, elkar elikatzean jauzi bat egiteko. Prototipoarekin forma emango diote elkarri eragiteko modu berri bati.

7.
BIRGAITZEN

Etxebizitzetako konfort baldintzak hobetu, eta CO2 isuriak murriztu daitezkeela frogatu nahi du H-Enea enpresak, pilotu baten bidez. Isolamendu soluzioa era kolektiboan eta prezio eskuragarrietan eskainiko diete errenta txikiko pertsonei, zein pobrezia energetikoa paira dezaketenei.

8.
FV ETXEAN

Autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak jartzea daukate helburu Ekitermik, Arrasateko Udalak eta H-Eneak. Ezartzeko prozesua abiatuko dute lehenengo; etxebizitza komunitate batean ezarriko dute eta eraginak neurtuko dituzte, ondoren; eta, azkenik, zabalkunde prozesua garatuko dute.

9.
ENERGIA KOMUNITATEA CER

Energia komunitate berriztagarria sortzea izango du helburu Goienerrek sustatutako proiektu honek. Parte hartzaileak identifikatuko ditu, eta berriei zabalik mantenduko da. Komunitateen jarduna aztertuko du, eta funtzionamendu arauak zehaztea izango du haren lana, komunitateari onura nagusiak bermatzeko.

10.
BEROA BERRESKURATZEN

Industriako bero soberakina aprobetxatuz, energia elektrikoa sortzeko proiektua bideratuko du Ekitermik-ek. Zehazki, metalen tratamendura zuzentzen diren enpresa industrialetan, tratamendurako, beroketarako edo fusiorako erabiltzen diren labe industrialek kanporatzen duten beroa erabili nahi dute argindarra sortzeko. Egitasmo honekin, alferrik galtzen den beroa erabiiko dute fabrikaren eskariaren zati bati erantzuteko.

11.
TALENT HOUSE

Mondragon Unibertsitateak buruan dauka Debagoiena esualdera talentua erakartzea, eta, ondoren, bertan mantendu ahal izatea. Horretarako, azpiegitura, ekipamendu, kultur jarduera eta zerbitzuen proiektu bat sortzeko asmoa dauka.

12.
E-LABS

Industriaren trantsizio iraunkorrerako elkarlana du helburu proiektu honek, eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa du gidari. Gizartearentzat zabalik egongo den espazio bat izango da, elkarlanean oinarrituta. E-labs-ek eskualdeko industria enpresen eraldaketan lagundu asmo du, eta isurien gutxitzearekin eta ingurumenarekin lotutako helburuak lortzeko irtenbideak bilatzen ahaleginduko da.

13.
IKASKUNTZA SOLUZIOAK

Lanaren edukia etengabe aldatzen ari dela kontuan hartuta, eta, horretara egokitzeko asmoarekin, langileen birkualifikazioa begiz jo du egitasmo honek. Langileei orain dagozkien eta aurrerantzean ere egokituko zaizkien dituzten trantsizio profesional sakonetan jarri du fokua proiektuak.

14.
PLATFORM COOPS

Digitalizazioan garaian negozio eredu berrietan tresna eta eredu berriak bilatu nahi dituzte; langileentzat, hornitzaileentzat eta ingurunearentzat hobeak izango direnak. Horretara bideratuko dute kooperatiba plataforma, onuraduna ez dadin bakarrik jabea izan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.