Musika doinuek etenik izan ez dezaten

Musika doinuek etenik izan ez dezaten

Rebeka Ruiz

Bihar ekingo diote 2020. urteko Fenomena jaialdiari, Hondarribian. Musikazaleen eta adituen presentziak udalerriko txoko eta bazterrak beteko ditu asteburu osoan. Aurten, gainera, bi egunez egingo dute jaialdia, debalde, eta izurrira egokitutako formatuan, Ernesto Villar antolakuntzako kideak azaldu duenez. “Eromena” izan da haren hitzetan aurtengo Fenomena antolatzea; areago, zailtasunak ikusirik, aurten jaialdirik ez egitea ere planteatu zuten, baina sektorearekin, musikariekin zein teknikariekin, konpromisoa berrestea hobetsi zuten azkenean.

Hala, izurriak aurrera egin ahala, hasieran aurreikusitako taldeen zerrenda aldatu zela azaldu du Villarrek: “Ameriketako Estatu Batuetako bi talde eta Ingalaterrako beste bat etortzekoak ziren hasieran, baina, koronabirusaren bilakaera dela medio, eta euren herrialdeetara itzultzean bete beharreko berrogeialdia dela eta, jaialdian parte hartzeari uko egin zioten azkenean”. Hori horrela, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako musikariekin osatu dute kartela.

Fenomenak bost urte

Bosgarren ekitaldia izango du aurten Fenomena jaialdiak. Bertan parte hartzen duten musikariak aukeratzeko garaian bi irizpide hartzen dituzte kontuan, Villarren arabera: “Nortasun handia” izatea batetik, eta “bizirik egotea” bestetik. Hortaz, kartelburuak erortzean, bi irizpide horiek kontuan hartuta inguruan bilatzea erabaki zuten antolatzaileek. Horrela, Left Hook talde bidasotarraren stoner doinuek irekiko dute bihar jaialdia, eta, ondoren, Maika Makovski Mallorcako (Herrialde Katalanak) kantariaren eta haren bandaren erritmoek girotuko dute festibala.

Etziko prestatutako kontzertuen artean, Joseba Irazoki berriro izango da Fenomena jaialdian; oraingoan, ordea, Elena Setien musikariarekin abiatutako proiektua taularatuz. Horrez gain, Cuello Valentziako taldearen (Herrialde Katalanak) “rock urduria” ikusteko aukera izango da. Crudo Pimento (Espainia) taldearen doinu bereziak izango dira asteburuko azkenak. Horrez gain, Cabezafuego musikari nafarrak Euskal Herritik Armeniaraino egindako bidaia solasaldi “soniko batean azalduko du.

Jaialdiko emanaldietara joatea doan izango da, baina gonbidapenak jasotzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute antolatzaileek. Gainera, emanaldien artean egin beharreko desinfekzio lanak direla eta, gonbidapenak talde bakoitzeko jaso behar direla nabarmendu dute. Hala, “espazio segurua” sortze aldera, publikoak protokoloak betetzen lagun dezala eskatu du Villarrek.

Euria eginez gero musika jaialdia Kasino Zaharretik Jostaldi pilotalekura lekualdatuko dutela gaineratu du.

Egitaraua

Bihar

17:00.Left Hook.

19:30. Maika Makovski.

Igandean

12:00. Cabezafuego musikariaren solasaldi sonikoa, kultur etxean.

17:00. Elena Setien eta Joseba Irazoki.

19:30.Cuello.

22:00.Crudo Pimento

Leave a Reply

Your email address will not be published.