Sareak josi eta harremanak estutu

Sareak josi eta harremanak estutu

Karmele Uribesalgo

Eskualdeko talde feministak saretzeko sortu zen Buruntzaldeko Neska* Gazteak taldea. Harremanak sendotu eta esperientziak partekatu nahi dituzte talde hori osatzen duten dozena bat partaideek. Mugarri izan ziren irailean Andoainen, Hernanin, Lasarte-Orian eta Usurbilen egindako topaketa feministak. Horien bitartez, taldearen nondik norakoak zehazten hasi nahi zuten, eta proiektuak hartuko zuen norabidea finkatzeko asmoa ere bazuten. Behin hori argituta, hainbat egitasmo egingo dute datozen hilabeteetan.

Talde horretako kide Malen Azpiazuk azaldu duenez, eskualdeko neska gazteek dituzten ezaugarri komunak kontuan izanda erabaki zuten proiektua martxan jartzea: “Ikusita Buruntzaldeko neska gazteok zapalkuntza bera jasaten dugula eta problematika berak ditugula, saretze bat egitea garrantzitsua iruditu zitzaigun”. Elkarlan horrek hainbat bide ireki dizkie. Bildutako informazioa eta lortutako esperientzia herri batetik bestera eramateko aukera ematen die talde bat eratzeak. “Antzeko errealitateak ditugu bailarako herrietan, eta, ekintza batek funtzionatzen badu, gainerakoetan aplikatzea errazagoa izango da”, adierazi du. Horrez gain, Azpiazuk azpimarratu bezala, edozein beharren aurrean erantzun bateratu eta indartsu baterako beta emango die Buruntzaldeko Neska* Gazteen taldeak. Susi Sanz ere talde horretako kidea da, eta inportantea iruditzen zaio indar batura hori: “Garrantzitsua da ikustea feminista asko garela, eta beste herrietakoak ere gurekin daudela; ez gaudela bakarrik”. Gaineratu du seguru sentitzeko espazio bat sortzeko beharra zutela, eta nabari du aratutako taldeak premia hori asetzen duela.

Maiatzean ekin zioten taldea osatzeko lanari, eta topaketa feminista bat jarri zuten jomugan. Udan egitea zen hasierako asmoa, baina egoera epidemiologikoak baldintzatuta, ikasturte hasierara atzeratu behar izan zuten. Gauzak horrela, irailaren 19an egin zuten topaketa, Harrotu eta Erein lelopean. Printzipioz, bi eguneko jardunaldiak antolatu nahi zituzten, eskualdeko herri batean elkartuta, baina COVID-19aren ondorioz adostu zuten bilkurak herrika egitea. Hainbat ekitaldi egin zuten; besteak beste, tailerrak eta jokoak. “Hala ere, erabaki genuen ekintza bateratu bat izan behar zela; kamisetak egin genituen, baita bukaerako ekitaldi bat ere”, azaldu du Azpiazuk. Guztira, Buruntzaldeko 80-90 lagun bildu ziren iraileko topaketetan. “Ikusi dugu feminismoan jarduteko gogoarekin gaudela, eta indar erakustaldi handi bat izan zen”, nabarmendu du Sanzek.neskak1

Feminismoaren gorakada

Aurretik ere indarra hartzen ari zen arren, azkeneko bi urteetan feminismoak gorakada izan duela nabarmendu du Azpiazuk, eta horren adibidetzat ikusten jarri ditu egin izan diren mobilizazioak. Buruntzaldearen kasuan, “oso puntu polit batean” ikusten du mugimendu feminista: “Herri batzuetan taldeak sortzen ari dira, eta beste batzuetan indartzen; esperantza handia daukagu aurrera begira”.

Datozen hilabeteetarako bi data nabarmendu dituzte: azaroaren 25a eta martxoaren 8a. Bi egun horietarako hainbat egitasmo antolatu nahi ditu Buruntzaldeko Neska* Gazteak taldeak, aurreratu dutenez. Horrez gain, urteari amaiera borobila emateko topaketa batzuk antolatu nahi dituzte, erdibidean gelditu direnen arantza kentzeko. “Buruntzaldeko benetako topaketak egiten ahaleginduko gara. Batzeko aukera izango dugu, baita formazioa jasotzeko, elkarren arteko harremanak sortzeko eta ondo pasatzeko ere”, azpimarratu du Sanzek.

Ateak zabalik dituzte taldera batu nahi duen edonorentzat. “Esperantza” dute herritarrak animatu eta talde sendo bat osatuko dutela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.