“Sortze gaitasuna garatua duen pertsona askeagoa da”

“Sortze gaitasuna garatua duen pertsona askeagoa da”

Kerman Garralda Zubimendi

Irati Goikoetxeak (Beasain, 1984) irakasle izan nahi zuen, eta Matematika gradua ikasi zuen. Zenbakiak eta letrak ez dira kontrajarriak harentzat, matematikek asko baitute abstrakziotik eta letretatik. Horiek dira haren bi zaletasunak: zenbakiak ofizio ditu, eta letrak, afizio. Komunikazioa da haren jolasa.

“Matematika irakaslea, irrati esataria, mendizalea, saskibaloi jokalaria, jostaria, ameslaria, ameslaria, ameslaria… idazlea?” zarela jartzen du zure blogean. Medailaren bat falta da?

Ez nuke esango medailak direnik, inondik inora ere ez, baina bai nor naizen eta zer gustatzen zaidan adierazteko zenbait ezaugarri. Halako deskripzioak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, norbera ezagutzeko eta besteei ezagutarazteko. Uste dut garrantzitsua dela halako leiho baten atzean zein dagoen erakustea. Sarri, argazki bat bakarrik jartzen dugu, baina argazkia azaleko irudia da. Irudien garai honetan, arriskua dago azalean gelditzeko.

Duela hamar urte sortu zenuen bloga. Beste deskripzio bat egingo zenuke orain?

Uste dut puzzleak garela, eta bizitzan zehar piezak sartzeko lanean aritzen garela. Hamar urte asko dira, eta urte hauetan nire izateari pieza gehiago gehitu dizkiot: bat gehitzekotan, nire bizitzan eragin handia izan duelako eta oso esperientzia ederra izaten ari delako, ama gehituko nuke. Ez dut uste medaila bat denik, izateko beste era bat baizik.

Eta pieza bakarrarekin gelditu beharko bazenu, zein?

Sortzailea eta konprometitua. Matematika klaseak ematerakoan, klaseak sortu egiten nituen, bat-batean edo bezperan lantzerakoan; irrati esataria izanik, solasaldiak sortzen ditut; mendira noanean, bide berriak sortzea eta aurkitzea gustatzen zait; amak bizitza sortzen du; ameslariak gauzatu nahi dituen erronkak sortu behar ditu… Esplizituki ez dagoen arren, sortzailearen pieza inplizituki badago. Eta irakasle, ama, ameslari… izatearen atzean konpromisoa ere badago.

Sorkuntzari garrantzi handia ematen diozu?

Jaiotzen garenean, denok ditugu sortzaile izateko gaitasunak. Kontua da hezkuntza sistemak, familia sistemak, gizarte sistemak… zenbateraino laguntzen digun sortzaile gaitasun hori garatzen. Sormen guneak behar ditugula aldarrikatu nahiko nuke, sortze gaitasuna garatua duen pertsona askeagoa baita.

Txikitan, zer izan nahi zenuen heldutakoan?

Oso jolastia izan naiz, eta gaur egun ere banaiz. Bere garaian, inguruan nituen panpinak hartu, eta irakasle lanetan jartzen nintzen, zerbait irakatsiz. Ez dakit berbalizatzen nuen handitan irakasle izan nahi nuela, baina egiten nuen horrek islatzen zuen. Bada bide bat gustuko dudana, eta txikitatik argi izan dudana, nahiz eta aukeratzea zaila egiten zitzaidan, azken unera arte duda egin bainuen. Gainera, aita ere irakaslea dut, eta ikusten nuen gozatu egiten zuela. Halako ereduak garrantzitsuak dira.

Helduak jolasean ibiltzea ez da ohikoa izaten.

Edozein momentutan, baloi bat hartu eta entretenitu egiten naiz, izan semearekin edo inguruan dudan edonorekin. Baita naturarekin ere: harri koxkor batekin, adar batekin… Denborapasa jolas bihurtzea gustatzen zait. Ez naiz inoiz izan tabernazalea. Balioa ematen diet momentu horiei, solasean jarduteko aitzakia ederra direlako, baina beste jolasgune batzuetan ere badaude eremuak elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko.

Irakasle izatea hautatu zenuen arren, egun, Nafarroako Gobernuko Bizikidetza alorreko burua zara ogibidez. Iruñean bizi zara.

Tira, ogibidez irakaslea naiz. Baina egia da oraintxe Nafarroako Bizikidetza atalean ari naizela lanean. Hamar bat urte egin ditut irakaskuntzan, eta, une honetan Nafarroako Gobernuan lan egiten dudan arren, pentsatzen dut irakaskuntzara itzuliko naizela, lan ibilbide luzea dudalako aurretik.

Nafarroako Gobernuan lan egiteak asebetetzen zaitu?

Faltan sumatzen dut klaseko adrenalina, baina asebetetzen nau. Akaso, errazena beti egin dudan hori egiten jarraitzea zen, baina, halako aukera bat iristen denean, pauso bat aurrera emateko joera dut, nahiz eta erabaki horrek nire momentuko egoera zailtzen duen. Denoi kostatzen zaigu egoera berrietara egokitzea, baina aberasten gaituzten aukerak dira. Beti da ederra jendea ezagutzea, proiektu berrien atzean zer dagoen ezagutzea…

Sormenarentzako lekurik baduzu oraingo lanpostuan?

Lanaren zati handi bat kudeaketa lana da, administrazioa. Baina, zorionez, ideiak eta proiektuak sortzeko gune aske bat daukat, eta oso eroso sentitzen naiz. Oso proiektu ezberdinak ditugu esku artean, eta horietako bat hezkuntzarekin lotua da: gure gazteak hezi ditzagun memoria, bake, bizikidetza, giza eskubide… balioetan. Eta eremu horretan, pribilegio handia da zer bururatu hori egiteko aukera izatea; buruari eragin eta ideiak martxan jartzeko aukera izatea.

Beharrezkoak dira halako planak? Gorrotoa elkartasuna baino hedatuago dago?

Beharrezkoak dira, baina ezin dira paper hutsean gelditu. Ez nuke esango balantza kontua denik; kopuru kontua denik. Uste dut herri honek elkartasunetik asko duela, baina urteetako gorrotoa pilatuz joan da, eta horrek baditu bere ondorioak. Elkartasuna badago, baina gorroto pixka bat egote hutsak zutabeak dardarka jartzen ditu.

Herriak ez du barkatuko eleberria kaleratuko duzu hilabete batzuen buruan. Oihana izango da protagonista. ETAk aita hil zion 22 duela urte, eta, orain, Katti alabak egiten dizkion galderen ondoren, jabetuko da barruko minak baretzeko zerbait egin behar duela. Erraz idatzi duzu?

Nire lehen lan luzea izan da, eta ez da erraza izan. Diziplina handia behar da eleberri bat idazteko, eta burua kokatu egin behar duzu haria ez galtzeko; eduki aldetik ere ez da erraza izan. Mina eta sufrimendua dituen istorio bat da, baina txikitatik hezi naute giza eskubideen balioetan eta indarkeriaren aurka, eta sentitzen nuen zerbait esateko gogoa eta beharra nuela. Erronka handia izan da, baina gogotsu idatzi dut. Eta irakurri dutenek esan didate nabaritzen dela.

Orgasmus bildumarekin bestelako erregistroetan ibili zinen: erotika, sexua, plazera…

Sexua ez da beti plazera; min asko ere badago. Uste dut sexu heziketan ez garela asmatzen ari. Gure gurasoak oso garai itxi batetik datoz, eta gure belaunaldikook hutsune horrekin hezi gara. Jakitun gara hutsune hori estali behar dela, baina ez dakit asmatzen ari ote garen.

Ez zaizu iruditzen sexua oso presente dagoela, baina, aldi berean, tabua dela? Beldurrik edo lotsarik izan zenuen idazterako garaian?

Aurrez aurre hitz egitea zailagoa da paperean egitea baino. Gainera, paperak dena eusten du. Idazterakoan, ez nuen beldurrik izan, eta uste dut literaturak sexua normalizatzen lagun dezakeela.

Herriak ez du barkatuko, solte idatzi zenuen?

Bai, hor dago gakoa. Elkarbizitza eraikitzeko, lasai hitz egin behar da alde guztien artean.

Eleberria Igartza literatura bekari esker aterako da. Idazle hasiberrientzat beharrezkoak dira halako laguntzak?

Gazte hasiberrientzat bekak motibagarriak dira. Zure lana kalean ikusteko aukera ematen dizute. Argitaletxeak desagertu egiten dira, baina berriak ere agertzen dira. Liburuak kaleratzen jarraitzen dute, eta idazle berriak ere badatoz atzetik. Euskarari ekarpen ederra egiten diote denek. Baina liburuei bizia eman behar zaie; irakurri egin behar dira, hausnartu, hitz egin…, eta horretarako tresnak jarri behar dira.

Badago irakurtzeko ohiturarik?

Ez dut daturik, eta ausart samarra da baietz edo ezetz esatea… Ni Beasaingo eta Ordiziako irakurle taldeetako dinamizatzailea naiz, eta balioa eman nahi nieke. Liburuek atzean kontu sozial asko dituzte, eta irakurle taldeak tertulia talde bilakatzen dira. Irakurleak asko biluzten dira, eta tresna oso indartsuak dira herritarren arteko harremanak estutzeko, gai ezberdinak lantzeko eta eztabaidatzeko, nork bere burua besteen aurrean ezagutzeko. Tertulia guneak ezinbestekoak dira jendarte ederragoak eraikitzeko, eta hori liburu bat aitzakiatzat hartuta egiten bada, are ederragoa iruditzen zait.

Irratian ere ibiltzen zara. Segura Irratiko Itaka saioa gidatzen duzu, eta Euskalerria Irratiko kolaboratzailea ere bazara.

Hemezortzi urte daramatzagu Segura Irratian, eta pertsona bezala hazteko balio izan dit.

Mikrofonoa ala boligrafoa, zer duzu nahiago?

Dena oso nahastuta dago. Irratsaioen aurretik programak idatzi egiten ditut, eta idatzitakoa ahots gora irakurtzen dut. Doinua gustatzen ez bazait, berriz idazten dut.

Eroso sentitzen zara mikrofono aurrean?

Itaka saioan, literatura izaten da ardatz. Gustatzen zaigunetik abiatuta, oso elkarrizketa naturalak sortzen dira. Esateko zerbait duenarekin askatasunez hizketan aritzea sekulako pribilegioa da. Askotan, ez dugu jakiten ea inor entzuten ari ote den edo ez, eta horrek beste patxada bat ematen dizu; biluzteko aukera ematen du, bai galderak egiten dituenari, eta bai erantzuten duenari.

Bertsotan ere ibilitakoa zara.

Hamabost edo hamasei urte arte ibili nintzen bat-batekoan. Ataungo lau bertsolari lagunekin gazte mailako txapela lortu genuen, eta eskolarteko final batera ere heldu ginen. Baina oholtza gainean sufritu egiten nuen. Sormenari beste genero batzuetatik heltzea erabaki nuen. Beno, erabakia bainoago ondorioa izan zen.

Lehiatzea ez zaizu gustatzen?

Nire onena emateko aukera ematen badit, gustatzen zait, baina, garai hartan, bertigo handiegia ematen zidan. Idatzizkoan, gerora ere bertsoren batzuk sortu ditut, baina nahiago ditut poesia eta prosa, askatasun handiagoa ematen didatelako errima aldetik, neurriagatik eta abar.

Orain ez duzu egiten?

Hiru urteko semearekin aritzen naiz. Bertso zaharrak elkarrekin ikasi eta abesten ditugu, eta bertso berriak elkarrekin sortzen aritzen gara. Euskararekin eta kantagintzarekin jolasteko tresna ederra da bertsoa.

Etorri handiko emakumea zara?

Langilea naizela esango nuke, etorri handiko emakumea baino gehiago. Etorriari tira eta bultza egiten diot. Ideiak ez zaizkit besterik gabe etortzen, eta bila joateko joera daukat. Eseri, aurrean paper zuria, eskuan boligrafoa… Jarri naizen horretan dago errota martxan. Sormen lan propio bat egiteko, propio jarri behar naiz, eragin egin behar diot buruari. Halere, proiektu berrietarako burutazioak izaten dira, ideiak baino gehiago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.