Bizitokia kolokan

Bizitokia kolokan

Karmele Uribesalgo

Hernaniko Sagastialde auzoko hamalau familiak etxea uzteko jakinarazpena jaso dute. Bizitoki dotazionaletako maizterrak dira. Bost urteko kontratuak zituzten, eta, epe hori pasatuta, etxeak utzi beharrean daude. Hasiera batean, gazteen emantzipazioa bultzatzeko sortu ziren etxeok, baina askotariko egoeretan dagoen jendea sartu da; besteak bete, 70 urtetik gorakoak, guraso bakarreko familiak, tratu txarren biktimak, adimen urritasuna dutenak eta gaixotasun mentalak dituztenak. Azken batean, ohiko etxebizitzen alokairua ordaindu ezin duten familiak. COVID-19ak eragin duen egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzak sei hilabeteko luzapena onartu die. Dena den, Etxegabetzeak Stop plataformak eskatu du behar den moduko irtenbide bat emateko.

Joan den astean prentsaurrekoa eman zuen Hernaniko Etxegabetzeak Stop plataformak Donostian, Sagastialdeko hamalau familia egoera “zaurgarrian” daudela salatzeko. Idatzi bat bidali zioten Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza saileko ordezkariari, eskatuz etxebizitza duin eta eskuragarri bat eskaintzeko kaltetuei. Lakuak jakinarazi die zenbait familiari beste etxebizitza bat eskainiko dietela. Hernaniko Etxegabetzeak Stop plataformako kide Kike Riañok azaldu duenez, Alokabideren gutunak eta deiak jaso dituzte zenbait etxetan, eta alokairu sozialeko beste etxebizitza batera joateko aukera izango dutela jakinarazi diete. Hala ere, oraindik ez dakite zehazki zeintzuk izango duten aukera hori, ezta gainerakoekin zer gertatuko den ere.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du etxebizitza horietan sartu zirenek bazekitela kontratuak bost urtekoak zirela, eta gero utzi egin beharko zituztela. Riañoren ustez, baldintza horrek ez dauka zentzurik: “Bost urtean egoera konpondu egiten al da?”. Uste du, epe hori pasatuta, ikertu egin beharko litzatekeela familia horiek nola dauden, eta horren arabera erabakiak hartu. Pandemia dela eta, Eusko Jaurlaritzak hedabide baten bitartez adierazi duenez, beste sei hilabetez luzatu dizkiete kontratuak urtarrilaren 31 baino lehenago etxeak utzi behar zituztenei. Hori dela eta, Lakuak adierazi du bizilagunen kexek ez daukatela zentzurik. Kaltetuek aitortu dute urte erdi bateko luzapen horrekin lasaitu txiki bat hartu dutela, eta positibotzat jo dute; hala ere, ez dakite zer gertatuko den egun hori gainditutakoan.

Horrez guztiaz gain, Lakua kexu da, uste baitu bizilagunek esandakoarekin ematen duela Eusko Jaurlaritza “bihozgabeko putre funts” baten gisan ari dela jokatzen. Gainera, azpimarratu dute EAEko gobernuaren helburua ez dela “inondik inora” irabazi ekonomikoak eskuratzea. “Guk eskatzen diegun gauza bakarra zera da, irtenbide bat eman dezatela”, gogorarazi du Riañok.

Pausoak udalean

Plataformako kideek espero dute Hernaniko alkateak auzian esku hartzea. Etxebizitzaren Udal Mahaian aurkeztu dituzte jada hamalau familien kasuak. Riañok adierazi du alkateak konpromisoa hartu zuela afera horretan bitartekari lanak egiteko, eta hitza ere bete duela.

Hernaniko udalbatzak jakinarazi du jende asko dagoela Etxebideren zerrendetan zain, bizitoki dotazionalak lortzeko esperoan. Kaleratzeak Stopek salatu izan du etxebizitza sozialen falta dela horrelako egoerak izatearen arrazoia. “Europako beste herrialde batzuetan, alokairu publikoen parkea hemen baino lau aldiz handiagoa da”, adierazi du Riañok. Hark uste du beharrezkoa dela etxebizitza parke publiko sendo bat sortzea, alokairuen prezioak kontrolatzea eta hutsik dauden etxebizitzak ere herritarrek erabiltzeko moduan jartzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.