Euskarazko lezio zaharrak

Euskarazko lezio zaharrak

Kerman Garralda Zubimendi

I rakasle berria heldu zen Idiazabalera 1884. urteko maiatzaren 13an: Prudencio Iraeta Sudupe. Harekin, aldaketa handia etorri zen, eskolak euskaraz ematen hasi baitzen. “Erabakia badirudi Iraetaren pertsonarekin oso lotuta dagoela”, azpimarratu du Iñaki Arriaran Idiazabalgo zinegotziak. Elizaren hurbileko gizona zen, eta Elizan euskara sarri erabiltzen zen doktrina ulertarazteko. Joera hori hezkuntzara egokitu zuen Iraetak. “Ez dakit horren ezohikoa zen. Seguruenik, Gipuzkoako herri txikietan bereziki, eskolak euskaraz izango ziren”, adierazi du Arriaranek.

Garaiko legeak, baina, ez zuen halakorik onartzen. Zoilo Ripa irakasleak gogor egin zuen maestro vascongado deitzen zitzaienen kontra; hau da, euskaraz jarduten ziren irakasleen aurka, Magisterio Guipuzcoano izeneko garai hartako aldizkarian. “Euskara ez da ezertarako behar instrukzioa jakinarazteko”, defendatu zuen Ripak. Narciso Mendiola irakasleak ere erantzun egin zion, Gaceta del Norte egunkarira bidalitako eskutitz batean: “Medikuak eta gaixoak, gaixoaren barruko gaitzen egoeraren berri izateko, elkar ulertu behar dute. Gaixoak gaztelaniaz ez badaki, herri gehienetan gertatzen den moduan, ezingo dute lortu. Berdin gertatzen da haurrekin eskolan. Irakasle askok gramatikako edo beste edozein ikasgaietako azalpenak eman ostean, euskaraz errepikatzen ditugu, jakitun garelako ez dutela ulertu”.

Mendiolaren arabera, bi hizkuntzak zekizkiten irakasleek emaitza hobeak lortzen zituzten. Ez zen erraza, ordea, euskaraz zekien irakaslerik topatzea. Irakasleak salatzen zuenez, Madrilen “zentralismoak” eta agintarien “kutunkeriak” euskaraz zekitenak baztertu egiten zituzten.

Arriaranek susmoak ditu euskarazko alfabetatzea ez ote zen gaztelaniazko alfabetatzea lortzeko tarteko urrats bat. “Orduko helburua ez zen euskaraz ikastea, euskara erabiliz gaztelania ikastea baizik”. Arrazoi euskaltzaleak eta nazionalistak baztertu egiten ditu. “Idiazabalera nazionalismoa geroago iritsi zen, ia errepublika garaian. Gainera, ez da garaiko inor ezagutzen euskararen defentsa sutsua egin zuenik”.

Teknika eraginkorrak

Iraetak eskolak emateko zuen teknikak bidean galdu dira, baina, helburua edozein izanda ere, eraginkorrak ziren. Mendiolak dioenez, Idiazabal zen, proportzioan, euskaraz alfabetatutako herritar gehien zituen Gipuzkoako udalerria.

XIX. mende amaierako Idiazabal herri euskalduna eta, nagusiki, alfabetatu gabea imajinatu behar dela dio Arriaranek. “Landa eremuko herria imajinatu behar dugu. Garai hartarako jendea hasia zen Ameriketara emigratzen. Horrek esan nahi du pobreak izango zirela, baina aurrerapenak egiteko gogoa ere bazutela”, azaldu du zinegotziak. “XIX. mendearen erdialdera zabaldu zuten Etzegarateko bidea, Nafarroa eta Gipuzkoa lotu zituena. Hortaz, pasoko herria ere bilakatu zen, eta kanpotik jende eta eragin berriak etorri ziren”.

Historia, ondare

Azken 135 urteetan euskarazko hezkuntzak etenaldiak izan ditu, Frankismoan, esaterako. Halere, oraindik Idiazabal euskaraz bizi da hein handi batean, eta egun D ereduan ikasten dute haurrek, Aita Iparragirre Herri Eskolan. “Frankismoaren amaieran bi eskola zeuden: nazionala eta ikastola. Elkartu, eta eskola bakarra eratu genuen”, dio Arriaranek. Derrigorrezko Lehen Hezkuntza amaitu arte egoten dira ikasleak Idiazabalen, eta Beasainera joaten dira gero. “Hori da gure arazoa. Protestak egon ziren, baina hala antolatu zuten, eta dagoena dago”, atsekabetu da zinegotzia.

2020. urteko Ondarearen Europako Jardunaldiek hezkuntza dute oinarri. Idiazabalen erakusketa bat antolatu dute herriko erakusleihoetan. Urriaren amaierara arte egongo dira ikusgai argazki zaharrak, dokumentu historikoak, iraganeko materialak…

Ibilbidea 1663. urtean hasten da. “Lorenzo de Gorrotxategi e Iparragirre” izan zen herriko lehen irakaslea, herriko dokumentuek diotenaren arabera. “Hura izan zen udalak kontratatutako lehen irakaslea, baina aurretik zerbait izango zen. Eliteek, elizgizonen bitartez, irakurtzen eta idazten zerbait ikasiko zuten”, uste du Arriaranek. XVII. mendean ere ez ziren ikasle asko izango, udalak soldata baxua ordaintzen baitzien: 20 dukatekoa. Eta erdiak udalari itzuli behar izaten zizkien alokairuagatik, udalaren jabetzako etxe batean bizitzen baitziren. Eskolak etxean bertan ematen zituzten, gizonezkoak eta emakumezkoak bereizirik. Gorrotxategi urtebetez izan zen irakasle, eta apaiz sartu zen gero. Hurrengo urteetan, Idiazabalek aldizka izan zuen irakaslerik, baina, 1679. urtetik aurrera, etenik gabe izan dute irakaslea herrian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.