“Ezinezkoa izango da gaur egungo baldintza horietan irautea”

“Ezinezkoa izango da gaur egungo baldintza horietan irautea”

Miren Garate

Irailaren 8ko gauean, kiskali egin zen Moriako (Grezia) errefuxiatuen kanpalekua, eta larrialdiko janari bilketa antolatu zuen Zaporeak elkarteak Euskal Herri osoan —Gipuzkoako 23 herrik hartu zuten parte, tartean Donostiak—. 100.000 kilo elikagai baino gehiago jaso zituzten, eta erantzunarekin pozik daude antolatzaileak. Hala ere, errefuxiatuen egoera oso larria dela nabarmendu du Irati Azkue (Getaria, 1981) komunikazio arduradunak.

Irailaren 25ean eta 26an eta urriaren 2an eta 3an janari bilketa egin zenuten Euskal Herri osoan. Zer balorazio egin duzue?

Oso ona. Larrialdi egoera bati tamainako erantzuna eman nahi genion, eta Euskal Herri osoan janari bilketa nazionala egiteko deialdia egin genuen, irailaren 25erako eta 26rako. Udal askok esan ziguten ez ziela denborarik ematen janari bilketa asteburu hartarako antolatzeko, eta ea posible zen hurrengo asteburuan ere egitea. Hala, urriaren 2an eta 3an ere egin genuen. 100.000 kilo elikagai baino gehiago jaso genituen, eta oraindik ere ari gara jasotzen. Bi asteburuetan ikaragarrizko eguraldi txarra egin zuen, baina jendeak sekulako erantzuna eman zuen. Babes ekonomikoa ere handia izan da, eta elikagai horiek guztiak helarazi ahal izango ditugu bidalketa egiteko adina diru lortu dugulako.

Moriako kanpalekua erre aurretik, egunean 1.700 otordu inguru banatzen zenituzten. Gertaera hark eraginda, ordea, 4.500 otordu banatzen hasi zineten. Zenbat ematen dituzue orain?

Lehengo neurrira itzuli gara, eta egunean 1.700-1.800 otordu kozinatzen ditugu. Moriako errefuxiatu esparrua kiskali zenean, 13.000 lagun kale gorrian geratu ziren, eta, errefuxiatuak errepide bazterrean ikusita, ahalik eta pertsona gehienengana iristeko ahaleginetan hasi ginen. Ordura arte, gure muga 2.000 otordutan zegoen, eta bat-batean 4.500 egiten hasi ginen. Janari horiek prestatzeaz gain, litro eta erdiko ur botilak banatzen genituen, zeren, egarri zirenez, errefuxiatuek etengabe eskatzen baitziguten ura.

Egoera horren erdian, zuen lantaldea COVID-19aren kasu batetik gertu egon zela jakin zenuten, eta sukaldea itxi behar izan zenuten. Nola eragin zizuen horrek?

Konfinatuta egon ginen bi PCR testek negatibo eman bitartean, baina, aldi berean, gure biltegiak, ibilgailuak eta abar gurekin elkarlanean aritzen diren beste GKE batzuei utzi genizkien. Gure egunerokoa berriz abiatu genuenean, berrantolatze fase batek harrapatu gintuen: esparru berria astebetean ireki zuten, baina eraikitzen amaitu gabe dago; haiek ere ez dakite zenbat jende dagoen; kasuak erregistratu gabe daude… Esparru berriko agintariak egokitu bitartean, gu ere gure lana egiteko modua antolatzen aritu ginen, nola lan egin nahi genuen pentsatzen, aliantzak eta baimenak lortzen eta abar.

Moria erre zenean, errefuxiatuek aldarrikatu zuten ez zutela beste Moria bat nahi, baizik eta aske izan. Hala ere, agintariek erabaki dute beste esparru bat egitea errefuxiatuentzat. Salatu izan duzue gunea ez dela batere egokia. Zein da hango egoera?

Egoera erabat kritikoa da. Esan zuten 5.000 lagunentzat zegoela lekua, baina 7.500 lagun daude gaur egun, eta 60 komun bakarrik dituzte, dutxarik eta edateko urik ez dago, ez dago denentzako lekurik… Kara Tepe izena du esparruak, eta militarrek tiro probak egiten zituzten leku bat da; kostaldean dago, eta ipar haizeak gogor jotzen du. Esan genuen kokalekua ez zela batere ona, eta argi geratu da lehen euriteekin: errekak daude leku guztietan, putzuak, lokatza… Janaria ere egunean behin bakarrik banatzen zaie, eta ez da kalitatezkoa izaten. Kanpadendak lurraren gainean jarrita daude, inolako babesgarririk gabe, izugarrizko haize ufadak dituzte, eta ezinezkoa da egoera horretan lo egitea. Loarekin arazo handiak dituzte. Greziako Gobernuko Immigrazio ministroak esan du udaberrira edo udara arte ez dutela behin betiko kanpalekua egingo, eta negu osoa behin-behineko kanpaleku horretan pasatu beharko dutela. Ezinezkoa izango da gaur egungo baldintza horietan irautea.

Aipatu duzu Morian 13.000 errefuxiatu zeudela, eta orain, esparru berrian, 7.500. Zer gertatu da gainerakoekin ?

Gehienak Atenasera eraman dituzte, baina han ere egoera oso larria da, errefuxiatuen esparruak gainpopulatuta daudelako. Kale gorrian ari dira geratzen asko, ez zaielako inolako konponbiderik ematen: ez etxerik, ez lanik…

Asilo eskaera prozesuekin jarraitu ahal izateko, Greziako Gobernuak errefuxiatuei esan die kanpaleku berrian sartu beharko dutela ezinbestean. Nola hartu dute hori errefuxiatuek?

Aste honetan dira erregistroak eguneratzekoak, eta agintariek errefuxiatuei esan diete ez mugitzeko Kara Tepetik, baina, dauden egoeran, esaiezu pertsona horiei ez mugitzeko… “Askatasuna edo hil” oihukatzen zuten. Jaioterrian, hiltzeko arriskua ikusten zuten, eta horregatik alde egin zuten guztia utzita. Bidean ere hiltzeko arriskua izan zuten, eta orain, bizitza berri bati abiapuntua eman nahi diotenean, horrelako infernu batean sartu dituzte. Esaten dute: “Heriotzari izkin egin diogu, baina hemen hiltzen uzten gaituzte”.

Gaur egungo egoera ikusita, zer mezu eman nahiko zenukete Zaporeak-ekook?

Pertsona horiek zama handia dute gainean, denbora luzean ari baitira egoera hori pairatzen, ez irailaren 9tik bakarrik. Urteak daramatzate antzera. Eta hori guztia Europako Batasunaren mugen barruan ari da gertatzen. Bestelako erantzun bat behar dute, bestelako abegikortasun bat; ihesean ari diren pertsonak dira, jaioterrian heriotza ia ziurtatua zutelako alde egin dutenak. Irailaren 9an gertatutakoaren eraginez, hedabideetan oihartzuna izan dute, baina ez ditzagun ahaztu, egoerak hortxe jarraitzen baitu, eta guk ere jarrai baitezakegu laguntza ematen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.