Hitzarmena erdigunera, “arreta ona bermatzeko”

Hitzarmena erdigunera, “arreta ona bermatzeko”

Miren Garate

Asko kezkatzen gaitu enpresa hau izaten ari den gainbeherak, bai arretaren kalitateari dagokionez, bai autoritarismoari dagokionez”. Txema Kortabarria ELAko ordezkariaren hitzak dira, eta Aita Menni osasun zentroari buruz ari da. Aldamenean ditu hango bi langile eta ospitaleratuta dagoen paziente baten senide bat —ez dute izenik eman nahi—. Hitz horiek arrazoitzeko, hainbat adibide aipatu dituzte haiek: “Erizainik ez dago, eta haien lana egin behar izaten dugu askotan laguntzaileok: adibidez, medikazioa eman, baina guretzat ardura handia da, ez delako berez gure lana”; “pastillaz betetzen dituzte pazienteak, eta lerdea dariela izaten dituzte, horrela ez dutelako molestatzen, eta molestatzen ez dutenez, ez dute ezer egiten, eta hori haien kontura negozioa egitea da”; “gure unitateko psikologoa gaixoaldian egon da, eta pazienteak hiruzpalau hilabete egon dira psikologorik gabe”.

Buruko osasuneko eta desgaitasunen alorreko zentroak batzen ditu Aita Mennik, eta garuneko lesioetan eta adinekoetan espezializatutako unitateak ere baditu. Egoitza nagusia Arrasaten du, eta Gipuzkoako beste zenbait herritan ere baditu zentroak, baita Bizkaian eta Araban ere. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, baina zerbitzu publikoa ere ematen du; ondorioz, publikoa da haren finantzaketaren zati bat.

Egoerari buruz galdetuta, enpresak GIPUZKOAKO HITZAri esan dio prest dagoela hitz egiteko, baina denbora bat eskatu du.

Asteazkenean, greba

2017 amaieratik iraungia dute lan hitzarmena, eta, ituna berritzeko negoziazioek ez dutela fruiturik eman iritzita, greba egin zuten asteazkenean, ELAk deituta —Arrasateko EH Bilduk, Elkarrekin Arrasatek, Arrasateko Antikapitalistak-ek, Arrasateko Pentsiodunek eta Arrasateko Emakumeen Mundu Martxak ere babestu zuten—. Bostehun langile daude hitzarmen horren mende. Kortabarriaren esanetan, beren borrokaren muinean “arreta ona bermatzea” dago, atzerapausoak ikusten baitituzte duela hiruzpalau urtetik. Uste du lan baldintzek zerikusi zuzena dutela horretan.

Kontratuena da hobetu beharrekoak iruditzen zaizkion puntuetako bat. ELAko ordezkariaren arabera, etekinak handitzeko baliabidetzat hartzen ditu enpresak. Esan du praktiketako kontratuak ohikoak direla, eta pare bat urtean aritu behar izaten dutela langile hasi berriek gainerakoek baino gutxiago kobratzen. Behin-behinekotasuna ere %24koa dela dio, eta kasu batzuetan hamabi urtean ere egon dela jendea aldi baterako kontratuekin. “Gero zer gertatzen da? Jendeak bizi proiektuak dituela, eta, finkotasunerako aukerarik ikusten ez dutenez, alde egiten dutela. Osakidetzaren azkeneko enplegu eskaintza publikoan jende pila galdu genuen, asko balio zuen jendea”.

Azaldu du langileak aurkitzeko zailtasunak izaten dituela enpresak, eta, ondorioz, ikasketak amaitu gabeko jendea edo esperientziarik ez duena ere hartzen duela. “Esango dute denean dagoela arazoa, baina duela lau urte guk ez genuen halako arazorik. Enpresaren esku zegoen kontratuekin beste era batera jokatzea, baina, horren ordez, haien bidez dirua egiteko hautua egin zuen”. Laster, gainera, enpresan denbora asko daraman langile multzo bat erretiro adinera iritsiko da, eta horrek ere eragiten die kezka. “Zer egingo dute? Kontratu horiek ere behin-behinekoengatik ordezkatu?”.

Lan karga handiaz kexu dira langileak. “Psikologoak, psikiatrak, laguntzaileak… denetik falta da. Elkarren oporrak ere estali behar izaten ditugu, eta horrek arretaren kalitatea galtzea dakar, ez dituzulako pazienteak ezagutzen eta abar”, esan du langileetako batek. Hala uste du senideak ere. “30 pazienterentzat bizpahiru erizain egoten dira, eta langileen joan-etorri handi dago; kontratu laburrak egiten dizkietenez, segituan alde egiten dute… Baina kontuan hartu behar da gaixo horiek arreta berezia behar dutela”.

Bada bereziki kezkagarria iruditzen zaion kontu bat: “Pazienteek ilaran egon behar izaten dute psikiatrarekin hitz egiteko, eta hori onartezina da. Pertsona horiek terapia behar dute, hitz egin, biharko egunean kalera ateratzen direnerako prestatu…”. Gaineratu du “dezepzionatuta” dagoela ospitalean daudenek jasotzen duen arretarekin. “Hor edukitzen dituzte egun osoan ezer egin gabe, eta ikusten dugu erizain laguntzaileak direla gure senideen psikologoak”.

COVID-19ak egoera are gehiago okertu duela kontatu dute langileek, zama bikoiztu arren ez delako jende gehiago kontratatu. Horrez gain, Eibarko ospitaleko hirugarren solairuko arreta Aita Menniren esku geratu zen ekainean —egoitzetako kasu positiboak bideratzen dituzte hara—. “Eta hura martxan jartzeko baliabideak nondik eraman dituzte? Bada hemendik, Arrasatetik, jakinda gu ere gaizki geundela. Baina negozioa nahi zuten”. Gaitzari lotuta, langileen osasuna ez zaintzea ere leporatu diote enpresako zuzendaritzari, oporretatik itzulitako langileei ez zizkietelako PCR probak egin hasieratik, Arrasateko erietxean gaitzaren agerraldi bat baino gehiago egon arren.

AITA MENNIKOEN GREBA

 

 

Zerbitzu publikoa

Kontratuak egonkortzeko ez ezik, lan baldintzetan bestelako hobekuntza batzuk egiteko ere eskatzen dute langileek. Zerbitzu publikoa ematen duten arren, beren soldatak langile publikoen soldatetatik urrun daudela salatu dute. ELAk dituen datuen arabera, enpresak urtean milioi baten irabazi garbiak ditu. Horren harira, Kortabarriak zehaztu du arlo ekonomikoan eten zela negoziazio prozesua. “Guk egindako eskaerak beraiek emandako irabazien erdiekin estaltzen zituzten, baina negozio aparta bihurtu dute osasuna. Gainera, instituzioen onespenarekin ari dira”.

Esku artean dituzten datuak egiazkoak diren ere ez dakitela gaineratu du. “Gure ekonomia kabinetea konturatu zen Aita Mennik azpienpresa bat duela, eta etekinen zati bat Aita Menniri berari bideratzen diola, donazioen bidez, zergen kontuagatik edo”. Haren esanetan, langileen ordezkariei emandako kopuruetan diru hori ez zen agertzen. “Orduan, auskalo zer gezur esaten dizkiguten. Behintzat, badakigu ekonomikoki ez diela minik egiten gure eskaerak”.

Lanorduei dagokienez, urtean 1.624 orduko lanaldia dute gaur egun, eta 1.592ra murrizteko eskatzen dute. “Hitzezko akordio bat bagenuen, baina arlo ekonomikoan sartu ginenean, aurretik lotuta zegoena zapuztu egin zuen enpresak”. Kortabarriaren esanetan, hitzarmena berritzea tokatzen den bakoitzean izaten du antzeko jarrera enpresak. “Aurrekoan ere, beren baldintzak onartu ezean soldata %5 gutxitu beharko zela esan ziguten, edo bestela jendea kaleratzen hasiko zirela”.

ELAko ordezkariaren esanetan, mobilizazioetan parte hartuz gero lanik gabe gera daitezkeela ere iradoki izan die enpresak langileei, eta hala baieztatzen dute ondoan dauden bi langileek ere. Zehaztu dute horregatik ez dutela nahi beren izenak ematerik. Senideak esan du bera ere mehatxatu izan dutela kexatu denean.”Aita Menniren aurka joaten banaiz, agian bisitarik gabe utz nazakete. Eta orain ere horregatik ez dut nahi nire izena esatea: beldurra ematen dit nire senidearengan eraginen bat izateak”. Kortazarren ustez, oso deigarriak dira halako adierazpenak. “Senide bati halakoak esaten badizkiote, pentsa zer ez duten egingo langileekin”.

Jarraipen “handia” grebak

Hala eta guztiz ere, herenegungo grebak jarraipen “handia” izan zuela esan du sindikatuak, eta langileen lan baldintzen aldeko borrokarako egun garrantzitsutzat jo zuen. “Betidanik, langileek mehatxupean eta presiopean bizi behar izan dituzte euren lan eskubideen aldeko borrokak, baina erantzun irmoa eta kolektiboa adierazi dute. Pribatizatutako osasun publikoaren eztabaida kalera ateratzea ere lortu da”. Enpresak edukietan aurrerapausorik egiten ez badu mobilizatzen jarraituko duela iragarri du.

Greba egunean Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak iruditu zitzaizkion ELAri, eta greba eskubidea mugatu izana egotzi zion. Kortabarriak gogoratu du Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek eta Jaurlaritzako Osasun Sailak enpresaren “finantzaketa publikoan” parte hartzen dutela, eta, hein batean, enpresak sustatu duen “negozio” ereduaren “konplizeak” direla. Gatazkak duen genero ikuspegia ere aipatu du, enpresako gehienak emakumeak baitira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.