Izena duten kaleratzeak

Izena duten kaleratzeak

K.U.

Leire Martinek 26 urte ditu, eta 60 urteko amarekin bizi da Hernanin, Sagastialdeko etxebizitzetan. Ama langabezian dago, eta 400 euroko diru laguntza jasotzen dute hilero. Azkeneko hilabeteetan kezka bat dute buruan biek: abenduan etxea utzi beharko dute. “Bost urte pasatzean kontratua luzatzeko esperantza geneukan”, adierazi du Martinek. Joan den astean dei bat jaso zuten, esanez beste etxe batera joateko aukera izango zutela. “Gutun bat jasotzeko zain gaude, jakinarazpen hori telefonoz jaso baikenuen”. Izan ere, jasotako informazioa idatziz izan nahi dute familiek. Dena den, badaki euren egoera “ezohikoa” dela. “Orokorrean jendeak ez du deirik jaso”, dio Martinek.

Egoera horretan dago Carlos Enrique Gutierrez; oraingoz behintzat, ez dauka alternatibarik. Gutierrez bakarrik bizi da Sagastialdeko pisu batean. Lanean ari den arren, 1.000 euro inguruko soldata dauka, eta, azaldu duenez, diru horrekin zaila zaio bestelako alokairu batean sartzea. “Etxebizitzen merkatura aterata, soldataren %75 pisua ordaintzen utzi beharko nuke”, adierazi du.

Beste luzapen bat nahi

Hasiera batean, Gutierrezek joan den uztailean utzi behar zuen etxea, baina, pandemiaren ondorioz, sei hilabeteko luzapena eman zioten. Orain, bigarren luzapen bat emateko aukera egon daitekeela ikusi dute, baina kasu honetan ez da automatikoa izango; eskaeraren bat egin beharko dutelakoan daude. Gutierrezek adierazi du “ezjakintasunean” bizi direla. Azpimarratu du etxebizitza bat izateko eskubidea dutela, eta euren esku dagoen guztia egingo dutela arazoa konpontzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.