Umorea eta antzerkia, elkarren helduleku

Umorea eta antzerkia, elkarren helduleku

Julen Aperribai

Umorezko antzerkiari plaza emango dio Pasaiak datozen bi asteburuetan. Hain zuzen, 39. aldiz egingo dituzte Pasaiako Umorezko Antzerki jardunaldiak. Antzerkigintzan dihardutenei begirako tailer batekin zabalduko dute zikloa, gaur. Bihartik aurrera, berriz, sei antzezlan izango dira ikusgai, bost egunetan banatuta. Pasaiako lau barrutietan izango dira saioak.

Jaialdiak hasierako oinarri bera du helduleku: umorea eta antzerkia uztartzea. “Antzerkiaren sinboloak komedia eta drama islatzen ditu; gurea komediaren aldeko apustua da”, azaldu du Aitziber Eguskiza Pasaiako Udaleko kultur teknikariak, eta nabarmendu antzerkiaren bitartez umorea lantzea “oso aberatsa” dela: “Umorezko antzerkiaz aritzean, estereotipo jakin batzuk etortzen zaizkigu burura. Uste dut jaialdi honek aurreiritzi horiek gainditzen eta eraisten dituela”, dio Eguskizak.

Jaialdiak Pasaiako Udalaren sostengua izan du hasieratik, baina sortu, hein handi batean, Miguel Galindoren ekimenez sortu zela dio kultur teknikariak, eta haren izenari hertsiki loturik ikusten du oraindik ere. “Antzerki tailer bat gidatzen zuen Trintxerpen, eta oso antzerkizalea zen”, zehaztu du. Urte haietan kultur panorama osasuntsu eta hazte bidean zegoela uste du, eta giro horretan hazi zela jaialdia ere. “Kanpoko konpainien lanak herrira ekartzeko aukera zegoen, eta jardunaldiek erreferentzia lortu zuten. Publiko finko bat zegoen, eta kanpotik jendea etortzen zen”, azaldu du.

Gerora, euskal konpainiek hartu dute protagonismoa, Eguskizak dioenez. Hazi ahala, hedatu ere egin da, Pasaiako beste barrutietara. Izan ere, Trintxerpen soilik egiten zuten hasieran, eta beste gune batzuk sortzeak bide eman die udalerriko beste txoko batzuetara ere heltzeko. Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoa inauguratu izana mugarritzat du Eguskizak: “Aldaketa nabarmena izan zen guretzat. Kalitate oneko gune eszeniko bat daukagu. Lehen, Donibanen ezin genuen ezer programatu, eta, orain, herriko beste leku batzuetan egiteko zailak diren antzezlanak bertan egin daitezke”.

Jardunaldiaren 37. aldiaren karietara, formatua eraberritzeko ahalegina egin zuten. “Hainbatetan berrasmatu behar izan dugu jaialdia”, aitortu du Eguskizak. Kasu hartan, herritarrak antzokietara erakartzea eta jardunaldietako subjektu aktibo bihurtzea zuten erronka, eta aldaketa hori bultzatuko zuen gune moduan sortu zuten Antzerkizaleen Foroa: “Herriko artistekin eta kultur eragileekin batera, antzerkizaletasuna bultzatzeko foro moduko bat sortu genuen, eta horrek indartu zuen jaialdia”.

COVID-19aren mugetan

Aurtengo egitaraua ere foro horretan adostutako irizpideei jarraikiz osatu nahi zuten arren, baldintzak COVID-19aren pandemiak ezarri dizkiela onartu du.

Haurrei eta helduei, biei, eskainitako ikuskizunak izango dira programatuetako hiru, kultur teknikariak zehaztu duenez. Halakotzat ditu Markeliñe konpainiaren Kartoibiraka, Guillem Albaren Calma! eta, guztietan lehena, Tomaxen abenturak. Adi, grabatzen, ekin!; bihar, 12:00etan. Zanguango konpainiaren Al otro lado kale ikuskizuna, ATX teatroaren Zazpiak bat eta Mila Espiga eta Belen Cruzen Anarkia relacional izango dira ikusi ahalko diren gainerako hiru obrak.

Azkeneko unera arte ez dute ziurtasunik izan, udal kultur teknikariak aitortu duenez, eta kolokan ere egon dira jardunaldiak. Balioan jarri du, ordea, egungo testuinguruan kultura hauspotzeko egiten diren egitasmoek duten garrantzia. “Agerikoa da arte eszenikoak oso modu bortitzean jasaten ari direla krisi hau. Ez soilik konpainiak, baizik eta artearekin eta antzerkiarekin harremana duten eragile guztiak. Bultzada eman nahian, aurrera egiteko saiakera berezia egin dugu aurten”, azaldu du.

“Beldurraren mezua” gainditzearen garrantzia ere azpimarratu du: “Beldurraren mezua oso zabaldua dago, eta guk eman nahi dugun mezua zera da, kultura oso beharrezkoa dela, ez bakarrik gure ongizaterako, baita horren atzean dagoen industria berrabiarazteko ere”.

Egitaraua

Bihar

13:00. Tomaxen abenturak. Adi, grabatzen, ekin! Trintxerpeko Euskadi etorbidean.

19:00. Zanguango: Al otro lado. Pasai Antxoko Gure Zumardian.

Igandean

19:00. Guillem Alba: Calma!. Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.

Urriaren 23an

19:00. ATX teatroa: Zazpiak bat. Pasai San Pedroko udal aretoan.

Urriaren 24an

19:00. Markeliñe: Kartoibiraka. Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.

Urriaren 25ean

18:30. Mila Espiga eta Belen Cruz: Anarkia Relacional. Pasai Antxoko kultur etxean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.