“Auzo atseginak eta seguruak eraiki behar ditugu adinekoentzat”

“Auzo atseginak eta seguruak eraiki behar ditugu adinekoentzat”

Karmele Uribesalgo

Esperientziak trukatzeko asmoz, mahai inguru bat egingo dute bihar, 10:00etan, Hernaniko Biteri kultur etxean, eta parte hartzaileen artean izango dira Radars proiektuko kideak. Haren bultzatzaileetako bat da Anna de Palau Rovira Bartzelonako Udaleko arreta sozialen zerbitzuko zuzendaria (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1976).

Zer da Radars?

Adineko pertsonek izan ditzaketen arrisku egoerak atzematea eta nahi ez den bakardadea saihestea da Radarsen helburua. Horretarako, zaintza kolektibizatzeko proiektu komunitario bat eratzea pentsatu genuen, auzoetan lan eginda. Azpimarratzen dugu ez dela gauza bera bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea. Horri lotuta, adinekoentzat auzo atseginak eta seguruak eraiki behar ditugu.

Nola sortu zen proiektua?

Bartzelonako Udalak ekin zion proiektuari 2008an, Grassot-Gràcia Nova auzoan. Udalaren gidaritzarekin sortu bazen ere, estrategia komunitario bat eratu nahi izan zen hasieratik. Auzo elkarteak daude proiektuaren barruan, baita guk radar bezala izendatzen ditugunak ere: komertzio txikiak, farmaziak eta bizilagunak. Auzo radar horiek ez daukate boluntarioek duten konpromisoa, baina adi egon ohi dira ingurukoek duten beharrei erantzuna emateko. Gaur gaurkoz, Bartzelonako 73 auzoetatik 51tan dago martxan Radars, 2.000 erabiltzaile baino gehiago ditu, eta 600 boluntario. Horrez gain, 560 farmaziak eman dute izena, baita 1.500 komertziok eta 1.800 auzo radarrek ere.

Nola funtzionatzen du?

Auzo batean proiektua martxan jartzen denean, radar mahai delako egitura bat sortzen dugu. Erabakiak hartzeko eta egoerara egokitzeko leku bat da, eta bertan parte hartzen dutenen artean daude, besteak beste, gizarte zerbitzuak, elkarteak eta boluntarioak. Behin proiektuari forma emanda, telefono bidezko jarraipenak ere egiten ditugu. Horren bitartez, boluntarioek deiak egiten dizkiete erabiltzaileei. Horri esker, boluntarioek sentitzen dute ekarpen bat egiten ari direla, eta erabiltzaileek babesa nabaritzen dute. Horrez gain, arrisku egoerak atzemateko aukera ere ematen digu. Elkargune izan ohi diren jaiak ere egiten ditugu auzoetan.

Edonor izan daiteke boluntario?

Hasiera batean, behintzat, bai. Gero, boluntario bakoitzaren profila kontuan izanda erabakitzen da zertan lagundu dezakeen. Izan ere, boluntario mota asko ditugu; batzuk, adibidez, telefono deiak egiteko egoten dira, beste batzuk jende berria lortu nahian.

Boluntarioez gain, komertzioek ere parte hartzen dute. Zer helburu dute?

Guretzat oso garrantzitsuak dira komertzioak. Auzo izpiritua berreskuratzen ari gara proiektuaren bidez; jendea adi dago ea bizilagunek zerbait behar duten. Gauzak horrela, harategi batean, adibidez, dendariak ikusten badu ohiko erosle bat azken bi asteetan ez dela agertu, Radarseko taldearekin harremanetan jarri eta hori jakinarazteko aukera dauka.

Era horretan jarduten dute farmaziek ere?

Beste aurrerapauso bat eman dugu farmaziekin. Hitzarmen bat daukagu farmazialarien kolegioarekin, eta, horri esker, zenbait farmazitan medikamentuen asteroko banaketa egiteko aukera daukagu. Modu horretara, erabiltzaileak astelehenetik igandera hartu behar dituen botika guztiak era ordenatu batean jasotzen ditu. Bestalde, farmaziak elkargune ere badira, eta proiektuko zenbait kide erabiltzaileei arreta eskaintzera joaten dira puntu horietara. Horretaz gain, komertzioetan bezala, farmazialariek edozer jakinarazteko aukera daukate.

Emagin elkartearen jardunaldietan parte hartzekoak zineten. Zaintzaren inguruan jarduteko beharra dago?

Zahartuta dago gure gizartea. Nahi duguna da adineko pertsonak, ahal den neurrian, aktiboak izatea. Askok sentitu izan dute zahartzean euren bizitza amaitu egiten dela, baina lortu nahi duguna da adinekoek sentitzea ibilbide bat egin dutela, eta oraindik ere gauza asko egin ditzaketela jarrera positibo eta aktibo batekin. Horretan eragin behar dugu, eta hiriak adineko pertsonentzat egokitu behar ditugu. Oso garrantzitsua da alde horretatik jardungo duten gizarte politika publikoak izatea. Izan ere, bakarrik sentitzen den jende asko dago.

Gipuzkoan gisa horretako proiektu bat martxan jartzea posible izango litzateke?

Uste dut, gogoa badago, egin daitekeela, betiere instituzioen aldetik apustu bat egiten bada. Haiek izan behar dira baliabideak eskaintzen dituztenak, bai giza baliabideak eta baita ekonomikoak ere. Izan ere, asmo onarekin bakarrik ezin da horrelako egitasmo bat aurrera eraman. Oso proiektu polita da, baina baliabideak behar dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.