Eraikin zaharretik etorkizun berrira

Eraikin zaharretik etorkizun berrira

Beñat Alberdi

Gerraostean eraiki zuten Eibarren Ipuruako Merkatu Plaza, 1953an; izenak berak dioen moduan, merkatua ezartzeko. Arrandegia, dendak eta baserriko produktuak saltzeko mahaiak eta bankuak jarri zituzten. Eraikinak bukatu zuen etapa hori, eta duela gutxira arte Osakidetzak han zeuzkan laborategiak. Fase hori ere amaitu du, ordea. Herritar talde batek ikusi zuen, dena den, Merkatu Plazak balio zezakeela oraindik. Modu horretan, parte hartze prozesu bat sustatu zuten. Azken txanpan da prozesu hori, eta etapa berri bati hasiera eman nahi diote.

Auzotarrek sortu zuten proiektua pizteko aurreneko txispa. “Ikusten genuen auzoan ez dagoela 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako txokorik”, azaldu du Nerea Mendikute talde eragileko kideak. 2018ko Gabonak ziren, eta begiz jota zeukan eraikina. Txosten bat osatu zuten. Bertan bildu zituzten auzoaren ezaugarriak eta beharrak, auzoko baliabideak eta erabilerarako proposamenak. “Egia da haurrentzako txokorik ez dagoela, baina proposamena zabaldu egin genuen”, esan du Mendikutek. “Ikusten genuen ume txikiak zaintzen dituzten aitona-amonentzako gunea ere izan zitekeela”.

Ideiak begietatik sartzen direnez errazen, argazkiz hornitu zuten dokumentua, erreferentzia moduan balio zezaketen zenbait txokoren argazkiekin: Donostiako Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegikoak, eta hiri horretan bertan dagoen Maushaus arte eta arkitektura ideia laborategikoak erabili zituzten, besteak beste.

Sare sozialetan barrena

Proiektuak babesik zeukan jakiteko, Facebookera jo eta orrialde bat sortu zuten. Buruan zeukatena aurkeztu zuten, eta txostena eskegi. “Jendeari gustatu zitzaion ideia, eta babesa genuela konturatu ginen”, adierazi du Mendikutek.

Eibarko alderdi politiko guztiekin batu ziren gero. Kasu horretan ere lortu zuten babesa, denek hain garbi adierazi ez bazuten ere. Horren ostean, herritarrentzako galdetegi bat prestatu zuten, zalantzak uxatzeko. Auzoko komertzioak galdetegiekin bete zituzten, eta, berriz ere, sare sozialetara jo zuten: Whatsappera, oraingoan. Horrela zabaldu zuten parte hartzeko esteka. “Galdeketa bat egin genuen, uste genuelako babesa jasoko genuela, eta hori izan zen emaitza”, azaldu du Mendikutek. Erantzun zabala jaso zuten: 340 lagunek eman zuten euren iritzia eta sostengua. “Eta proiektuak indarra hartu zuen hor”.

Eraikin publikoa da Merkatu Plaza, eta osoko bilkurara eraman zuten haren kudeaketaren inguruko auzia. Talde eragileak aurkeztu zuen proiektua onartzeko mozioa, eta alderdi guztiek eman zioten baiezkoa, aho batez.

eibar1

Parte hartzea bideratzen

Alkatearekin batu zen talde eragilea, proiektuari abiada emateko. “Guk parte hartze prozesu bat nahi genuen, jendea inplikatzeko, elkar ezagutzeko eta talde eragilea sortzeko”, nabarmendu du Mendikutek. Gernikako (Bizkaia) Astra gunearekin jarri ziren harremanetan; haiek unibertsitateko kontaktu bat pasatu zieten, eta, azkenean, Emun elkartea aritu da dinamizatzaile lanetan.

Hiru saio egin dituzte eraikinaren etorkizuneko erabilera adosteko. Joan den otsailaren hasieran izan zen lehenengoa. Proiektuari buruzko asmoak eta bertan garatu daitezkeen jardueren proposamenak jaso zituzten, hasteko. Mendikutek azpimarratu du batez ere proiektuaren oinarriak finkatu zituztela, aztertutako ereduetatik abiatuta: “Beti jarraitu dugu Astra, eta guretzako eredu bat izan da. Hainbat balio dauzkate —feminismoa, kasurako—, eta horrelako oinarriak jarri nahi izan dizkiogu gure proiektuari ere”.

51 lagunek hartu zuten parte lehendabiziko saioan, eta hamabost eragilek; Nalua Eibarko talde feministak eta Ipuruako erretiratuen elkarteak, esaterako.

Martxoaren 4an izan zen bigarren saioa. 28 lagun bildu ziren orduan. Antolaketari eta kudeaketari buruzko hausnarketa eta lehen diseinuak egitea zuten helburu. “Plano bat egin genuen, tokiak nola antolatu erabakitzeko”, esan du Mendikutek.

Apirilaren 29an egin nahi zuten azken saioa, baina pandemiak harrapatu zituen, eta atzeratu egin zuten. Asteazkenean ziren egitekoak, baina koronabirusak berriro galarazi die elkartzea. Azken puntuak zehaztea dute helburu: talde eragilea eta erabilerarako gida sortzea. “Astrak badauka gida bat, proiektuak nola funtzionatzen duen azaltzen duena. Eraikina erabiltzeko zer urrats egin behar diren zehazten du, hala nola”.

Eibarko etorkizuneko Merkatu Plazak oinarri teorikoak jarri ditu parte hartze prozesuarekin, eta oinarri horiek praktikara eramatea izango da hurrengo urratsa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.