Etxera itzuli dira; noiz arte?

Etxera itzuli dira; noiz arte?

Olaia Gerendiain

Ia hilabete iragan da Trintxerpe Pasaiako auzoko Jaizkibel kaleko 9 eta 11 atarietan bizi diren hogei familia etxetik irtenarazi zituztenetik lehen aldiz, eraikinean atzemandako hainbat pitzadurek bizilagunen alarma piztu ostean. Hasieran, pare bat eguneko kontua zirudien; amesgaiztoak hamabost gau iraun du. Hamabost gau euren ohean lo egin gabe, euren zoruak zapaldu ezinik.

Mari Gonzalezen gurasoak (65 eta 75 urtekoak) 9. atarian bizi dira. Segurtasun lanek iraun duten asteetan alabaren etxean bizi behar izan dute. Gogoan dauka oraindik lehen abisua heldu zen eguna, irailaren 28a: “Bi aldiz aterarazi zituzten etxetik. Lehena egun bakarreko kontua izan zen; goizean goiz irtenarazi, eta arratsalde edo gau partean utzi zieten berriz bueltatzen. Gero, hiru egun geroago, premiaz hutsarazi zuten etxea berriro. Udaltzaingoa eraikinera joan zen abisua ematera, eta baita udaleko arduradunak eta arkitektoa ere”.

Eraikineko lehen solairuan dagoen supermerkatuko langileek pitzadura baten berri eman zioten Pasaiako Udaltzaingoari, irailaren 28an, eta teknikariek erabaki zuten segurtasun lanak egin arte bizilagunek etxea uztea. Zutabeetako kalteak berehala habetu, eta egun hartan bertan bueltatu ziren herritarrak euren etxera: “Teknikariek beren txostenean adierazi dute segurtasuna bermatuta dagoela”, iragarri zuen Pasaiako Udaltzaingoak.

Hiru egunera, ordea, urriaren 1ean, eraikinaren egituraren egonkortasunari buruz berriz zalantzak piztu, eta beheko establezimenduak kontratatutako arkitektoak adierazi zuen egitura ez zela segurua. Hori ikusita, gaueko bederatziak inguruan bizilagunei adierazi zieten ezinbestean etxeak hustu beharko zituztela, noiz arte jakin gabe. Senideen edo lagunen etxera joan ezin izan zutenei larrialdi zerbitzuek eman zieten ostatu.

“Gurasoek nire etxera etorri behar izan zuten bat-batean, eta hemen eman dute ia hilabete osoa”, dio Gonzalezek. Bizilagun guztiek ez dute zorte berbera eduki, ordea; badira pare bat, gutxienez, ondoko atarietako bizilagunen etxeetan gelditu behar izan direnak, Gonzalezen arabera: “13. zenbakian, adibidez, baten bat hartu dute, ez baitzuten senitartekorik ez ezer hemen inguruan. Horrez gain, badira Oiartzungo Lintzirin hotelean gelditu behar izan diren beste batzuk ere; Pasaiako Udalak astebete inguruz han gelditzeko aukera eman zien, baina hortik aurrera ez dakit nola moldatu diren”.

Eraikineko hogei familiak hilaren 16an bueltatu ziren euren etxebizitzetara, 20:00 inguruan. Udaleko arkitektoak berretsi zuen lanak gauzatuta segurtasuna bermatua dagoela eraikinean.

Erantzunik gabe

Bide honetan zailena erantzunik gabeko galderen zama lepoan eramatea izan da, herritarrek adierazi dutenez; ez jakitea etxera noiz bueltatu ahal izango ziren, eta, bueltatzekotan, noiz arte gelditu ahal izango ziren.

“Ezinegonez igaro dugu hilabete hau. Egunero urduri, jakin gabe zer gertatuko zen, ez baitziguten inolako azalpenik ematen. Etxera bueltatu dira, baina ez dakite nola edo noiz arte”, esan du Gonzalezek. Argi du itzulera hau bisita baten antzekoa izango dela: “Lehenago edo geroago, berriro irtenaraziko dituzte, ziur; obrak egin beharko dituzte, ezin baitituzte pitzadurak horrela utzi”.

Maialen Camañok uste du zimenduetako arrakalak kezkatzeko modukoak direla. Hango bizilaguna izan zen, eta eraikinaren egoerak bultzatu zuen hura uztera: “Hiru urtez bizi izan nintzen han. Pitzadurak atzeman genituelako saldu genuen etxea”.

Gonzalezek bat egin du Camañoren esanekin: “Gurasoekin bizi nintzenean, orduan ere baziren pitzadura eta oso zartadura nabarmenak eraikineko paretetan. Etxe bat edo beste arraildu zen: hori gogoan dut oraindik”. Oraingoz, behintzat, familiek berriro zapaldu dute euren etxeko zorua. Ez dakite, ordea, noiz arte izango den.

Leave a Reply

Your email address will not be published.