Hasi da udazken loreen ehiza

Hasi da udazken loreen ehiza

Aitziber Arzallus

Aparteko neurririk hartu gabe egin ditzaketen jarduera gutxi gelditzen zaizkie herritarrei, koronabirusak baldintzatutako garaiotan, baina izan, badira. Udazkenean sartuta eta perretxiko garaia hasita, saskia hartu, eta haiek biltzera joatea izan daiteke horietako bat, nahiz eta Aitor Leiza perretxikoetan adituaren (Itziar, 1961) hitzetan, hori horrela esatea ez den zuzena. “Perretxiko garaia urte guztian izaten da; beste kontu bat da hemen ohiturarik badagoen horiek jateko”. Zenbait espezie zerrendatu ditu: “Adibidez, boilurrak neguko perretxikoak dira; udaberriko zizak, udaberrikoak; bada onddo zuri mota bat udan irteten dena; eta udazkenean etortzen dira beste denak”.

Uda zenbaterainoko euritsua izan den, horrek baldintzatzen du denboraldiaren hasiera, sarri udazkenari itxaron beharrik gabe. Izan ere, “uda euritsua izan bada, jendea udatik hasten da perretxikotara joaten”. Aurtengo uda nahiko lehorra izan denez, jendeak patxada handiagoarekin hartu du, baina azkeneko asteetako euriteak eta gero, hasi da udazkeneko loreen ehiza.

Perretxikoetan aditua izateaz gain, perretxikozalea ere bada Leiza. “Gustatzen zaizkit, eta aurten ere dagoeneko pare bat alditan joan nahiz perretxikotara, baina ez naiz obsesionatu horietakoa”, esan du. Zaletasuna familiatik datorkio: “Aitarekin joaten nintzen gaztetan. Aita nafarra izanda, aranztarra, bagenuen perretxikotara joateko ohitura, eta perretxikorik ez bazen, gaztainak biltzen genituen neguan jateko”.

Alain Martini (Azkoitia, 2003) ere familiatik datorkio zaletasuna. “Txikitatik joan izan naiz perretxikotara; aitona-amonekin joaten nintzen lehen, eta lagunekin edo bakarrik joaten naiz orain”. Aurtengo lehendabiziko irteera joan den asteburuan egin zuela kontatu du, baita asmatu ere: saskia ondo beteta itzuli zen etxera. Argazkiko onddoak hark bildutakoak dira, Azkoitiko Madariaga auzoan; handienak kilo bat baino gehiago pisatzen zuen.

Bistakoa da Martinek badakiela perretxikoak non bilatu, eta badaki jangarriak eta jangarriak ez direnak bereizten. Aitona-amonei aitortu die horren meritua ere: “Perretxikoez dakidan guztia haiek irakatsi didate”. Leizaren ustetan, baina, jendea oro har “ezjakina” da: “Ezagunak diren hiruzpalau espezie bildu ohi dituzte: onddoak, ziza horiak, kuletoak eta gibelurdinen familiako batzuk. Izan ere, gehienek ez dakite perretxikoak bereizten”. Eta oso garrantzitsutzat jo du ezagutza hori izatea. “Perretxikoak biltzera joan aurretik, oso inportantea da jakitea zeintzuk diren jan behar dituzun perretxikoen ezaugarriak, eta zeintzuk diren haien parekoak”. Adibideak eman ditu: “Esate baterako, pago ziza eta maltzurra gaztetan oso antzekoak dira, baina bata jangarria da, eta bestea, ez. Usainean bereizten dira: pago zizak baso usaina du, eta maltzurrak, irin usaina”. Amanita phalloides ere aipatu du. “Amanita phalloides mozten baldin baduzu eta bulba lur azpian utzi, itxuraz gibelurdinaren berdin-berdina da”.

Leizaren esanetan, maltzurra da Euskal Herrian intoxikazio kasu gehien eragiten dituen perretxiko mota; amanita phalloides, berriz, intoxikaziorik handienak eragiten dituena. “Hemen inguruan agerraldiak daudenean, ospitaleak jakinaren gainean egoten dira, eta, norbait intoxikatuta ospitaleratzen dutenean, Aranzadiko mikologia zerbitzuko kideak joan ohi dira gaixoarekin hitz egin eta arazoari irtenbide bat jartzen laguntzera”.

“Dena bere neurrian”

Martin, azkoitiarra izanda, normalean Izarraitz aldera joaten da perretxikotara. “Joan den asteburuan, ordea, Madariaga aldera joan nintzen, eta han topatu nituen argazkiko ale horiek”. Aitortu du aurkitutakoarekin “hunkitu” egin zela, “tamaina horretako onddorik sekula bildu gabea” zelako, eta asteburu berean lautan joan zela. Inguruan perretxikotarako zaletasuna duten lagunak badituela esan du: “Gehienbat, baserrian bizi direnek dute perretxikotarako joera”. Dena dela, perretxikorik ez denean ere mendira joateko ohitura baduela esan du azkoitiar gazteak.

Leizaren hitzetan, baina, perretxikotara joaten diren guztiak ez dira mendizaleak, eta are gutxiago naturazaleak. “Leku batean perretxiko agerraldi bat izaten denean, berehala zabaltzen da berria Interneteko foroetan-eta, eta hori da naturarentzako gerta daitekeen okerrena”. Gogor kritikatu du “sasiperretxikozale” horien jarrera: “Segituan autoz betetzen da inguru guztia, ez dute ezer errespetatzen, dena zapaltzen dute, jangarriak ez diren perretxikoak txikitu egiten dituzte…”. Zentzuz jokatzeko beharra nabarmendu du: “Saski bat bete perretxiko biltzeak ez dio inori kalterik egin, baina dena bere neurrian”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.