“Publikoa antzerki obretan islatuta sentitzen dela ikustea berezia da”

“Publikoa antzerki obretan islatuta sentitzen dela ikustea berezia da”

Josu Artutxa Dorronsoro

Xake antzerki konpainiako sortzaileetako bat, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako kolaboratzailea eta Donostiako Antzerki Eskolako irakaslea da Xabier Ormazabal (Tolosa, 1972). Tolosako nahiz hortik kanpoko kulturaren zati handi bat osasuntsu zaintzearen alde isilpeko lana egiten duen herritarra.

Zer ikasketa egin zenituen kultur munduan murgildu aurretik?

Lanbide Heziketako irudi eta soinu bidezko komunikazioko erdi-mailako gradua egin nuen. Gerora, heziketan lan egin izan dut, batez ere, aisialdi arloan; besteak beste, Donostiako Urtxintxa eskolan, haurrekin eta gazteekin hainbat proiektu aurrera eramaten. Azkenean, hura uztea erabaki nuen, bizitza kulturari eskaini ahal izateko.

Orain zauden lekuan ikusten zenuen orduan zeure burua?

Ez. Egia esan, hasieran, kameren atzean egoteko prest sentitzen nintzen. Baina, 30 urte nituela, bikoizketa ikastaro bat egin nuen, eta, hortik abiatuta, Donostiako Antzerki Eskolan izena ematea erabaki nuen. Zenbait antzezlanetan aktore modura parte hartu dut, baina gehiagotan aritu izan naiz irakasle. Orain, irakaskuntzan oso gustura aritzen naiz, baita ekoizle modura ere.

Antzerki eskolan izena ematea, beraz, abagune garrantzitsua izan zen zuretzat.

Erabateko aldaketa eragin zuen nire bizitzan.

Gaur egun, esan daiteke bete-betean sartuta zaudela Tolosaren eta kulturaren arteko harremanean.

Bai. Abesbatza Lehiaketan kolaboratzaile modura hasi nintzen lehenik, 18 urterekin, atzerritik etortzen ziren taldeei harrera egiten eta herriko egonaldia eurekin igaroz. Duela hamar urte, berriz, Topic zentroa sortu zenean, boluntario modura sartu nintzen, eta, egun, zentroko lantaldeko partaideetako bat naiz. Txotxongiloen mundua haurrengana gerturatzeko, sekulako lana egiten da urtero ikastetxeekin, eta hortaz, horretan lanean aritzeko aukera ere izan nuen zenbait urtez.

Nondik datorkizu kulturarekiko grina?

Etxetik eta eskolatik. Eskolari dagokionez, batez ere, eragin handia izan zuten eskola orduetatik kanpo Kazkabarra aisialdi taldean egindako urteek. Han geundenok beti genuen kultura babesteko gogoa, izan musika kontzertuetan, antzerki saioetan, dantza emanaldietan edota erakusketetan. Bestalde, bai nire arrebak eta bai amak ere abesbatzetan abesten zuten. Nire kasuan, ordea, berandu hasi nintzen kantuan: Hodeiertz abesbatzan, 26 urterekin.

Orain lantzen duzu sormena?

Ez. Neure burua ez dut sortzaile modura definitzen. Xake Produkzioak konpainian, gainera, oso definitua dago hori, eta Kepa Errasti da lan horretan aritzen dena. Ni neu, gehienetan, antolatzaile edo ekoizle rolean aritu izan naiz.

Hain justu, 2015ean sortu zenuten Kepa Errastik eta biok Xake konpainia. Nondik etorri zitzaizuen ideia?

Antzerki eskolan ezagutu genuen elkar. Ondoren, irakaskuntzan hasi ginen biok. Hala ere, argi genuen ez genuela etxean zain geratu nahi; are gutxiago, antzerki munduan egoera zein den ezagututa. Lehen proiektua Aitona Mantangorria izeneko film labur bat izan zen. Nahikoa arrakasta izan zuen, eta sari batzuk lortu genituen. Ondoren, proiektuari egitura juridiko bat ematea erabaki genuen. Kepak, gainera, bazuen beste ideia bat buruan, gero konpainiak egindako lehen antzerki obra izango zena: Mami Lebrun. Obra hura idatzi eta ekoizpenerako diru laguntza eman zigutenean, “orain da momentua” esan genuen.

Nolako ibilbidea izan du zuen konpainiak?

Ez da erraza izan, ez nuelako pentsatzen lortu dugun ospea lortzerik izango genuenik, baina, oro har, ona izan da. Lehen antzerki obrarekin, bagenekien arrisku bat hartzen ari ginela, antzerki konpainietan beti gertatzen delako gauza bera; gorabehera handiak izaten dira. Oso gogorra zen udaletara deitu, eta nor ginen ez zekitela ohartzea. Hala ere, Donostia Hiria saria lortu genuen obra horrengatik [Mami Lebrun], eta, ondorioz, ate berriak zabaldu zitzaizkigun, batez ere, hurrengo obrak saldu ahal izateko. Duela gutxi, ordea, beste obra bat prestatu dugu, hirugarrena, zenbat salduko genukeen jakin gabe. Bost urteetako balorazioa, baina, oso positiboa da, emanaldi ugari eskaini ditugulako.

Zein egoeratan aurkitzen zarete orain?

Oraintxe, Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanarekin gabiltza, buru-belarri. Dozenaka emanaldi genituen aurreikusita udazkenerako, eta guztiak egiten ari gara. Oso arrakastatsua da, asteburuero gabiltzalako Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Bestalde, salmentarako nahiko garai txarra da. Udaletan ez dakite hurrengo urteko aurrekontuak nolakoak izango diren, eta, beraz, ekoizleontzat basamortu batean murgiltzea bezala da. Guk, gainera, bi urtez behin estreinatzen dugu obra berri bat, eta hurrengorako ideiak pentsatzen eta garatzen hasi beharko dugu.

Zein izaten da zuen helburua?

Beti esaten dugu antzerkiak pentsarazteko balio behar duela. Emozionalki barrenak mugitzen saiatzen gara, hausnarketarako zenbait ideia plazaratzen. Esango nuke orain arte egindako obrek gai jakin bat landu izan dutela, eta antzezteko modu propio bat izan dutela, umorea alde batera utzi gabe. Antzerkiak, askotan, ispilu modura funtzionatzen du publikoarekin. Modu batera edo bestera, ikusleak beti sentitzen dira antzezlanetan islatuta, eta hori oso berezia da.

Zer da bost urte hauetan konpainiak eman eta kendu dizuna?

Eman, asko eman dit: barre pila bat egin dut, eta lagun ugari. Aktore eta zuzendari bikainekin lan egiteko aukera izan dut. Lehendik ezagutzen ez nituen kultur sortzaileak, lagunak eta txokoak ezagutzeko aukera ere eman dit. Kendu, berriz, denbora kendu dit, baina denbora hori gustuko ofiziorako erabiliz gero…

Baina zure jarduera ez da Xake konpainiara soilik mugatzen.

Ez. Topic zentroko webgunearen eta sare sozialen kudeaketaz arduratzen naiz. Gainera, hilabetean behin, txotxongiloak egiteko tailerrak ematen dizkiet ikastetxeetako haurrei.

Horrez gain, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako zuzendariordea ere bazara.

Hamar urte dira lan horretan hasi nintzela. Egun, Luismi Espinosa eta biok aritzen gara.

Erraza al da halako sona duen lehiaketa bat antolatzea?

Lehiaketarako abesbatzak aukeratzea izaten da lanik konplexuena. Tolosako lehiaketa Europako Sari Nagusiaren barruan dago, beste bost lehiaketekin batera. Amateur mailako abesbatzen artean, sariketarik garrantzitsuenak dira. Hori dela eta, ezin duzu edozein talde ekarri; ezin duzu hutsik egin, gainerako lehiaketak antolatzen dituzten herrialdeetako taldeak ere hona etortzen direlako abestera eta lehiaketa bera ezagutzera. Kalitatea bermatu behar dugu. Publiko jakin bat ere badugu, eta horiei denetik eman behar zaie, ez dadila eurentzat ere zerbait aspergarria izan.

Zer aldatu da lehiaketan azkeneko urteetan?

Aitortu behar dut, duela 11 urte sartu nintzenean, lehiaketaren 41. edizioa zela, eta, orduan, makina bat balitz bezala funtzionatzen zuela antolakuntzak, betiko egitura bera mantentzen zuelako. Hortaz, erraza egin zitzaidan lantalde horretan murgiltzea. Ez dut ezer berria sortu beharrik izan, eta nahikoa izan da nola funtzionatzen zuen ikastea. Hala ere, lehiaketaren bueltan boluntario modura parte hartzen duen langileen sare guztia antolatu beharra dago. Tolosan, gainera, badugu gurea den berezitasun bat, gure zigilua. Izan ere, gu beste lehiaketetara joan ohi garenean, laguntzaileak izaten ditugu, baina ez gurekin bizitzen. Hemen, berriz, hori bultzatzen dugu, eta atzerriko taldeek balioa ematen diote horri. Harreman berezi bat sortzen da, herritar bat ondo ezagutzen dutelako, eta, ondorioz, herria bera ere kanpotik datorren beste edonork baino hobeto ezagutzen dutelako.

Tolosaren kasuan, zorrotza al da herriko publikoa?

Bai. 51 urteko historia daukan lehiaketa bat da, eta, beraz, tolosarren belarriek ere heziketa bat izan dute. Gero eta zorrotzagoak dira herriko entzuleak. Publikoaren sariak, esaterako, askotan egiten du bat epaimahaiak emandako sari nagusiarekin. Beraz, horrek ere zeresana ematen du, eta argi erakusten du Tolosan biltzen direnek abesbatzen lana ongi interpretatzen eta neurtzen dakitela.

Aurten, baina, erabat aldatuta dator abesbatzen ekitaldia. Lehiaketa zena jaialdi bihurtu da, eta inguruko taldeekin osatu duzue egitaraua.

Sekulako arazoak ikusten genituen. Duela hilabete batzuk ez genekien oso ondo urte sasoi honetan nola egongo ginen, eta nik uste dut asmatu dugula. Argi genuen atzerritik ezin genuela talderik ekarri, hori egiteak eskatzen dituen ezohiko neurri bereziengatik. Gastu eta azpiegitura aldetik ere sekulako inbertsioa eskatzen zuen lehiaketa ohiko moduan egiteak. Ondorioz, lehiaketaren hastapenetako urteetara itzultzea erabaki da. Orduan ere, inguruko taldeekin osatzen zuten egitaraua.

Nolako jaialdia izango da aurtengoa?

Euskal Herrian ditugun talderik onenetariko batzuk entzuteko aukera egongo da; Asturiastik [Espainia] ere etorriko da talde bat. Errepertorioari dagokionez, saio ezberdinak entzun ahal izango dira.

COVID-19ak eragindako neurri aldaketak direla eta, segurtasuna bermatuko duzue.

Bai, eta eskerrak gure aurretik ere zenbait kultur ekitaldi garrantzitsu izan diren; Zinemaldia, Musika Hamabostaldia edota Jazzaldia, esate baterako. Horien antolakuntza nolakoa izan den, zein protokolo bete dituzten eta nolako neurriak hartu dituzten jakin ahal izan dugu, gure jaialdia ere ahalik eta bermerik handienarekin egin ahal izateko. Jendea gustura etor dadin, eta seguru senti dadin nahi dugu, kultura segurua delako.

 

MOTZEAN

Kultur alor edo sektore bat? Musika.

Ekoizle ala sortzaile, zer nahiago? Ekoizle.

Antzerki obra bat? Mami Lebrun.

Antzezle bat? Kepa Errasti.

Abesbatza bat? KUP Taldea.

Zuzendari bat? Gabriel Baltes.

Musika mota gustukoena? Melodikoa: batez ere, lasaia.

Abesbatza lehiaketako une gogoangarriren bat? Lituaniako Kamer abesbatzak 2018an eskainitako saioa eta Errusiako Ponomarev Vesnak 2017an eskainitakoa.

Antzerkirako areto bat? Topic edo Viktoria Eugenia.

Eta abesbatzetarako? Bartzelonako eta Taiwango auditorio nazionalak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.