Zenbait pauso, bide luzea falta zaion sektore batean

Zenbait pauso, bide luzea falta zaion sektore batean

Miren Garate

Hamarkada batean agortuta egon ostean, joan den astean iragarri zuten Adegik, ELAk, LABek eta CCOOk Gipuzkoako metalgintza sektoreko lan hitzarmena berritzeko akordioa lortu zutela. Hain zuzen, gaur bertan dira sinatzekoak —UGTk ez dio oniritzirik eman, “adarjotze bat” iruditu zaiolako patronalaren proposamena—. 2022ra arte egongo da indarrean, eta, besteak beste, soldata igoerak, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak eta aurrerako eragin mugagabea biltzen ditu. Patronalak nahiz langileen ordezkariek “historikoa” hitza erabili dute lortutakoa definitzeko, eta sindikatuek puntu bat nabarmendu dute bereziki: genero berdintasunean aurrerapausoak ekarriko dituela.

Horri lotuta, bi puntu nagusi daude akordioan: alde batetik, berdintasun planak egiteko, enpresek legeak agintzen duena baino informazio gehiago eman beharko diete sindikatuei, eta garaiz, legeak jartzen duen gehienezko epe mugara iritsi baino sei hilabete lehenago. Bestetik, genero berdintasunerako batzorde bat sortuko dute patronalaren eta sindikatuen artean, hitzarmena indarrean sartu eta hiru hilabete igaro baino lehen.

Neurri horiei buruzko balorazioa eskatuta, hainbat puntutan jarri du arreta sindikatu bakoitzak. Sektorean, ELAk du ordezkaritzarik handiena (%48,8), eta haren atzetik LABek (%34,4), CCOOk (%12,4) eta UGTk (%4,5). Sindikatuek eta Adegik pandemiaren atarian izan zuten hitzarmena berritzeko lehen batzarra, otsailaren amaieran, eta uda ostean bizkortu zituzten negoziazio bilerak. Hala, urriaren 1ean, ELAk iragarri zuen onartu egingo zuela patronalak egindako proposamena. Alabaina, ozta-ozta bazen ere, haren baietza ez zen nahikoa itun berriak eragin orokorra izateko, horretarako akordioak %50eko babesa behar baitzuen, gutxienez.

Informazioa eta batzordea

Proposamen horrek jada biltzen zuen enpresek legeak agindu baino informazio gehiago emateko konpromisoaren puntua. Unai Martinez ELAko metaleko arduradunaren esanetan, hobekuntza hori garrantzitsua da, enpresetan “benetan eraginkorrak diren berdintasun planak” lortu behar direlako, eta horretan lagun dezakeelako informazioa edukitzeak. “Orain arte nahiko kritikoak izan gara berdintasun planekin, zeren askotan egiten dira berdintasun planak esateko berdintasun planak daudela, baina ez dute neurri eraginkorrik biltzen”.

Hain zuzen, Espainiako 6/2019 Errege Lege Dekretuaren arabera, aurtengo martxoaren 7tik, 150 langile baino gehiagoko enpresa guztiak berdintasun plan bat edukitzera behartuta daude; 2021eko martxoaren 7tik aurrera, 100-150 langileko enpresek ere bete beharko dute baldintza hori; eta 2022ko martxoaren 7tik aurrera, 50-100 langileko enpresek ere bai. “Guretzat garrantzitsua da informazioa edukitzea eta denborarekin jasotzea, horrek gure ordezkarien lana errazten duelako, eta, esan bezala, berdintasun plan eraginkorrak nahi ditugulako”. Postu bakoitzean zenbat kobratzen den, emakumeak zer postutan dauden, lantaldeak zer titulazio maila duen eta abar jakinarazi beharko dute enpresek.

Informazio gehigarria emateko obligazioa hobekuntza bat den arren, Martinezek aitortu du arantza bat geratu zaiela, ez baitute lortu enpresa bateko berdintasun plana ontzat eman ahal izateko langile batzordearen oniritzia ere beharrezkoa izatea. Legeak dio zuzendaritza behartuta dagoela langileen ordezkariekin negoziatzera, baina ez da ezinbestekoa akordio bat egotea. “Gure helburua zen itunean jartzea enpresetan egiten diren planak ontzat emango direla langileekin akordioa baldin badago, baina ez gara horraino heldu”.

Berdintasunari buruzko beste neurri bat ere biltzen du gaur sinatuko duten itunak. Berdintasun batzorde bat sortzea onartu du patronalak, herrialde mailakoa, eta LABek eta CCOOk beren buruari aitortu diote hori lortu izanaren meritua; izan ere, ELAk ituna sinatzeko prest zegoela iragarri ostean, beste hiru sindikatuek ez zitzaiela aski iruditzen esan zuten, eta horren ostean jarri zuen mahai gainean puntu hori patronalak. “Hasieratik esan genuen hitzarmenak denentzat izan behar zuela, ezin zuela gizartearen erdia kanpoan utzi, eta berdintasunean ez bazegoen benetako aurrerapausorik, ez genuela sinatuko”, esan du Usua Lasa LABeko kideak.

ADEGI

Generoko hutsune nagusia

Antzera mintzatu da Iker Gonzalo Euskadiko CCOOko industriako negoziazio kolektiborako arduraduna ere: “Hitzarmen honetan enpresek langileen ordezkariei eman beharreko informazioa bakarrik adosteak ez zigun ezertarako balio”. ELArentzat bezalaxe, CCOOrentzat ere hitzarmenak genero arloan duen hutsune nagusia da enpresetako berdintasun plan bat indarrean jartzeko ez dela derrigorrezkoa izango langileen adostasuna. Hala ere, kontatu du oro har pozik daudela arlo horretan erdietsitakoarekin: “Berdintasun batzordea aktibatzea nahi genuen, eta lortu dugu”. Sinatu ostean, Lan Harremanen kontseilura igorriko dute ituna, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean erregistratzeko, eta hemendik hilabete ingurura egongo da indarrean. Orduan hasiko da hiru hilabeteko epea. “Baina gure asmoa da epe hori ez agortzea, eta lehenbailehen hastea lanean”.

Berdintasun batzorde bat sortzeko ideia ez da berria; 2007-2009 urteetarako sinatutako hitzarmenean ere ageri zen neurri hori, baina azkenean batzordeak ez zuen bilera bakar bat ere egin. “Patronalak orain egin duen proposamena izan da batzorde horri nolabaiteko bizitza eta dinamika ematea. Hiru hilabeteko muga jarri zaio lanean hasteko, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu muga hori jarri izana”, azaldu du LABeko Lasak. Enpresaz enpresa egoera nolakoa den azaltzeko diagnosi bat egitea, soldata arrakala desagertzeko neurriak hartzea eta emakumeen kontratazioak bultzatzea izango dira haren zereginetako batzuk.

Bizkaian, iazko urte amaieran sinatu zuten metalgintzako hitzarmena, eta haren negoziazio prozesua nahiz edukiak oso presente egon dira Gipuzkoako negoziazioetan. Hain zuzen, Bizkaiko hitzarmenean ere adostu zuten berdintasun batzorde bat sortzea. CCOOko Gonzalok adierazi du dinamika antzekoa izango duela Gipuzkoakoak ere. “Jada martxan dago hura, eta, adibidez, adostu dute protokolo bat egitea sexu eta genero arrazoiek eragindako jazarpen kasuetarako”.

Berdintasun batzordean parte hartuko duela iragarri du ELAk ere, baina Martinezen esanetan, nahiko “eszeptikoak” dira batzorde horrekiko. “Orain dela hamahiru urte ere lorpen bat bezala saldu zen, eta hor egon da, ezer egin gabe”. ELAk ez zuen sinatu akordio hura.

LABek eta CCOOk, berriz, patronalaren proposamenaren aurrean azkarregi amore ematea egotzi diote ELAri. “Beste gai asko zeuden lantzeko, adibidez, lan osasunarena”, esan du Lasak. Berdin Gonzalok ere: “Lehen proposamena onartu beharrean, ELA negoziatzeko eta gainerako sindikatuokin mobilizatzeko prest egon izan balitz, hitzarmen hobea lortuko genuen”.

%90, gizonak

Gauza batean ados daude hiru sindikatuetako ordezkariak: hitzarmen berriak aurrerapausoak ekarriko ditu, baina bide luzea dago egiteko oraindik. Esku artean dituzten datuen arabera, 40.000 lagun baino gehiagori eragiten die Gipuzkoako metalgintzako itunak, eta horietatik %90 inguru gizonezkoak dira. Gainera, sektorean ari diren emakumeak ere lanpostu jakin batzuetan aritzen dira gehienbat: bulegoetan, garbiketan…

“Batzorde bat osatuta eta helburu batzuk jarrita gauzak ez dira gaurtik biharrera aldatuko. Horregatik esaten dugu borroka ez dela amaitu; hitzarmen bat sinatu dugu, baina denoi dagokigu enpresaz enpresa eskatzea berdintasun batzorde horren helburuak betetzeko”, esan du Lasak. Besteak beste, LABeko ordezkariak uste du “gizartearen konpromisoa” behar dela egoera aldatzeko. “Egin behar den lanketetako bat da ikusaraztea ez daudela emakumeentzako eta gizonentzako lanpostuak, produkzioko lanpostuak denontzat direla, horretara bideratutako ikasketak denontzat direla…”.

Enpresek askotan aipatzen duten kontuetako bat da emakume gutxi daudela metalgintzan lan egiteko prest, batik bat produkzioko lanpostuetan. “Sektorea emakumeentzat erakargarri egin behar dugu, baina oinarritik hasita, hau da, hezkuntza zentroetatik hasita”, nabarmendu du Gonzalok. Kontatu du Bizkaiko ikastetxeetan hitzaldiak eman izan dituztela, emakumeak ere sektorera bideratzeko, eta uste du Gipuzkoan ere halakoak egitea egokia izan daitekeela. “Ez hezkuntza erakargarriago egiteko bakarrik, baizik eta lan munduan sartzen direnean ere kristalezko sabaiak eta gaur egun dauden soldata aldeak ez egoteko”.

Martinezenek azaldu du industriako oraingo lanak eta lehengoak oso ezberdinak direla. “Esfortzu fisikoaren kontua eta abar asko aldatu dira, hori ezin da aitzakiatzat jarri emakumeak ez kontratatzeko”. Metalgintzako ituna lortu dutelako oso pozik daudela nabarmendu du, baina, aldi berean, “tristura eta haserre puntu bat” ere badutela dio. “Gipuzkoan, batetik, gizonak nagusi diren sektoreak ditugu: eraikuntza, papera, metala… Eta horietan lortu dugu baldintzak duintzea, patronal pribatuekin, gainera. Bestetik, pertsonak zaintzen dituzten langileak ditugu, gehienak emakumeak, dagoen gauzarik garrantzitsuena egiten dutenak. Horien lana, ordea, ez da aitortzen”. Zahar etxeetako greba ekarri du gogorra: “244 greba egun egin dituzte, eta ez zaie egiten duten lana aitortzen. Kristoren arrakala dago Gipuzkoako gizartean, eta metalgintzako itunak diputazioa lotsatzeko moduko egoera bat sortu du”.

 

ITUNA

Hamar urtean berritu gabe egon ostean, zortzi bilera aski izan dituzte Adegik, ELAk, LABek eta CCOOk Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmen berria adosteko. 2022ra arte iraungo du.

Puntu nagusiak

Soldata. Soldata tauletan %8,8ko igoera adostu dute 2011tik 2019 urteraino (baita dieta, bidaia eta abarretan ere), eta %0,8koa 2020rako; beraz, guztira, %9,6koa. 2021 eta 2022 urteetarako KPIa bermatuko da sektoreko enpresa guztietan (indizea negatiboa balitz, aldea ez da itzuli behar).

Lanaldia. Ez da murriztuko.

Aurrerako eragina. Mugagabea izango da.

Malgutasuna. Ez da gehituko, baina enpresek hiru egun lehenago beharrean, bost egun lehenago eman beharko dute abisua.

Azpikontratatutakoak. Mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan aritzen diren azpikontratatutako langileentzat subrogazioa onartzen du itunak.

ABLE bidezko kontratuak. Gehienez urtebetekoak izango dira, eta epealdi hori nahiz aldi baterako kontratuena antzinatasunerako aintzat hartuko da.

Osasun azterketak. Lan orduetatik kanpo egiten diren kasuetan, horren kostua enpresak bere gain hartuko du.

Lehentasuna. Gipuzkoakoa Espainiako lan hitzarmenaren gainetik egongo da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.