Aldaketa, bizitzeko

Leire Narbaiza
Argi daukat, ostera, bizi dugunak aldatuko bagaitu ere, ez duela gizartearen oinarria kanbiatuko, epe laburrean, behintzat. Pertsonak aldatu beharko genukeelako.

Leire Narbaiza

Udazkeneko ordu aldaketa izan genuen pasa den zapatuan. Beti hizpide ematen diguna, beti eztabaida sortzen duena, beti nahasten gaituena. Nik neuk ez daramatzat batere ondo kanbio hauek, nahiz eta azken hau izan ondoen daroadana; ordubete gehiago ematen diolako asteburuari, seguruenera.

Ingurukoei baino gehiago eragiten didatela ere konturatu naiz. Izan liteke, oro har, edozein aldaketarekin oso txarto konpontzen naizelako; urtaroek eragindako eguraldi aldaketekin, esate baterako. Beti gertatzen zait, neure buruari galdetzen diot ea zer janzten nuen sei hilabete lehenago, biluzik edo barruko arropa hutsean ez nintzelako kalera irteten, eta armairua arropaz gainezka egonda.

Kanbioa kontu latza da, buruan geneuzkan ustezko segurtasunak deuseztatu egiten dituelako, eta, askotan, ziurtasun ez seguru horiek eusleku bihurtzen zaizkigulako, bizitzan aurrera egiteko modu bat balira legez, zeri atxikitzeko edukiko bagenu bezala, flotagailu bat itsasoan (bizitzan) igeri egiten ez dakigunondako. Baina egindako planak lehertu eta desagertzen dira gutxien espero dugunean, ondo ikasi dugun bezala.

Dena den, hori da bizitza, aldaketa hutsa. Bestela, nola bizi mudantza barik, bada? Beti ume denboran edo nerabezaroan egongo ginateke. Gizartean ere kanbioak egongo ez balira, eskubide indibidualik ere ez litzateke egongo, emakumeok boto eskubiderik ez genuke edukiko, esklabotza legala litzateke. Kostatuta ere, mudantza ezinbestekoa da. Kontua da gehienetan soseguz eta patxadaz gauzatzen dela, hazten dabiltzan umeen moduan: ezin dugu ikusi haurrari zelan luzatzen zaizkion hezurrak, zelan sortzen zaion azal eta haragi berria. Prozesu ikusezina da gertatzen ari denean, baina denbora igarotakoan ederto igartzen dugu.

Horregatik, tupustean gertatzen denean da durduzagarria aldaketa, deskolokatu egiten gaituelako; lehen aipatu dudan moduan, segurtasunak desagerrarazten dizkigulako, ezeren arrimu barik. Hala gaude ia guztiok izurrite honen erdian, gure bizitzeko era aldatu digulako, inoiz esperoko ez genuen bezala. Larrialdi egoera etengabean gaude aspalditik.

Martxo-apiril urrunetan esaten ziguten hobeak irtengo ginela pandemiatik. Zalantza handia daukat, jakin ere ez dakigu-eta noiz irtengo garen! Argi daukat, ostera, bizi dugunak aldatuko bagaitu ere, ez duela gizartearen oinarria kanbiatuko, epe laburrean, behintzat. Pertsonak aldatu beharko genukeelako, eta hori nekez gertatzen delako.

Hobeak ez gaitu bihurtu, baina bai, begi-bistan geratu dira gure sozietatearen itoginak, oinarrian dauden desberdintasun eta injustiziak. Era berean, agerian laga du gure hirien eta herrien egitura fisikoak berak ere ez digula balio. Herri bizigarriagoak behar ditugulako, plaza eta berdeguneak dituztenak, ume eta zaharrak lasai ibili eta jolasteko. Herri gozoagoak, abegikorragoak. Gune publikoak ere birdiseinatu beharko lirateke: zahar etxeak, eskolak, ospitaleak… Lorategi eta espazio zabalak izan ditzaten, erabiltzaileen beharretara egokituta. Lekuak pertsonendako izan daitezen, eta ez porlan eta automobilen erresuma hutsa. Goitik behera kanbiatu behar da herrien egitura, eta pertsonen beharrak zentroan jarri.

Tokiak kanbiatzeko gu ere aldatu behar gara, dena bizigarriago egin dezagun denon onerako.