Antzerkiaren hilabetea

Antzerkiaren hilabetea

Aitziber Arzallus

Urte pandemiko honetan ere Euskal Antzerki Topaketak egitea erabaki du Azpeitiko Udalak. XXXVIII. edizioa izango da aurtengoa, eta hainbat antzezlanez gozatzeko parada izango dute herritarrek, azaroaren 20ra bitartean. Oraingoz, ordea, Azpeitiko bizilagunek bakarrik izango dute aukera hori, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin baitu norberak bizileku duen udalerritik ateratzea, lan, hezkuntza, osasun eta zaintza arrazoiengatik ez bada.

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak esan du ez dutela dudarik izan: “Hasieratik argi izan dugu, egoerak eskatzen dituen baldintza eta protokolo guztiak beteta, baina topaketak antolatu egingo genituela”. Azkeneko egunotan indarrean sartu diren neurrien ondorioz, protokoloak berrikusi eta zorroztu behar izan dituzte, baina ez dute aztera egin. “Gure hizkuntza eta kultura zaintzeko erantzukizunez jokatzea dagokigu erakundeoi. Izan ere, sektore ekonomiko hau eteteak egoera larria ekar dezake bihar. Ez da gaurko sortzaileei, langileei eta haien familiei egiten diegun zauria soilik; gaurko ekintzekin, etorkizunari begira, gure hizkuntzari eta kulturari ateak ixten ari gara. Kultura zaintzea ere bada gure herriko sektore zaurgarrienak babestea, gure komunitatea eta izaera babestea”.

Duela aste batzuk egin zuten aurkezpen agerraldian, dagoeneko aurreratu zuten “indarberrituta eta berrikuntzaz beteta” zetorrela aurtengo edizioa. Izan ere, urtero legez, heldu, gazte zein haurrentzako ikuskizunak aukeran izango dira topaketetan, baina ikuskizunen ordutegiak kulturzaleen ohituretara egokitu dituzte. Horrela, helduen emanaldiak 19:30ean hasiko dira aurten, 21:30ean hasi beharrean, eta umeentzako ikuskizunak larunbat arratsaldetan izango dira, igande arratsaldetan izan beharrean.

Beste aldaketa bat ere izango da: emaldi guztiak Soreasu antzokian izango dira. Ez zen hori antolatzaileen asmoa. Sortzaile berrien zikloaren baitako ostegunetako formatu txikiko obrak Dinamoa sormen gunean egiten hasi ziren iaz, eta, “izan zuten arrakasta ikusita”, aurten ere gauza bera egiteko intentzioa zuten, baina, azkenean, atzera egin dute. “Segurtasun neurriak behar bezala beteko direla bermatzeko eta antzezlan horiez herritar gehiagok gozatzeko aukera izan dezaten”, ikuskizun guztiak Soreasu antzokian izatea erabaki dute.

Emanaldi guztietan segurtasun neurriak zorrotz betetzeko konpromisoa hartu du Azpeitiko Udalak, eta, Eusko Jaurlaritzak aretoen edukiera erdira murrizteko agindu baldin badu ere, udalak erabaki du Antzerki Topaketen barruko emanaldi guztietan edukiera are gehiago murriztea; %30era, hain zuzen. Ondorioz, gehienez 160 lagun sartuko dira emanaldi bakoitzera.

Kalitate handiko lanak

Egitarau bete-betea antolatu du udalak, eta “kalitate handiko hamar euskal ekoizpen” ikusteko aukera izango da Antzerki Topaketetan. Horietatik bi nabarmendu nahi izan ditu Albizuk: Bonbom beltz konpainiaren Lanaz eta xaharretaz, eta Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra. Biak Soreasun bertan ondutako obrak dira, eta han bertan estreinatuko dituzte. “Euskal Antzerki Topaketak atzezlanak taularatzeko plaza izan ohi da, baina, horrez gain, guk kulturgileei eta antzerkigileei bestelako espazioak eta baliabideak eskaintzeko konpromisoa ere badugu. Bide horretan, hainbat antzerki konpainiak egonaldiak egiten dituzte Soreasun, sortzen eta esperimentatzen, eta Soreasun sortutako bi antzezlan estreinatuko dira topaketen barruan”, nabarmendu du zinegotziak.

Topaketen barruan 11 lan taularatu behar bazituzten ere, hamar izango dira azkenean. Izan ere, azaroaren 15erako programatuta zuten Eromen Produkzioaken Guateke, baina “osasun egoerak onera egin arte” atzeratzea erabaki dute, “osasun egoerak onera egin arte”, obrak duen tamainagatik eta aktore kopuruagatik.

Dirua itzuliko dute

Eusko Jaurlaritzak aste honetan hartu dituen neurriak direla eta, oraingoz behintzat Azpeitiko bizilagunek bakarrik joan ahal izango dute Antzerki Topaketetako emanaldietara. Horregatik, dagoeneko sarrerak erosita dituzten baina joan ezingo duten herritarrei dirua itzultzea erabaki du Azpeitiko Udalak. Horretarako, kultura@azpeitia.eus helbidera idazteko edo 943 15 70 68 telefono zenbakira deitzeko eskatu du udalak.

Emanaldietarako sarrerak, berriz, udalaren wegbunean daude salgai: azpeitia.eus.

Leave a Reply

Your email address will not be published.