Gaua bizibide dutenak, atakan

Ezinbesteko diru iturria da gaua zenbait sektoretako langileentzat. Etxeratze aginduak eta gainerako neurri murriztaileek eragin zuzena dute haien jardunean. Iturri hori itxita, berriak zabaltzea nahi dute, eta kaltetutako sektoreei begirako neurriak eskatu dituzte.

Julen Aperribai

ELENA GUINEA (tabernaria)
«Plan integral bat eskatzen dugu, arazoa errotik konpontzeko»

elena

Neurri murriztaile forma izan dute hasieratik COVID-19ari aurre egiteko ostalariei aplikatutakoek, Elena Guinea (Donostia, 1967) Donostiako Parte Zaharreko Aurresku tabernaren jabeak dioenez: «Pixkanaka, gero eta neurri zorotzagoak ezarri dizkigute, eta aldiro onartu ditugu eta egokitu gara». Hartutako erabakiekin batera ez zaie heldu, ordea, horien ondorioak arintzeko planik edo laguntzarik: «Prebentzioagatik itxi edo ordutegia moldatu behar badugu, onartuko dugu, baina uste dugu, horiekin batera, bestelako neurriak ere hartu behar direla. Plan integral bat eskatzen dugu, arazoa errotik konpontzeko». Halakorik ezean, komertzio eta taberna asko «bidean» geratuko direla uste du. Establezimendu batetik bestera egoera aldatzen dela aitortu duen arren, ohartarazpena egin du Guineak: «Egoera oso kritikoa da, eta oso orokorra».

Gaueko giroari begira egiten dute lan Aurresku tabernan, batez ere, eta, hortaz, neurri murriztaileek bete-betean eragin diete. Udako jaietan ateratako etekinekin egin ohi diote aurre neguari, eta astebururetako jai giroan lortutakoarekin, asteari. Lehen diru iturria itxita izan dute udan, eta bigarrenarekin ere ez du esperantza handirik: «Auzoetako jendea etorri ohi da asteburuetan, baina zertara etorriko da hemendik aurrera, 23:00etan etxean egon behar badu eta auzoan taberna handiagoak baditu?»

Egokitzea, batzuen esku

Zabaldu, zabalduko dute taberna asteburuan, baina Guineak aurreikusten du «jende oso gutxi» ibiliko dela, eta egoerari tenperatura hartzeko baliatuko dute, batez ere. Zenbait tabernak egoera berrira egokitzeko ahalegina egin dute, eta ematen zuten zerbitzua ere aldatu egin dute. Aurreskun halakorik egiteko aukerarik ez dutela dio tabernariak: «Gaueko taberna da gurea. Terraza edukitzeko aukerarik ere ez dugu, espazio faltagatik». Egoera berrira nolabait moldatzen saiatzen ari direla aitortu du, baina berezkoa dutenari eutsi eta hori babestea dela irtenbidea nabarmendu du: «Pub moduko taberna bat izateko alokatu genuen guk gure lokala. Baldintza horietan hartu genuen guk, eta, horrexegatik zen garestia. Gure taberna beste era batekoa bihurtu dadin eskatzea aroztegi batean lan egiten duenari arraina sal dezan eskatzea bezala da».

GORKA GARAI (taxi gidaria)
«Martxoaren aurretik baino %80 gutxiago fakturatzen dut orain»

gorka

Hamasei urte daramatza taxi gidari Gorka Garaik (Aretxabaleta, 1969), baina egungo egoeraren parekorik bizi gabea da. Gordin azaldu du bere egoera: «Martxoaren aurretik baino %80 gutxiago fakturatzen dut orain, eta dagoeneko zortzi hilabete daramatzat baldintza horietan lanean».

Antzuolan eskaintzen du taxi zerbitzua Garaik, baina Debagoieneko beste herrietara egindako joan-etorriekin, eta, batez ere, bailara horretako enpresei ematen dien zerbitzuarekin bete ohi zuen lanaldiaren zati handiena, martxoan egoera amildu zen arte. Herrien arteko mugimendua mugatu izanak zuzenean eragiten dio, mugikortasuna bera erraztea baita, hain zuzen, haren lanaren xedea. Ez du uste, ordea, etxeratze aginduak egungo egoera nabarmen makurtuko dionik: «Azkenaldian, gaueko zerbitzuen ez dago eskaera handirik. Lehendik ere nabarmen  gutxituta zegoen». Gaueko aisialdiarekin lotuta egon ohi da, asteburuetan, taxi zerbitzua, baina larunbat gauez bailarako herrietatik igarotzen den autobus bat badutela zehaztu du Garaik, eta lehen ere ez zuela hori lan eremu nagusia. «Hiriburuetan hemen baino ohitura handiagoa dago gauez taxia erabiltzeko; gu ez gara horretatik bizi». Aitzitik, Mondragon korporazioko enpresek eman ohi zuten lana, hark dioenez: «Langile asko joan ohi ziren kanpora lehen bailarako kooperatibetatik, eta astero egiten nituen joan-etorriak Loiuko aireportura». Orain, hori ere eten egin dela dio.

Laguntzen menpe

Pandemia iritsi osteko hilabete guztietan lanean aritu da Garai, «oso lan gutxi» izan duen arren. «Apirilean laguntza bat eskatu nuen, eta mutualitate batek 600 euroko laguntza eman zidan, uztailera arte», azaldu du. Nonbaitetik heldu beharko dira halako gehiago, dioenez: «Ez dakit Eusko Jaurlaritzak edo nork lagun diezagukeen, baina beharra badugu, itota baigaude bestela. Ez dakit zenbat denbora iraun dezakegun horrela».

LAURA MORIN (argi teknikaria)
«Gu geu gara alarma egoera gorrian gaudenak»

laura

Baztertuta eta desagertzeko arriskuan». Hala utzi dituzte ikuskizunetako teknikariak Eusko Jaurlaritzak alarma egoeran ezarritako azken neurriek, Laura Morin argi teknikariaren arabera. Zamatzen ari ziren lan baldintza kaxkarrei aterabidea bilatu beharrean, neurri berriekin horietan sakonduko dela uste du.

Antzerkigintzan egiten du lan, batez ere, Morinek, Donostiako eta inguruko herrietako antzokietan. Iragan asteburuan Andoaingo bi saiotan lan egitekoa zen, eta biak bertan behera geratu ziren. Aste honetan, neurri berriak iragartzeaz bat, balizko lanegun gehiago geratu zaizkio bete ezinik. Etxeratze aginduarekin publikoari kultur ekitaldietara joateko zailtasunak jarriko zaizkiola uste du, eta, era berean, gero eta zailagoa dela programatzaileentzat ezer antolatzea uneotan onartzen diren parametroetan: «1.000 laguneko edukiera duen espazio batean 250 lagun sartzea ez da errentagarria, teloiaren atzean lan egiten duen jende asko baitago».

Autonomo moduan edo aldizkako kontratuekin aritzen dira lanean teknikari asko, eta ogibidearen berezitasunak diru laguntza lerroetan ez direla aurreikusi uste du Morinek. Haren kasua ere argigarria da: ez zegoen Gizarte Segurantzan martxoaren 13an, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenean, eta, hortaz, ezin izan zuen inongo laguntzarik jaso. «400 euroko laguntza bat jaso nuen ondoren. Eusko Jaurlaritzak zabaldu zituen teknikarientzako laguntza lerro batzuk, zenbait hilabetera, baina nire laguntza SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak tramitatu zuenez, bateraezinak zirela esan zidaten».

Sindikatua, aterpe

Lehen aldiz alarma egoera ezarri zutenetik gaur arte %80 gutxitu dira zuzeneko emanaldiak, Morinen arabera. Sektorearen egoera ikusarazi, salatu eta neurri zehatzak eskatzeko eratu zuten duela hilabete batzuk Teknikariok sindikatua. «Ez gaude inongo estatututan edo hitzarmenetan. Gure lana erregularizatzea eta sektorearen berezitasunak aintzat hartuko dituen hitzarmen kolektibo baten alde egitea da asmoa», nabarmendu du.

Erantzunak, baina, «berehalakoa» izan behar duela uste du: «Ekintza plan bat behar dugu, premiaz, eta instituzioetatik etorri behar du, haiek baitituzte horretarako baliabideak. Gu geu gara alarma egoera gorrian gaudenak. Ez dira ohartzen desagertzeko arriskuan gaudela, eta ezin dela hori onartu».

IÑAKI ELORZA (SADE zinemen arduraduna)
«Gaueko murrizketek ez digute hainbesteko kalterik eragiten»

iñaki

Udan ohikoa izaten den beherakadaren ostean, arnasaldia izan behar zuen udazkenak zinema aretoentzat. COVID-19aren hedapenaren aurkako neurri berriek, ordea, orain arteko aurreikuspenak egoera berrira egokitzera behartu ditu aretoen kudeatzaileak. Gauean izaten da zinema proiekzioen zati handi bat, eta saio horiek beste ordu baten programatu edo bertan behera utzi behar izan dituzte aretoek. Hala ere, zinemetako ateak lehenago itxi beharra ez da sekulako arazoa Iñaki Elorza (Legazpi, 1969) SADE zinema aretoen kudeatzailearentzat; ez, behintzat, zuzenean eragingo dieten neurri murriztaile gehiago hartzen ez badituzte.

Uda hasieran zabaldu zituzten berriz ere SADEk kudeatutako zinema aretoak: Principe, Antiguo Berri eta Trueba. Gaueko saioa kendu egin zuten ia egun guztietan, eta asteazkenetakoa eta larunabatetakoa soilik mantendu zituzten. Bi egun horietako gaueko saioa kendu egin beharko dute orain. «Gaueko murrizketek ez digute hainbesteko kalterik eragiten», aitortu du. Edonola ere, ezarritako neurriekin batera, edukierari eragingo dioten neurri berriak hartuko dituzten beldur da. %50ean dago, momentuz, gehienezko edukiera. Saioak gutxitzeak publikoa beste saioetara bideratzea eraman lezake, baina horrek ere baditu mugak: «Aretoak beteko badira, irabazi ahal izango genukeen diru bat galduko genuke, jende bat kanpoan geratuko litzatekeelako». Pasa den asteburuan hori gertatu zitzaiela dio.

Kaltetu gehiago

Aretoak ez ezik, banatzaileak eta ekoiztetxeak ere ikusleetatik bizi dira. Haiei ere bete-betean eragingo die neurriek, Elorzaren arabera: «Ikusle gutxiago dira haientzat, eta diru bilketa ere, txikiagoa da». Aretoetako edukiera mugek eragindako trabei izkin egiten saiatzen direla zehaztu du, eta horrek, zenbaitetan, zaildu egiten duela haien eta aretoen arteko harremana: «Batzuetan gogorrak izaten dira negoziazioak, halakoak izaten direlako pelikulak estreinatzeko baldintzak ere. Film bat bi edo hiru aretotan batera jartzeko presio egiten digute, adibidez».

Lehendik indarra hartzen ari ziren kontsumo moduak egonkortzeak ere kezkatzen du SADE zinemen arduraduna. «Sareko plataformetara jotzen du geroz eta gehiago publikoak», dio. Publiko helduenaren kasuan, berriz, beldurra da eragozpen nagusia: «Adineko asko joaten zen lehen gure aretoetara; beherakada sumatu dugu orain adin tarte horretan. Nabari dugu lehen baino gehiago kostatzen zaiela batzuei zinemara joatea».