“Irundik pasatu diren migratzaile guztiek lezio bat eman digute”

“Irundik pasatu diren migratzaile guztiek lezio bat eman digute”

Imanol Saiz

Irungo San Joan plazatik pasatuz gero, bertako Harrera Gunean aurkituko dute herritarrek Josune Mendigutxia (Lesaka, Nafarroa, 1965), egunero. Plaza eta kalea haren bigarren etxe bilakatu dira, eta migratzaileak, bigarren familia. Alarma egoerak eragin dezakeen egoeraz oso kezkatuta azaldu da.

Bi urte eman dituzu Irungo Harrera Sarean. Zerk bultzatu zintuen hastera?

Gogoan dut eratu berri zuten Harrera Sareak egindako lehen gosari solidario hartan izan nintzela; hor ezagutu nuen. Orduan erabaki nuen sartzea, inolako zalantzarik gabe. Zergatik? Beti izan naizelako horrelakoa; bizitza osoa daramat besteei laguntzen. Bizitza osoa, txikitatik. Ez dakit nondik datorkidan grina hori. Oroitzen dut haurra nintzenean Afrikara dirua eramateko itsulapikoak genituela eskolan. Orduan esaten nuen: “Hara joan behar dut, misiolari bezala joan nahi dut”. Adin horrekin ez duzu kontzientziarik, baina nik argi nuen. Uste dut enpatia eta solidaritatea DNAn izaten diren gauzak direla. Kontzientzia soziala daukat, eta enpatia, nahi baino gehiago. Asko sufritzen dut injustiziekin, ikaragarri. Gainera, oso haserre jartzen naiz. Ez nuen zalantzarik izan sarea osatu zutenean, eta, zorionez, hemen sartu nintzen, bitan pentsatu gabe. Eta, hala, orain arte.

Zuri zeuri zer eman dizu boluntario lanak?

Asetasuna eman dit, baina komatxo artean. Hau ez baita batere erraza. Hasieran inplikazio emozional oso handia izan nuen. Orain dela bi urte, Irunera iritsitako familia batekin sekulako harremana egin genuen, esaterako, Lakaxita gaztetxean ginenean. Haurra beti nire bila ibiltzen zen jolasteko, eta gurasoekin ere primerako harremana egin nuen. Baina Irundik irten zirenean, oso gaizki pasatu nuen, negar egin nuen. Banekien hemendik joanda Frantzian ez zutela ezer askorik aurkituko. “Zer gertatuko zaie? Nola egongo dira?”. Hori galdetzen nion neure buruari une oro. Harreman handiak egin ditut, eta badira hemen gelditu direnak: Azpeitian batzuk, Bilbon besteak, eta Frantzia aldean ere baditugu lagunak. Haiekin jarraitzen dut harremana izaten, telefonoz. Gure familia dira; niretzat nire iloba txikiak bezala dira. Harreman handia izan dugu, oso estua, eta horrek eragin psikologiko handia du. Horregatik, hausnarketa bat egin behar izan nuen. Laguntzeko edozer egingo dut, baina emozionalki ez naiz hainbeste inplikatuko. Erraza da esatea, baina benetan zaila hala egitea. Egoerak gainditzen nau askotan. Zeinen zaila den hori.

Zer diozu migratzaileez?

Esan behar dut Irundik pasatu diren migratzaile guztiek lezio bat eman digutela. Gu hemen ederki bizi gara, oso eroso. Nahiz eta orain egoera zail batean egon, egoera eroso batean jarraitzen dugu hemengo herritarrok. Baina haiek ez dute ezer, patera batera igotzen dira eta bizitza arriskuan jartzen dute. Sekulakoak bizitzen dituzte bidean, eta asko zauriekin heltzen dira. Ikaragarria da. Bost laguneko talde batetik lagun bat soilik heldu zen Irunera, kasuetako batean, eta bidean lagun guztiak hiltzen ikusi zituen. Pentsa, zer bizi eta jasan behar izan duten. Baina, hala eta guztiz ere, hona iristean irribarre batekin ikusten ditugu beti, barrez daude une oro, beti kontent, beti ilusioz. Eta hori ikustean, lehen mundukoak gu garela esan dezakegu? Egunero zerbait ikasten dugu haiekin.

Zure egunerokoan zenbateko pisua hartu du sareak?

Hasieran dezentekoa, lan handia genuelako, baina orain, agian, pixka bat gutxiago. Nire egunerokoa honela hasten da: 10:00etan San Joan plazako harrera gunea zabaltzen dut, eta bertara gauean iritsitako migratzaileei harrera egiten diegu. Begiratzen dut ea norbaitek arropa behar duen, eta gosari duin bat eskaintzen diegu. Lehen arreta ematen diegu. Gero, astean bost aldiz, gauez, gautxori gisa aritzen naiz, trenez zein autobusez iritsitakoei aterpetxerako bidea erakusteko. Horrez gain, udalarekin edo Gurutze Gorriarekin hitz egin behar bada, han nago ni, errieta egiteko. Goizetik gauera arte nabil, hemendik hara.

Beraz, San Joan plaza eta kalea zure bigarren etxea direla esan daiteke?

Lagun eta ezagun askok hori esaten didate. Semeak lehengo egunean hori esan zidan. Bidalketa bat jaso behar nuen etxean, eta ea etxeko helbidea edo San Joangoa jarri nuen galdetu zidan. Baina, egungo egoera dela eta, nahi baino gutxiago egoten naiz San Juanen. Zaintzeko garaia da, eta ez dut inor kutsatu nahi. Egunero jende askorekin egoten naiz.

Zer da zuretzat Irungo Harrera Sarea?

Beharrezko zerbait da, 2018an beharrezkoa izan zen, eta oraindanik hala izango dena. Baina hau ez da berria. Gu boluntario gisa hasi aurretik ere jende asko pasatu da Irundik. Beharrezkoa da migratzaileentzat, baina baita guretzat ere. Gure lanak balio izan du herrikideei kontatzeko zer ari den gertatzen, munduak eta estatuek ez dutela ezer egiten, beste alde batera begiratzen dugula. Era berean, balio izan du ikusteko zeinen egoistak garen, ez dugula enpatiarik, ez ditugula besteen zapatak jartzen. Uste dut harrera sare asko behar direla, toki askotan.

Bi urte hauetako zer izan da garrantzizkoena, zure ustez?

Egun batetik bestera, Irunen injustizia handi baten kontra agertu ginen, eta ordutik gauza handiak lortu ditugu; horrekin geratzen naiz. Lo egiteko dispositibo bat irekitzea lortu dugu. Gainera, hori lortu dugunak herritarrak gara. Ez dugu botererik, baina antolatuta lortu dugu, eta horrek ere asko betetzen nau. Arazo hori Irunen ezagutaraztea lortu dugu, baina ez hemen bakarrik. Al-Jazeerako kazetariak etorri dira gurera. Ingalaterra, Alemania, Frantzia, Italia, Senegal… Gure lana mundu osora iritsi da. Hasieran albiste ez zen hura albiste egin dugu, eta ez gara kazetariak. Begirada atzera botata, uste dut gauza asko lortu ditugula. Gainera, irundarrek primeran jaso gaituzte, eta gauzak ongi egiten ari garenaren seinale da hori. Adibidez, Irunen espazio publiko bat okupatu dugu San Joan plazan, eta ez digute ezer esan. Beraz, badirudi guk egindako lana legitimatua geratu dela.

Konfinamenduagatik zuen lana eten egin behar izan zenuten, halabeharrez. Nolakoak izan ziren hilabete horiek?

Oso hilabete luzeak izan ziren denontzat. Kezka handia izan dugu denok kalean ziren migranteengatik. Hutsune bat izan genuen hilabete horietan; faltan sumatu genituen. Azken batean, boluntarioen eta migranteen artean familia handi bat osatzen dugu denok. Non egongo dira? Zer egoeratan? Galdera eta kezka asko etorri zaizkigu burura. Horrekin gaizki pasatu dugu denok.

Udan, ordea, zuen jardueran hasi zineten berriz. Nolakoa izan da egoera ordutik?

Uda hasieran, aurreikusi genuen bezala, jende pila bat etortzen hasi zen; emakumeak eta haurrak, batez ere. Ikaragarria izan zen. Gurutze Gorrian 100 ohe izatetik 30 izatera pasatu ziren uda hasieran, COVID-19a dela eta. Jende asko ari zen etortzen, eta, hortaz, Martindozeneako aterpetxea ere zabaldu behar izan zuen udalak, 30 oherekin. Orain jende gutxiago ari da iristen. Egia esan ez dugu ulertzen; izan ere, Kanariar Uharteak migrantez gainezka daude, hona etortzeko esperoan. Azken hilabete hauetan 300 bat lagun jaso ditugu hileko. Murriztu bada ere, jarioa etengabekoa da, egunero iristen dira taldeak.

Pandemiak, gainera, erabat baldintzatu du zuen lana. Nola ari zarete egoerara egokitzen?

Kontu handiz ari gara. Irunen COVID-19aren kasu asko ditugu, baina, zorionez, harrera sarean ez dago kutsaturik. Adituek gomendatutako neurriak jarraitzen ditugu. Maskara eramaten dugu une oro, distantziak mantentzen ditugu, eta garbiketa asko egiten ditugu. Hasieran, tren geltokitik dispositibora oinez joaten ginen, baina orain, tarteka, kotxez binaka ere joaten gara, ni aurrean eta haiek atzean, maskararekin, noski. Migratzaileak iritsi bezain laster, maskara berri bat ematen diegu. Kontrol zorrotzak jarraitzen ditugu.

Maiz salatu duzue lagun asko aterpetxetik kanpo uzten dituztela. Hala gertatzen da oraindik ere?

Bai, egoera lehengoaren berdina da. Gurutze Gorriko irizpideak ez daude batere argi, nahi bezala aldatzen dituzte. Jende asko utzi dute kalean. Ceutako gazte talde batek konfinamendua Ceutan bertan egin zuen, eta, Espainiako Estatuan zortzi hilabete baino gehiago pasatu zituztenez, ez zieten aterpean sartzeko aukerarik eman. Ikaragarria da. Emakumeak ere haurrekin utzi dituzte maiz kalean; lotsagarria da. Kalean geratzen diren guztiei alternatiba bat bilatzen die sareak. Bestela, euripean edo hotzez pasatu behar dute gaua.

Muga pasatzea ere erronka bat da oraindik?

Bai, kontrol arrazistak egiten dituzte oraindik, egunero. Asko Hendaian gelditzen dituzte, eta Irunen utzi. Joan den astean, adibidez, autobus gidari batek migratzaile talde bat zeramala jakinarazi zion Frantziako Poliziari. Arazoa ez dugu Poliziarekin bakarrik, ordea; arrazismo handia dugu gertu. Eta, egunotan iritsi zaigunez, mugan kontrol zorrotzagoak jarriko dituzte hurrengo egunetan eta asteetan.

Astelehenean ezarri zuten alarma egoera. Gaueko harrera lanetan, gutxienez, eragina izango du, ezta?

Arazo handia izango dugu horrekin. Gautxori boluntarioek 22:00etan jasotzen ditugu migranteak autobus zein tren geltokian. Haiekin Gurutze Gorriaren dispositibora joaten gara, eta, egungo egoeragatik, binaka sartzen dira. Erregistroa oso motela da: hogei bat minutu behar dituzte bi laguneko. Bitarte horretan beste guztiak kalean egoten gara; askotan, euripean. Maiz 00:30ean amaitzen dugu. Hortaz, 23:00etan etxean egon behar badugu, arazo larri batekin egingo dugu topo. Gainera, norbait onartzen ez badute, kalean utziko dute. Beraz, denbora gehiago beharko dugu lo egiteko leku bat aurkitzeko. Zerbait egin behar dugu, bai ala bai; jada pentsatzen ari gara. Esan diezadatela gizartearen osasuna kolokan jartzen ari naizela gauean kalean lau migratzailerekin nagoenean. Eta, bitartean, Espainiako Itzulia Irundik pasatzen; ikaragarria da.

Noiz arte segituko duzue borrokan?

Asko plazan erretiratuko gara… Erretiratu arte, eta gero ere ikusten dut neure burua harrera sarean lan egiten. Grina borrokalari hori odolean daramat, betirako da. Niretzako sekulako sentsazioa da, gure kasuan bezala, herritarrok arazo handi bati irtenbide bat emateko gai izatea. Uste dut asko lortu dugula, baina oraindik asko dugula lortzeko. Boluntario guztiak hasi dugun bide honetan jarraitzeko prest gaude.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.