“Pertsona askori esker lortu dira aurrerapenak”

“Pertsona askori esker lortu dira aurrerapenak”

Miren Garate

Ospakizun urtea behar zuen aurtengoak Atzegirentzat, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearentzat. Abenduaren 28an 60 urte beteko ditu, eta, besteak beste, Donostiako Kursaalean ekitaldi bat egiteko asmoa zuen. Atzeratu egin behar izan dute, COVID-19agatik, eta, ondo bidean, 2021ean egingo dute, 60 asteko iraupena izango duen kanpaina bati amaiera emateko. Ainhoa Fiz (Irun, 1982) koordinatzaileak dio bidelagunak omendu nahi dituztela kanpainaren bidez, eta, horrez gain, gogoeta bat egiteko baliatu nahi dutela urteurrena.

Egunotan, Gipuzkoako zenbait herritan aurkeztu duzue 60 urte bidelagunak biltzen kanpaina. Zertan jarri nahi izan duzue indarra?

Urtero egiten dugu sentsibilizazio kanpaina bat, eta, beharbada, aurtengoa bereziagoa da, 60. urteurrena ospatzen dugulako. Kanpainarekin, eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan lagundu digutenei, hau da, balioa eman nahi diegu urteotan izandako lorpenei; baina, bestalde, etorkizunari begira ere jarri nahi dugu. Zerbait ospatzen dugunean, beti jartzen dugu begirada iraganean, eta izandako lorpenei begiratzea ondo dago, baina pentsatu dugu batez ere datozen urteetan jarri behar dugula begirada. Behar berriak identifikatu, eta erronka berriak finkatu behar ditugu, hortik abiatuta ekiteko bideari. Hori da kanpaina honen asmoa.

Bidelagunak jarri dituzue aurtengo kanpainaren erdigunean. Zein dira horiek?

Denak, modu batera edo bestera adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekarpenak egiten dituzten guztiak: adimen desgaitasuna duten pertsonak, familiak, boluntarioak, langileak, administrazioa… Kanpainarako prestatu dugun kartelean, adibidez, sei lagun azaltzen dira: adimen desgaitasuna duen pertsona heldu bat eta gazteago bat; Atzegiren hastapenetako aita bat eta ama gazteago bat; boluntario bat; eta boluntario lanak ere egiten dituen arreba bat. Azkenean, pertsona askori esker lortu dira aurrerapenak.

Kanpainari lotuta, web orri bat ere sortu duzue bidelagunak ezagutzeko: Bidelagunak.atzegi.eus. Zer bilduko duzue atari horretan?

Kanpaina ez da astebeteko kontua izango, bizirik izan nahi dugu urte osoan. Horregatik, datozen 60 asteetan, 60 bidelagun ezagutzeko aukera emango dugu webgunean, astero bidelagun baten argazkia eta testigantza argitaratuko baititugu. Pertsona horien bidez, Atzegiren lorpenak eta erronkak identifikatzen joango gara. 60 aste pasatu eta gero, 2021eko abenduan, jaialdi bat egin nahi dugu Kursaalean, ospakizun urte honi amaiera emateko.

Zenbat kide ditu egun Atzegik?

2.054 familia ditugu, eta adimen desgaitasuna duten 2.140 pertsona ordezkatzen dituzte. 2.534 kolaboratzaile ere baditugu; hain zuzen, erakundean kolaboratzen dutenak dira horiek. Eta, horiez gain, 10.486 atzegizale ditugu, hau da, Atzegirekin loturaren bat izan duten edo gaur egun duten pertsonak. Jarrera aldetik dute konpromisoa horiek, eta hiru hilean behin gure aldizkaria ere jasotzen dute.

Aipatu duzu, alde batetik, atzera begira jarri zaretela, izandako lorpenak gogoratzeko. Lorpen horien artean zein nabarmenduko zenituzke?

Arlo guztietan egon dira lorpenak: enpleguan, etxebizitzan, aisialdian, hezkuntzan, eskubideetan… Duela 60 urte adimen desgaitasuna zutenek ezin izaten zuten botoa eman, eta gaur egun normalizatuta dago hori; garai hartan, borroka adimen degaitasuna zuten pertsonentzako egoitza edo ikastetxe bereziak sortzea zen, eta orain bizimodu independenteaz hitz egiten da; lehen, ez zuten lanik egiten, eta orain helburua ez da lana edukitzea bakarrik, enplegua aukeratzeko aukera izatea da helburua. Hilabete bat barru, adimen desgaitasuna duten pertsonei egokitutako oposizioak ere izango dira Gipuzkoan. Pauso garrantzitsuak dira, eta lortu dira eskaera bat egon delako familien aldetik, elkarteen aldetik nahiz gizartearen aldetik.

Aurrera begira jarri nahi duzuela nabarmendu duzu. Zein izan daitezke erronka berri horiek?

Urteurrena aprobetxatu nahi dugu barrura nahiz kanpora begirako gogoeta prozesu bat egiteko, eta nora jo nahi dugun ikusteko. Hain zuzen, iazko abenduan jarri genuen martxan prozesu hori, jardunaldi batekin. Bidea hasi berri dugu, baina esan dezakeguna da, garaiak aldatu arren, familien ardurak eta beharrak antzekoak izaten direla beti, eta normalean adimen desgaitasuna duten familiei inporta zaizkien gauzak beste familiei inporta zaizkien berberak izaten dira: lana, aisialdia, etxebizitza, eskubideak… Duela 60 urteko beharrak eta oraingoak ez dira berberak, baina arlo berberekin dute lotura behar berriek ere.

Datorren abenduaren 28an beteko ditu 60 urte Atzegik, baina urteurren festa datorren urtera atzeratu duzue COVID-19aren eraginez. Gainerakoan, nola eragin dizue birusak?

Zerbitzu guztietan eragin digu. Pandemia hasi zenetik, gauza batzuetan gelditu egin behar izan dugu, baina beste askotan aurrera egitea lortu dugu, eta sortu diren behar berriei erantzuteko lan asko egin dugu. Normalitate berrira egokitu behar izan dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.