“Beste alardeen aldean, guztiz ezberdina da Antzuolakoa”

‘Antzuolako Alardea. Ikerketa historikoa’ liburua idatzi du Lourdes Odriozolak. Nabarmendu du alardeak gizartearen aldaketetara egokitzen asmatu duela, bere esentzia galdu gabe.

Miren Garate

Hala uste bazen ere, Antzuolako Mairuaren Alardea ez zen 1881ean egin lehen aldiz, urtebete lehenago baizik. Hori da garaiko fakturak aztertu ostean Lourdes Odriozola (Errenteria, 1964) historialariak ateratako ondorioetako bat. Esan du alarde berezia dela Antzuolakoa, besteak beste, ez duelako Elizarekin lotura zuzenik.

Antzuolako alardeari buruzko ikerketa historikoa egin duzu. Zer jaso duzu liburuan?

Alardearen elkartea eta Antzuolako Udala nirekin harremanetan jarri zirenean, bi gauza esan zizkidaten; batetik, lan hau Antzuolatik kanpoko pertsona batek egitea nahi zutela, kanpo ikuspegi bat izateko; eta, bestetik, aurrez ere Mairuaren Alardearen inguruan egindako lanak biltzea nahi zutela, baina, horrez gain, ikerketa historiko bat egitea ere nahi zutela, hau da, bilketa eta errebisio lan bat egitea, egon zitezkeen hutsuneak betetzeko. Ikerketa sakona biltzen du liburuak. Hankaz gora jarri dugu Antzuolako artxiboa, eta hutsune batzuk, berezitasun batzuk eta gauza politak agertu dira.

Aipa dezakezu bateren bat?

Adibidez, liburu hau argitaratu arte denok uste genuen lehen Mairuaren Alardea 1881ean izan zela; izan ere, urte horretako udal batzarreko aktetan agertzen da protokolo osoa, nolakoa izan behar zuen ekitaldiak, nolakoa eszenografiak, buruzagiak zer diskurtso eman behar zuen… Eta hain zehaztuta zegoenez guztia, logikoa zen pentsatzea urte horretan izan zela lehen aldiz, baina ikusi dugu 1880an ere egin zela.

Nola iritsi zarete ondorio horretara ?

Lan honetan, fakturak eta gutunak begiratzen aritu gara. Lan astuna da, milaka dokumentu begiratu behar dira edozein gairi buruzko zerbait aurkitzeko, baina altxorrak ere agertzen dira. Mairuaren Alardea 1880an ere egin zela ikusi genuen, gastuen faktura bat zegoelako, xehatuta. Dokumentazioan ez da garbi esaten, baina badirudi ekitaldi hori oso gustukoa izan zutela herrian, eta, ondorioz, hurrengo urtean jada protokolo bat prestatu zutela.

1880aren aurretik ere izan ziren alardea egiteko saialdi batzuk, ezta?

Azken karlistaldia amaitutakoan, 1876tik 1879ra, zenbait saiakera izan ziren, bai, eta alarde folklorikoak antolatu zituzten, jaialdi gisa. Zerbait egin nahi zuten, beren nortasunari indarra emateko eta ohitura zaharrak ez galtzeko, eta lehen pausoa izan zen alarde folklorikoak egitea. Ondoren, 1880an egin zen, lehenengoz, Mairuaren Alardea, eta, handik aurrera, urtero egin da, hiru urtetan izan ezik: 1937an eta 1938an, gerragatik, eta, aurten, koronabirusagatik. Nire ustez, oso esanguratsua da 1939an ere Mairuaren Alardea egin izana: apirilaren 1ean amaitu zen -gerra, eta, min hori hor egonda ere, herritarrak hor daude, armekin, alkandora eta galtzekin dotore jantzita… Agian, alardeak herria batu zuen sinbolo da argazki hori.

Antzuolako alardearen zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke?

Azpimarratuko nuke ospakizun bat dela, jaialdi bat, antzuolarrek herriarentzat egindakoa, baina bere ikusminak eskualdeko mugak ere hausten dituela. XX. mendeko prentsan, esaterako, ABC egunkariaren azalean agertu zen 1930ean, eta hura ez zen egunkari aurrerakoi bat. Ospakizun berezi bat da, nortasun propioa duena. Gipuzkoan egiten diren beste alardeen aldean, guztiz ezberdina da Antzuolakoa.

Zertan da desberdina?

Adibidez, ez da Elizari lotutako ospakizun bat, ekitaldi zibila da. XIX. mendean eta frankismoa amaitu arte, ia atzo goizera arte, Elizak sekulako presentzia zuen gizartean, gizarteko ohiturak ere maneiatzen zituen, baina Antzuolako alardean ez da ezertarako agertzen. Bestalde, beste alardeak armen errebistak dira, eta Antzuolakoan alardea eta 920an sortutako Valdejunquerako bataila nahasten dira, eta errege mairuaren elementua ere badago. Horrek askoz konplexuagoa eta askoz aberatsagoa egiten du. Gainera, ekitaldi horrek zuzenean lagundu du gure ondare kulturala sustatzen ere; adibidez, euskal dantzak ia hasieratik agertzen dira, Irunen eta Hondarribian ez bezala.

Garai berrietara egokituz ere joan da Antzuolako alardea urteotan. Berrikuntza horietako zein aipatuko zenituzke?

1977an, frankismoa amaitu eta Mairuaren Alardearen bigarren fasea hasi zenean, buruzagiak diskurtsoa euskaraz egin zuen. Euskararen debekua kendu zuten unea da, eta euskara bultzatzeko modu bat izan zen. 2009an, berriz, gizartearen aldaketei lotuta eta emakumeen rolari lotuta, eszenografia goitik behera aldatu zuten, eta jada ez da hain zapaltzailea. Aldaketa horiek adostasunez egin dira herrian.

Herriak ondo hartu ditu, beraz, aldaketak?

Bai, herria inplikatu egin da alardean, eta berrikuntzak ere horregatik etorri dira. 1976an, jaialdia hiltzen ari zela konturatu ziren, eta esan zuten: ‘Hemen berrikuntza bat egin beharra dago’. 1976ko aldaketa haiek egin ez baziren, agian gaur egun ez zen alarderik izango, edo ez zen gaur egun den bezalakoa izango. 2009an ere ikusi zen gazteek ez zutela gogo handirik, baina berrikuntza bat egin zen eszenografian. Kanpotik ikusita, meritu galanta du, birmoldatzen eta gizartearen aldaketetara egokitzen jakin duelako, bere esentzia galdu gabe. Hori oso zaila da.