Lehortzen utzi ezin den oasia

Lehortzen utzi ezin den oasia

Aitziber Arzallus

Joan den ostiralean, urriak 30, hamabost urte bete zituen Zarauzko ametsen fabrikak: Putzuzulo gaztetxeak. Baina ospatzeko gutxi daukate hango kideek. Izan ere, aurki eraitsiko diete eraikina. Halaxe jakinarazi du gunea kudeatzen duen Xakela asanbladak. Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin hizketan ari dira arazoari irtenbide bat topatzeko, baina, gaur-gaurkoz, ez dute nora joanik. Eta garbi esan dute: beste gune bat ziurtatuta izan arte, ez dira Putzuzulotik mugituko.

Leku horretan etxebizitzak eraiki nahi dituztelako botako dute gaur gaztetxea den Textil Guipuzcoana eraikina. Egia da aspaldikoa dela Salberdinen etxebizitzak eraikitzeko plana, eta gaztetxeko kideek hasieratik izan dutela asmo horren berri, baina data zehatzik gabe. Iazko udaberrian ohartu ziren lanak azkartzen hasi zirela, eta iazko uztailean, alkateak baimena sinatu ostean, gaztetxearen inguruko eraikin guztiak bota zituzten. Harrezkero, irla bat da Putzuzulo, oasi bat, obra hondakinen artean.

Horrenbeste lan eginda eraikitakoa gainbehera datorrela ikusita, “kristoren pena” sentitzen dute Hodei Esteban Petrusak (Zarautz, 1983) eta Joritz Bastarrikak (Zarautz, 1995). Belaunaldi banatakoak izanagatik, biak ala biak gaztetxean ordu asko sartutakoak dira, eta ez dute beste hitzik momentuotan barruan sentitzen dutena azaltzeko. Eraikina okupatu eta Putzuzulo eraikitzen hasi zirenetakoa da Esteban; iaz utzi zion asanbladako kide izateari. Bastarrika, gazteagoa izaki, Estebanen belaunaldiari erreleboa hartu dienetako bat da, eta asanbladako kide izateaz gain, Arraio Irratian aritzen denetako bat ere bada.

Putzuzulo eurentzat zer den galdetuta, Estebanek esan du hasieran jarri zioten izenak “ondo adierazten duen moduan”, Putzuzulo “ametsen fabrika bat” izan dela. “Amets pila bat genituen betetzeko, eta amets berri pila bat sortzeko balio izan digu”. Bastarrikak, berriz, “bigarren etxe” gisa definitu du. “18 urte neuzkala sartu nintzen hemen, eta ordutik, nire bizitzaren zati bat egiteko aukera eman dit, neuzkan ezinegonak eta beharrak asetzeko”.

Egin dien ekarpenetik harago, biek ala biek nabarmendu dute hamabost urteotan gaztetxeak herriari eman diona. Estebanek gogoan du Putzuzuloren sorrerak Zarautzen eragin zuen mugimendu sozial eta kulturala. “Hemen gauzak antolatzen hasteak ekarri zuen herriko tabernetan eta beste hainbat gunetan ere gauzak antolatzen hastea: kontzertuak, antzerki emanaldiak eta abar. Sekulako olatua izan zen”. Horrez gain, Putzuzuloren aterpe izaera azpimarratu du Bastarrikak, kultur eskaintza “ikaragarria” egiten duen gunea izateaz gain, herriko hainbat talde eta eragilerentzat euren jarduerak garatzeko gunea ere badelako. Urteotan guztiotan, eragile askok askotariko jarduerak egin dituzte han: yoga ikastaroak, dantza ikastaroak, bertso saioak, jantoki beganoa, hitzaldiak, topaketak… Eta kontzertuak, kontzertu asko: “Mundu guztiko musika taldeak izan dira Putzuzulon, eta Euskal Herrian eta munduan erreferentzia bat da”, dio bietan beteranoen Estebanek. Gaur egun, besteren artean, Arraio Irratiko kideek, Danda Gazte Asanbladakoek, saltsa ikastarokoek eta bertso eskolakoek baliatzen dute gunea.

Irtenbidea, orain

Zer gertatuko da horiekin guztiekin eraikina eraisten dutenean? “Horietako asko umezurtz geldituko direla”, esan du Estebanek. “Berez, eraikina eraistearen ondorioz ez litzateke mugimendua bukatu behar, baina argi dago asko baldintzatuko duela”. Bastarrikak arrazoia eman dio. “Arraio Irratiko kideok, esaterako, erabakita daukagu saioak ematea lehenetsiko dugula, eta, beharrezkoa izango balitz, beste lekuren bat topatuko genukeela”, baina uste du beste jarduera asko garatzeko zailtasunak izango lituzketela, “herrian ez baitago horrelako gauzetarako lekurik”.

Hori gertatu ez dadin lanean ari dira Xakela asanbladako kideak, “alkatearekin zuzenean negoziatzen”. Ez da saiatzen diren lehendabiziko aldia. “Hasieratik genekien kaleratzeko arriskuan geundela, hustearen mamu pisutsu bezain nekagarria beti izan dugu gainean, eta behin betiko gaztetxe bat lortzeko saiakerak egin izan ditugu aurretik ere”, kontatu du Estebanek; “baina puntu honetara iritsi bagara, argi dago nahikoa ez dugula egin”.

Hala ere, oraindik ez dago dena galduta, eta denbora kontra duten arren, “borrokatzeko prest” daudela esan du Bastarrikak: “Eraikinari eustea ezinezkoa izango da, baina proiektuari eutsi egin nahi diogu, kosta ahala kosta, eta, horregatik, beste leku bat behar dugu, eta orain behar dugu. Hori ziurtatzen ez diguten arte, gu ez gara Putzuzulotik mugituko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.