Herriko historia zaindu nahian

Herriko historia zaindu nahian

Irati Saizar Artola

Tolosako Kale Nagusian etxebizitza bat eraitsi zuten uztailean, berri bat egiteko asmoz. Andia dorrea du ondoan botatako etxeak. Dorre hori Tolosako lehen eraikina izan daitekeela kontuan hartuta, herritar talde batek zaintzeko eskatu du. Hala ere, dagoeneko hasiak dira etxebizitza berria eraikitzen. Jesus Mari Agirre herritarrak salatu duenez, “korrika ari dira eraikitzen, guri inolako kasurik egin gabe”.

Kale Nagusiko 17. zenbakian kokatuta dagoen eraikina da Andia dorrea. Zenbait historialari eta idazleren iritziz, Tolosan altxatu zen lehendabiziko eraikina da, X. mendekoa. Oraindik teilatupean dituen bost gargola eta hego fatxadan duen armarria mantentzen ditu. Herritar batzuek kezka eta interesa adierazi dute. Dorre historikoa baloratzea eta zaintzea nahi dute, eta horretarako udalari proposamen bat egin zioten, EH Bilduko zinegotzien bitartez. Herritar horien artean da Agirre. “Ahal del,a ipar fatxada agerian uztea nahi genuen, edo, behintzat, teknikari talde batek aztertzea”, azaldu du.

Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak esan du beraiek erregistro elektroniko bidez egindako eskaria Gipuzkoako Foru Aldundira bideratu duela Tolosako Udalak, baina ez beraiek eskatzen dutena eskatuz: “Gargolak eta armarriak aztertzeko soilik eskatu dute, eta guk ipar fatxada ere aztertzea nahi genuen”. Egoera ikusita, sentsibilitaterik ez daukatela uste du Jesus Mari Agirrek. Dagoeneko etxebizitza berriaren lehen hiru solairuak eraiki dituztela dio. “Hala ere, oraindik badago denbora, gutxienez adituek azterketa bat egin dezaten, eta ea zer azaltzen den”.

andia1

Herriko lehena

Andia dorrea X. mendekoa dela uste dute historialari batzuek, herria sortu baino hiru mende lehenagokoa. 1200. urtean, Gaztelak Gipuzkoa bereganatu zuenean, dorrea jada bazegoela diote. Angel Martin Ramos udal arkitektoa izan zenaren La construccion de Tolosa liburuak orduko Tolosa nola sortu zen eta nola eraiki zen argitzen lagundu dezake. Liburu horren arabera, Tolosari herri izaera 1256an eman zion Gaztelako Alfontso X. erregeak, baina aurretik jadanik bizi omen zen jendea Oria ibaiaren ertzean eta Uzturre mendiaren magalean. Mendiz inguratuta eta ibaia alboan zuela, merkataritzarako baldintza ezin hobeak zituen lekuak, baita defentsarako eta kontrolerako ere.

Dorreak defentsarako forma eta orientazioa duela aipatzen da liburu horretan. 17×14 metroko solairu errektangularra dauka. Iparraldeko hormak mendira ematen du, eta hegoaldekoak, inguruan dituen beste hiru bailaretara. 120 zentimetroko lodiera daukate lau harresiek. Teilatupean bost gargola eta armarri bat ere baditu.

Herriguneko lehen eraikin horren inguruan sortu ziren beste eraikinak, eta horrela sortu zen leku horretan Tolosako aurreneko kalea. Gainontzeko kaleak sortzen joan zirenean, Kale Nagusia jarri zioten izena dorrea aurkitzen den kaleari.

Mende horietan jende asko bizi izan zen dorre horretan. Tolosako Udalak informazio plaka bat du jarrita dorrearen beheko solairuan, eta, bertan aipatzen denez, XV. mendean, Domejon Gonzalez Andia bertan jaio eta bizi izan zen. Gipuzkoako Batzar Nagusietako eskribaua izan zen 1456tik aurrera, eta paper garrantzitsua izan zuen bere garaiko politikagintzan. Gipuzkoako herrien batasuna lortu zuen, eta Batzar Nagusien egitura politikoari forma eta egonkortasuna eman zizkion. 1842an Ingalaterrako koroak eta Gipuzkoak sinatu zuten bake itunean paper garrantzitsua izan zuen, itsas trafikoa bultzatuz bien artean. Bere garaian, Gipuzkoako errege bezala izendatzen zuten, eduki zuen protagonismoaren adierazle.

1503an erre egin zen Andia dorrea, Tolosan izandako sute baten ondorioz, eta, dorrearen lau paretak zutik geratu zirenez, Gonzalez Andiaren semeak berreraiki omen zuen. XVII. Mendean kontzejuaren egoitza ere izan zela dio informazio plakak.

Uztailean bota zuten dorrearen alboko eraikina, eta bistan geratu zen horma bat. Lehen ondoan zeuden bi eraikinen arteko horma da hori, udal agirien arabera. Herritar talde batek, ordea, aztertzea eskatu dute, dorrearena izan daitekeelakoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.