“Irratia egiteko era ez da aldatu, teknologia eta bitartekoak baizik”

“Irratia egiteko era ez da aldatu, teknologia eta bitartekoak baizik”

Beñat Alberdi

Irratiaren uhinetan pasatu ditu Miren Urkiolak (Ordizia, 1966) azken ia 30 urteak. Munduko eta Euskal Herriko albisteak herritarren ikuspuntutik kontatu ditu, eta herria bera bilakatu du mundu. Garbi du tokiko informazioak berebiziko garrantzia daukala.

Hasieran, zientziarako bidea zeneraman. Zientzialari bat nola egiten da azkenean kazetari?

Zientzia puruak ikasten nenbilen: matematika, fisika, biologia… Buruan matematika ikastea neukan. Azkenengo hiruhilekoan integralak korapilatu zitzaizkidan, eta nire arloa ez zela iruditu zitzaidan. Idaztea gogoko nuen. Beti idatzi izan dut, eta kazetaritza izan zen aukera.

Prentsa idatziaren zaletasunik bazeneukan?

Amak urtetan kiosko bat izan du Ordizian, eta beti izan ditut eskura egunkariak. Hala ere, ez dut berebiziko zaletasunik izan. Herrikoentzat nire ama zen kazetaria, kazetak saltzen zituelako. Nik esaten nion ni ere kazetaria izango nintzela, baina tituluarekin.

Irratian bukatu duzu, dena dela. Nolatan?

Parean tokatu zelako. Miranda Ebron [Burgos, Espainia] egin nituen praktikak SERen, eta, azkeneko urtean, Euskadi Irratian. Telebistarako aukera izan nuen, baina irratia izan zen nire aukera.

Telebistan ikusi eta entzun eginbeharko zenuke zeure burua. Irratian, hala ere, nork bere burua entzun behar du.

Ez zait gustatzen nire ahotsa entzutea, baina hori pasatu da jada. Ez dut gustuko entzutea, baina zeure burua behartu behar duzu, zer egin duzun jakiteko. Gaizki egin badut ez dut entzuten, eta lan ona izan bada, bai.

Eta nola bukatzen du ordiziar batek Oñatin?

Kasualiatez. Lanik gabe geditu nintzen, eta Brinkolako lagun batek esan zidan Oñatin irrati bat martxan jarri nahian zebiltzala.

Tokiko prentsaren loraldi garaia izan zen. Arrasate Press sortu zen Arrasaten, kasurako. Irratiek bazuten tokia?

Irratia izateko azpiegitura antolatuta zuten Oñatin 1989tik. Orduko Eli Galdos alkatearen egitasmoa izan zen irratiarena. Udalak herritarrekin harreman zuzena izateko ez zeukan beste biderik. Etxe guztietan irrati bat zegoen, eta, gainera, pila bidez zebilena. Argindarrik ez bazegoen, irratia martxan zebilen.

Oñati izan zen udal irratia prestatu zuten bakarretakoa, ezta?

Irrati piratak itxi egiten zituzten orduan. Logikoa da alkateak udalaren bidez martxan jarri izana.

Oposizio bidez lortu zenuen postua. Zein zen proiektua?

Herri irrati bat sortzea, euskaraz. Hori oso garbi zegoen. Estatutuetan jasota zegoen hizkuntza normalizatzeko bide bat izango zela. Momentu hartan, euskarazko eskaintza Herri Irratiak eta Euskadi Irratiak soilik zeukaten. Elebiduna izateko aukera mahai gainean ere ez zen jarri. Garbi zegoen hizkuntza normalizaziorako tresna bat izan behar zuela.

Euskararen egoera txarra al zen herrian?

Ni Ordiziatik nentorren, eta Ordizian baino hobea zen. Oñatin ia denek zekiten euskaraz, eta kale erabilera, egun bezain ona ez bazen ere, altua zen, beste herri batzuekin alderatuta.

Komunikaziorako kanal euskaldun bat sortzea al zen orduan xedea?

Horixe bera. Bi helburu zeuzkan: euskararen normalizazioa eta udalak herritarrekin komunikatzeko bide bat izatea.

Oinarriak finkatu zizkizuten, baina irrati batek hori baino gehiago beharko du, ezta?

Hortik aurrera nik neukan jakintza apurrarekin jarraitu nuen. Diseinu bat osatu nuen, hiru zutabe nagusirekin: albistegia, kirolak eta agenda. Ikuspegiak beti Oñatikoa izan behar zuen. Hortik abiatu eta zabaldu. Munduan pasatzen zena ere herriko ikuspuntura ekarri. Agian, oso lokalista zen, baina, alde horretatik, irabazteko guztia geneukan, ez zegoen ezer eta.

Mundua ez al zaio handi gelditzen komunikabide lokal bati?

Ez zegoen bitartekorik gauza orokorrak lantzeko; kazetari bakarra nintzen. Gainera, teletiporik ere ez geneukan, eta ez zeuden Internet eta egun dauzkagun tresnak.

Agendako gai garrantzitsuenekin lotuta elkarrizketak prestatzen dituzu. Elkarrizketena beti izan da oinarrizkoa?

Bai, herriko jendeari ahotsa eman behar zitzaion. Egia esan, estruktura bera erabiltzen dugu oraindik: albistegia, kirolak, agenda deialdia eta elkarrizketak.

Ordiziatik iritsi berritan hasi zinen beste herri bateko albiste lokalak lantzen. Bidea nekeza izan al zen?

Zaila izan zen, zaila edo… Zeure burua behartu egiten duzu gauza asko egitera. Ni, berez, ez naiz jendearengana joatekoa, baina ez neukan besterik, jendea ekarri behar nuen eta. Horretan, agian, beste Miren bat asmatu nuen. Ni Ordizian era batekoa nintzen, eta hemen beste era batekoa izan beharra neukan.

Atzera begira jarrita, hasiera zaila izan arren, ia 30 urte bete dituzue. Emaitzak ekarri ditu?

Urte asko dira, eta ohartzen zara lan horrek badaukala emaitza bat. Ez dakit zenbaterainokoa. Jendeak galdetzen dit: “Zenbat entzuten da?” Ez dakit. Badakit jende askorentzat badela erreferente bat; ez, agian, lehenengoa, baina bere lekua egin du irratiak.

Hizkuntzaren normalizazioa da zeneukaten helburuetako bat. Euskararen aldeko eragileek ere eragina izan al zuten sorreran?

Beste herrietako proiektuak izan ziren eredu. Oñatikoa kasu arraroa da, jabetza udalak daukalako. Gu udal langileak gara. Beste herrietan euskara elkarteen ekimenez sortzen ziren hedabideak. Hemen, Laixan herriko euskara taldeak ere parte hartu zuen. Udalak eta herri eragileek sortu nahi zuten.

1990eko hamarkadan egonkortu zineten. Gero, ordea, eskualdeko tokiko komunikabideak batzeko proiektua sortu zen: Goiena. Oñatikoak ez zineten sartu. Nolatan ?

Oñatik bazeukalako aurrez aipatutako berezitasun hori. Beste herrietan jabetza euskara elkarteena zen: Arrasate Press Arrasate Euskaldundu Dezagunena; Berrigarra Jardunena, Bergarakoa… Izan genituen gure eztabaidak.

Eskualdean ere autonomia nahi zenuten?

Gu udal langileak ginen, eta hala gara. Aldaketa emanez gero, ez genekien nola egingo zen. Gero, bazegoen beldurra Oñatiren presentzia proiektu horretan galdu egingo zela. Guk bagenituen urte luzez landutako bi proiektu indartsu eta erreferente. Ez bagenu ezer izan eta Oñatiren presentzia handitzeko aukera ikusi izan bagenu, kontua beste bat zatekeen.

Udalak parte hartzea izan du Goienan, dena den, ezta?

Udalak ez zituen bere komunikabideak kendu eta bere langileak proiektura bideratu. Diru laguntzak ematen dizkio Goienari, eta tarte bat ziurtatuta dauka horren truke. Bide paralelo bat hartu zuen. Asmatu zen edo ez zen asmatu? Hori oñatiarrek esango dute. Orain Oñati Irratia, Kontzejupetik aldizkaria eta Goiena dauzkate.

Herriko gertaerak lantzen dituzue. Garrantzia al dauka, mundu globalizatu honetan, tokiko informazio horrek?

Niretzat oso garrantzitsua da. Gure entzuleek hori bilatzen dute; azken batean, hori baita eskaintzen duguna. Oso ondo dago Ameriketako Estatu Batuetako presidentea nor izango den jakitea; baina arazo bat da, udaletxean kexa bat aurkeztu behar badut, nori aurkeztu behar diodan ez jakitea. Hau da, AEBetako presidenteak ez du nire etxe ondoko espaloia konponduko. Osagarriak dira bi informazioak.

Udalaren komunikazio kanal bat ere bazarete. Sorreratik betetzen duzue funtzio hori?

Udalaren erabakien edo zabaldu nahi zituen mezuentzako bitarteko bat behar zuen. Orduan zein aukera zeuden? Egin edo El Diario Vasco. Beste baten menpe zeuden. Udalak bere informazioa zabaltzeko beharra zuenean, informazio horiek beste gai batzuk lantzen aritzea gerta zitekeen.

Agenda lokala sortzen duzue?

Bai. Begiratzen dugu zein den herrian puri-purian dagoen gaia, eta saiatzen gara gai hori jorratzen. Ez da beti udalaren gai bat izaten. Ez da buletin ofizial bat. Ez nuke buletin bihurtu nahi. Agenda adibide modura hartuta, zer egin behar dugu? Udaleko Kultura edo Kirol sailak antolatu dutenaren berri eman? Herri bizia da, eta hamaika eragile daude ekintzak antolatzen dituztenak.

Herritarren ikuspuntutik lantzen dituzue gaiak. Nola ematen zaie ikuspuntu hori albisteei?

Estatu Batuetako presindetearenarekin lotuta, momentu batean pentsatu nuen ea zein oñatiar bizi den bertan. Herrian bertan beste gairik bada, hori landuko nuke, eta hitz egingo dute AEBei buruz Euskal Telebistan eta beste komunikabideetan. Gai beharrean izan banintz, landuko nukeen gaia, baina bertan bizi den oñatiar batek kontatuko luke.

Udalak hartutako erabakien kasuan, herritarrei nola eragingo dien lantzen duzue?

Hori da. Ni saiatzen naiz herritarren interesekoa izango dena jorratzen. Azkenengo adibidea biribilgune batena izan da. Gipuzkoako buletinean argitaratu zuen aldundiak zein lur ukituko dituzten eta zenbateraino eragingo dien. Ni lurraren jabea banaiz, niretzako oso garrantzitsua izango da. Biribilgunea erabiliko dutenek ere jakin nahiko dute martxan dela.

Teknologia asko garatu da hasi zinenetik hona. Igartzen al da aldaketa?

Azken 30 urteetan, irratia egiteko era ez da aldatu, teknologia eta bitartekoak baizik. Hori kazetaritzan dabilen edonork esango dizu. Orain botoi bati klik eginda Mexikoko lurrikara ikusi dezaket. Gu hasi ginenean, publizitatea kaseteetan geneukan, eta boligrafoarekin ibiltzen ginen cuña-ren bila. Aldatu dira garaiak, bai.

Sarean ere presente zaudete, edukiak zabalduz.

Orain, kazetariak jakin behar du bideoak egiten, elkarrizketak egiten, Interneten ondo moldatzen, edukiak zabaltzen, ondo idazten… Batzuetan bagaude teknologiaren menpe, baina oreka aurkitu behar da. Sare sozialei begira banago, ezin dut albiste bat idatzi, eta albistegia gainera etorriko zait. Ordu kopuru bat dugu lanerako, eta ordu horietan egin dezakeguna egin behar dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.