Memoriaren liburua herriz herri idazten

Memoriaren liburua herriz herri idazten

Aitziber Arzallus

Joan den asteartean, Memoriaren Eguna ospatu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egun horretan ohikoa bihurtu den legez, indarkeriaren biktima guztien omenez ekitaldi instituzionalak egin zituzten dozenaka herritan. Baina memoria historikoa berreskuratzeko ariketak urtean behin ekitaldi instituzional bat gauzatzea baino lanketa sakonagoa eskatzen du. Aranzadi zientzia elkarteak urteak daramatza ikerketa lan hori egiten; memoriaren liburua herriz herri eta orriz orri idazten. Ione Zuloaga historialaria (Azkoitia, 1995) da horretan dabilen ikertzaileetako bat, eta, haren esanetan, udalak izaten dira Aranzadira jotzen dutenak, ondoren bi erakundeek hitzarmen bat sinatzen dute, eta udalak ikerketa finantzatzeko diru laguntza eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bi zatitan banatzen dute lana: lehendabizi, 1936tik 1959ra arteko giza eskubideen urraketak ikertzen dituzte, memoria historikoa izango litzatekeena, eta, gero, 1959tik gaur egun artekoak, gertuko memoria deiturikoa.

Zuloagak adierazi du prozesua agerraldi publiko batekin abiatzen dutela: “Herritarrei kontatzen diegu zer egingo dugun, eta pare bat hitzaldi antolatzen ditugu, jendea erakartzeko eta testuinguruan kokatzeko”. Nabarmendu du tokian tokira egokitutako hitzaldiak izaten direla: “Zestoan, esate baterako, Urola Kosta eskualdeko errepresioari buruz hitz egin zuen Karlos Almorza historialariak, eta genero ikuspegiari buruz Lourdes Errasti historialari eta antropologoak, herriko datuak erabilita; kontatu zuen nola sortu zuten Emakume Abertzale Batza, zeintzuk ibili ziren horretan, eta abar”. Zuloagak esan du Aranzadi elkartearen ikerlanen helburua “herri bakoitzean jasandako errepresioa azaleratzea” dela, “eta horren erreparazioa egitea”.

Ikerketa eta lekukotzak

Bien bitartean, Aranzadiko ikertzaileek lanari ekiten diote. “Herrian aurrez memoria historikoaren inguruan egin diren ikerketa lanak baliatzen ditugu, batetik”. Adibidez, Orioko Udalarekin orain dela gutxi sinatu dute elkarlanerako hitzarmena, baina ikerketa ez dute hutsetik hasi. “Herritarren Foroak eta Iñaki Iturain kazetariak urteetan egin duten lana hor dago, eta hori erabili egingo dugu. Harremanetan gaude haiekin eta herriko beste zenbait eragilerekin; guretzat funtsezkoa da elkarlanean jardutea”. Artxibo historikoetara eta militarretara jotzen du zientzia elkarteak. “Besteak beste, Gipuzkoako eta Euskal Herriko artxibo historikoetara eta Guadalajarako [Espainia] artxibo militarrera joaten gara, horietan dauden datuak biltzeko”.

Bi horiez gain, hirugarren hanka bat ere izaten du Aranzadikoen ikerketa lanak: oroimen bulegoa. “Ikerketa egiten ari garen herrietan, oroimen bulegoa irekitzen dugu, eta helburua da herritarrak bertaratzea haiek edo haiek gertukoren batek jasandako errepresioaren frogak ematera: izan argazkiak, izan dokumentuak… Eta norbaitek lekukotza eman nahiko balu, elkarrizketa egiten diogu”. Zuloagak esan du herri bakoitzean memoria historikoaren inguruan aurretik egin duten lanketaren araberakoa izaten dela oroimen bulegoaren arrakasta, baina aitortu du, oro har, jendeari kostatu egiten zaiola joatea. “Eta ulergarria da; denek dakite zer gertatu zen, baina kostatu egiten da norberak jasandakoaz hitz egitea, eta are gehiago jakinda erakundeen aldetik ez dutela aitortzarik jaso”. Dena dela, ikerketan biltzen dituzten datuei tiraka, zenbaitetan ikerlariak eurak ere izaten dira errepresioa jasandako herritar horien atea jotzen dutenak, eta horrela lortzen dute herritarren testigantzak biltzea.

Ikerketan bildutako datuak liburuetan jasotzen dituzte, eta 1936tik gaur egun arteko guztia ikertzen dutenean, webgune bat sortzen dute. “Azpeitia eta Hernani izan ziren aitzindariak, eta bi herri horietan webguneak martxan dituzte dagoeneko, bi helbururekin: ikertutako guztia herritarren eskura jartzea eta ikerketa lana etengabe osatuz joatea”. Beste herri askotan orain ari dira ikerketa egiten —Zestoan, Orion, eta abar—, edo lehenengo zatia egina dute eta bigarrena egitea falta zaie —Zumaia, Getaria, Tolosa, Alegia, Beasain, Errenteria, eta abar—. “Gipuzkoan ikertu dugu gehien memoria historikoa, baina Bizkaian ere ari gara lan batzuk egiten”. Dena dela, Gipuzkoan ere oraindik badira urrats hori egin ez duten herriak, eta horretara animatu nahi lituzke Zuloagak, “iraganean gertatutakoa jakitea beharrezkoa delako akatsetatik ikasteko eta berriro ez errepikatzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.