Nafarroa 23 gunean, lanean eta jolasean

Nafarroa 23 gunean, lanean eta jolasean

Ariane Vierbücher

Martxoaren 31n itxi zuen Jose Mari Telleriak (Idiazabal, 1957) Fotoetxe argazkilaritza denda enblematikoa, Beasaingo Nafarroa etorbideko 25. zenbakian. 38 urtez, argazki kamera bidelagun izan du Telleriak, eta, profesionalki behintzat, erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio. “Asko-asko disfrutatuta eta horretan segitzeko gogotsu” dagoela dio. Baina denda zaharraren pertsiana jaitsi, eta beste bat igo du. Nafarroa kaleko 25. zenbakiko argiak itzali, eta kale horretako 23. zenbakira joan da, han izan baitzuen negozioa lehenago. Erroetara bueltatu da, guztia hasi zen lekura, baina bide berri bati ekiteko. Nafarroa 23 izeneko proiektua jarri du martxan.

“Artisten eta sortzaileen lagunarteko topaleku bat da Nafarroa 23. Hainbat egitasmo ari gara egiten bertan; sormenaren, kulturaren eta artearen inguruko lagunarteko gune bat izatea nahi dut”. Hala deskribatu du proiektua Telleriak. “Zorionez, herriko kultur eragile askorekin lan egiteko aukera izan dut nire lanbideari esker. Bide berriak zabaldu dizkit horrek, eta jarraitu egin nahiko nuke”, adierazi du argazkilariak. “Irabazirik gabeko proiektu bat da hau, eta helburua da sortzaileentzako txoko bat izatea; eragileek eta artistek banaka edo elkarlanean egindako sormenaren erakusleiho izatea; bisitariei ere tokia eginez, noski”.

Telleria ezagutzen dutenek gertukoak dituzte haren ekiteko grina eta ezinegona. Argazkilariak berak ere oso mugitutzat dauka bere burua: “Jendearekin harremanean egotea asko gustatzen zait niri, hitz egitea, ideiak partekatzea… Elkarlanean aritzeak eta sormena ardatz duten proiektuak bultzatzeak indarrez betetzen nau”.

Argazkilariak azaldu duenez, baditu zenbait egitasmo urtea amaitu aurretik Nafarroa 23 espazioan egin nahi lituzkeenak. “Denak egin nahi nituzke, nahiz eta COVID-19ak pixka bat zailtzen duen guztia”, adierazi du. Urteko hilabete bakoitzean gai bat jorratzeko asmoa du, eta argazkiak beste elementu batzuekin harremanean jartzea.

Irudiak eta hitzak izeneko argazki bilduma batekin inauguratu zuen espazioa. Goierriko herritar ezagunak erretratatu zituen Telleriak, hala nola Joseina Etxeberria, Elena Calvillo eta Mikel Aiestaran. Argazki bakoitzari, hitzek lagundu zioten.

Ekainean, Lerro artean sortzen erakusketa izan zen ikusgai. Idazle Eskolako ikasleekin batera egin zuen, eta argazkiak eta testuak uztartu zituen. Telleriak berak egindako argazkiei oin bana jarri zioten ikasleek.

Amaia Telleria Idiazabalgo idazleak ere egina du geldialdia Nafarroa 23n, lehen eleberria duen Haize-lekuak aurkezteko. Ekainean izan zen hori ere.

Uda ostean, berriz, Argigraphia erakusketa jarri zuen. Telleriaren beraren argazkiekin eta Beasaingo Murumendi ikastetxeko haurren marrazkiekin eta testuekin osatu zuten erakusketa.

Hala ere, espazioaren erabilera ez da mugatu erakusketetara. Goierriko Hitza-k, adibidez, argazki lehiaketa bat antolatu ohi du urtero, eta aurten lokal hartan egin dute sariak emateko ekitaldia. Lehiatu ziren argazkiak, gainera, ikusgai jarri zituzten ondoren Nafarroa 23 txokoan.

Lurrunezko trenak

Lurrunezko trenei eskainitako erakusketa bat du azkeneko proiektua Telleriak. Halako trenei egindako argazkiak bildu ditu argazkilariak, eta gisa horretako trenen maketa batekin osatu du erakusketa. Alain Lopezen laguntza izan du, hark egin baitu maketa. Gaur inauguratu nahi zuten erakusketa, trenen historiaren inguruko hitzaldi batekin eta Irati Goikoetxearen olerki batekin lagunduta, baina COVID-19ak atzeratzera behartu ditu. Oraingoz, espazioaren erakusleihora hurbilduta ikus daiteke erakusketaren lagin bat. Hala ere, Beasaingo ikastetxeetako ikasle batzuk pasatuak dira bertatik dagoeneko, eta ahal bezain pronto bisita gidatuak egiten jarraitzeko asmoa dauka Telleriak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.