Zubia eraitsi, Antxo hazteko

Zubia eraitsi, Antxo hazteko

Urko Etxebeste

Pasai Antxon izango du eraginik handiena Galtzaraborda-Altza arteko topoaren ibilbidearen aldaketak. Egitasmoaren arabera, Pasaiako barrutiaren erdi-erdian egingo lukete lurpeko geltoki berria, Gure Zumardia kalearen azpian. Errenteriako Galtzaraborda auzoko geltokian ez dute aldaketarik aurreikusi, eta Altzakoa jadanik egina dago: bi geltoki horiek lotzeko bidean egingo litzateke aldaketarik nabarmenena. Ez litzateke begien bistakoa izango, ordea. Izan ere, bide hori guztia lur azpikoa litzateke, trazatu berriaren arabera. Eginda dagoenean, ikusteko moduan izango den aldaketa bakarra Antxoko geltokikoa izango da. 2019ko datuen arabera, hiru geltoki horiek 1,2 milioi erabiltzaileri eman zieten zerbitzua.

Antxoko geltoki berriaren eraikuntzaren ondorioz, hainbat hilabetez udalerriaren parte horretako zentroa erabat itxita egongo litzateke, eta, gainera, Azoka eraikina —herriko hainbat eragilek baliatzen duten erabilera anitzeko espazioa da— eraitsi beharko lukete. Ikusteko dago behin lanak bukatuta, horren ordez beste bat eraikiko litzatekeen. Bestalde, geltoki eta trazatu berria martxan direnean hasi beharko lukete barrutia bitan zatitzen duen zubia eraisteko lanek.

Zubi horrek ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du Antxo; sei metro eta erdi garai da, eta 341 metro luze. Abenduaren 5ean, 108 urte beteko dira tren batek aurreneko aldiz zubi hori zeharkatu zuenetik. Trenbidea ondo-ondoan dituen etxebizitzak baino dezente lehenago eraiki zuten, beraz.

Onuragarria, baina tentuz

Geltoki eta trazatu berriaren aldeko iritzia dago, oro har, Antxon. Antxoko auzo elkarteko kide Asun Gutierrezek esan duenez, poztekoa da hainbat urtez bazter batean izan den egitasmoa gauzatzen hastea: “Pasaiako alkate Izaskun Gomezekin bildu ginen urriaren 28an. Esan zigun aurki berriak izango genituela topoaren gaiaren inguruan. Ez genituen hain azkar espero. Albiste ona da hori, baina tentuz hartu beharrekoa. Urrats asko egin behar dira oraindik”. Antxoko auzo elkarteko kideek uste dute bizi kalitatean hobera egingo duela barrutiak geltoki berriarekin eta egungo zubia eraistearekin. “Gainera, zubia puntu iluna da. Segurtasun aldetik gabeziak ditu”.

Gutierrezek Donostian metroaren lanetan gertatu diren ezbeharrez ohartarazi du. Lanek Antxon izango duten eraginaz, epeez edo sor daitezkeen arazoez kezka dutela adierazi du: “Hilabete askoko lanak izango dira. Serio egin behar dituzte. Garrantzitsua da Donostian gertatutakoa Antxon ez gertatzea. Antxoren oinarrian padura dago, eta egurrezko egitura duten etxeak daude. Kontu handiz egin beharko lirateke lanak”.

antxo1

Antton Perez egungo topoaren geltokiaren ondo-ondoan bizi da duela hemeretzi urtetik. Haren balkoiko barandaren eta geltokiarenaren artean bi metro eskas daude. Itsatsita daude. Onartu du geltoki berria egiten denean bere bizi kalitateak hobera egin dezakeela, zubia eraitsi eta balkoiko ikuspegia zabalagoa izango delako, edo oinezkoentzako kale zabal bat sortuko delako. Baina kezka ere badu. “Nahiago nuke deus ere egingo ez balute. Donostian izan duten arazo berbera izango da Antxon: barrutiaren behealdea padura da. Oso konplikatua izango da bertan lanak egitea; eraikinen egituretan eragina izan dezake. Ez nago ados gisa honetako obra batekin”, adierazi du.

Begien aurrean izan du beti Perezek topoaren geltokia eta bidea. Ohituta dago. “Ezin dut imajinatu ere egin nolakoa izango litzatekeen Antxo hori gabe. Topoa bakarrik ikusten dugu geure etxean”. Baina geltoki berria egiteko eta zubi zaharra eraisteko lanekin ere beldur da: “Zer gertatuko da ondoko eraikinekin? Bizi naizen etxearen egitura egurrezkoa da. Egun jada zartadurak ditut…”. Taxi gidaria da Perez, eta garbi du topoak zerbitzu ona ematen duela, baina obratan egingo duten inbertsioa gehiegizkotzat dauka. “Eta, gainera, nire lanaren kontra doa”, nabarmendu du.

Ez da iritzi horretakoa Seve Sagarzazu. Ile apaindegia dauka zubiaren ondoan. Herenegun, 28 urte bete zituen bertan lanean. “Kaleko komertzio zaharrena da nirea”, dio, harro.

Sagarzazuk ontzat jo du egitasmoa. Antxok bizia irabaziko lukeela uste du, obraren inbertsioaren alorra edo lanen eragina albo batera utziz: “Kale bat irabaziko luke Antxok, zubia botata. Paseo polit bat izango litzateke, bulebar antzeko bat”. Horrek komertzioan eragin positiboa izango lukeela uste du, eta onuragarria izango litzatekeela herritarrentzat, baita merkatarientzat ere: “Estua da barrutia. Zabalgune bat izango litzateke”. Haren iritzian, egungo zubiaren egitura iluna da, ezkutuko eremuak ditu , eta ez da segurua. “Irabazten aterako gara”, dio.

Leave a Reply

Your email address will not be published.