Bigarren astinaldia inertziei

Bigarren astinaldia inertziei

Julen Aperribai

Txapak soinean jartzeko eguna da gaur Gipuzkoako milaka herritarrentzat ere, bigarren Euskaraldian izena emanda duten horientzat. Parte hartzaileen artean gehiengoa izango dira Gipuzkoako bizilagunak: %44. Gutxienez Euskal Herriko 147.000 lagunek parte hartuko dute egitasmoan, eta gehiago ere izango dira, izena emateko epea asteartera arte luzatu baitute antolatzaileek. Gaur hasi eta abenduaren 4ra arte iraungo du ariketa sozial horrek. Bi astekoa izango da, beraz, 2018koa baino luzexeagoa.

Euskaraldia Euskal Herri osoko egitasmo bat izanik, nazio osoko helburu bera dauka ariketak Gipuzkoan, Sara Saizar Euskaraldiaren Gipuzkoako koordinatzailearen arabera: “Inertziak astintzea eta hizkuntza ohiturak aldatzea, euskararentzako testuinguru babestu bat sortuz”. Euskara erabiltzeko joera handiena dagoen herrialdea da Gipuzkoa, baina badira aspektu positibo horri kontrajartzen zaizkion datuak ere. Hala, kaleko erabileran beheranzko joera identifikatu zuen Soziolinguistika Klusterrak 2016an. Gainera, erakunde horrek berak 2018an egindako ikerketa batek erakutsi zuen Euskaraldiak Gipuzkoan eragin zuela aldaketarik txikiena hizkuntza ohituretan. Saizarrek uste du lekuan lekuko euskararen erabilerak baldintzatzen duen faktore bat dela, eta, Gipuzkoan erabilera altua izanik, zailagoa dela aldaketa nabarmenak ikustea: “Erabilera handia den lekuetan, zailagoa da emaitzak ikustea. Hazteko tarte handiagoa dute euskaraz gutxiago egiten duten eremuek”.

Hala ere, Gipuzkoan badira oraindik iristen zailak diren eremuak, eta horietan jarri du arreta Saizarrek. Euskaraldiaren eragin esparrua handitzea beharrezkoa dela adierazi du, eta garrantzitsua dela orain arte aktibatu gabeko herritarrengana heltzea. “Badago masa bat eremu euskaltzaletik pixka bat urrunago dagoena, eta gure helburua izan da horiengana iristea”, zehaztu du. Zentzu horretan, uste du herrietako batzordeen lana lagungarria dela egitasmoa zabaltzeko, ariketari “ikusgarritasuna” ematen baitio. Gipuzkoako ia herri guztietan eratu dira Euskaraldia sustatzeko batzordeak. Aurreko aldian baino gehiago izango dira, gainera. “Oso herri txikiak dira batzuk, eta batzordeak ere halakoak dira, baina herri denetan dago Euskaraldiaren inguruan aktibatutako herritar talde bat. Gainera, herri txiki gehiago batu dira”, azaldu du Gipuzkoako koordinatzaileak.

Bigarren Euskaraldiak gizarteko beste eremu batzuetara iristeko izango duen gaitasunaren inguruko zantzuak aurki daitezke izen-emateetan. Saizarrek dioenez, “Aurten izena eman dutenen %30ek ez zuten parte hartu 2018ko Euskaraldian”. Entitateak ariketan txertatu izanak eragina izan du horretan, herrialdeko koordinatzailearen arabera, zenbait jendek bide horretatik izan duelako egitasmoaren berri. Lehen aldi hartan gertatu zen bezala, bigarren honetan ere ahobizi rola hartu dute gehienek. Antolatzaileek belarriprest moduan parte hartzeko deialdi berezia egin zuten hil honen hasieran, baina oraindik ere rolen aukeraketan desoreka dagoela aitortu du Saizarrek, eta kostatzen zaiela belarriprest izan daitezkeen askorengana heltzea. Hala ere, gogorarazi du rola norberaren jokabidearen araberakoa dela, eta ez euskaraz aritzeko gaitasunaren araberakoa. Bi rolak elkarren osagarriak direla nabarmendu du: “Batak bestea behar du; ahobiziek belarriprestak behar dituzte, eta alderantziz”.

Kolektiboki ere eragiten

Arigune moduan identifikatutako entitateen parte hartzea izango da aurten Euskaraldiaren ezaugarri nagusia. Euskaraz lasai hitz egiteko modua jartzen duten lekuak dira ariguneak, bermatzen dutenak partaide guztiek ulertu behintzat egiten dutela euskara. Halako 12.939 gune izango dira Gipuzkoan. Horietatik 7.033 barneko ariguneak izango dira, leku eta talde itxietakoak; 5.906, berriz, kanpokoak izango dira, herritarrekin harremana duten entitateek sortuak.

Lehen Euskaraldiaren ostean Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketak agerian utzi zuen ahulguneetako bat entitateen engaiamendu falta izan zela. Aurten, sustatzaile izatetik parte hartzaile izatera pasatzea eskatu diete antolatzaileek, “eraginkorrena ariketa bera egitea” delako, Saizarren arabera. Martxoan ziren hastekoak entitateen lanketarekin, baina, itxialdia tarteko, atzeratu egin behar izan zuten lan hori, eta udan ekin zioten. Entitateen erantzuna, oro har, “ona” izan dela dio Saizarrek. Ariketak iraungo duen hamabost egunetatik harago, entitateetako kideek euskararen erabileraren inguruan erabaki batzuk hartu behar izan dituzte, eta horien inguruan hausnartu, eta Saizarrek positibotzat du hori, bere horretan: “Hausnarketa bat egin behar izan dute: taldean hitz egin, kideekin adostu, ariketa egitea posible zuten edo ez aztertu…”. Horregatik, esan du ariketa amaitzen denean errazagoa izango zaiela egindako lanari eta hartutako konpromisoei eustea, “jada mahai gainean jarri dutelako egiteko prest daudela eta kide guztiek adostu dutelako prest daudela hizkuntza ohiturak aldatzeko”.

Sozialki, mugatuta

Euskalgintzaren urteko agendan pandemiak dataz aldatu edo bertan behera uztera behartu ez duen egitasmo bakarrenetarikoa da Euskaraldia. Bete-betean jo du, ordea. “Denean eragin du, eta prestaketa lanetan hasi ginenetik presente izan dugu: itxialdian ezin genuelako entitateetara jo , batzordeek elkartzeko zailtasunak izan dituztelako…”, azaldu du Saizarrek. Baita ariketa egiteko moduan ere. Harreman sozialak dira ariketaren funtsa: hor gauzatzen da Euskaraldia. “Lehen genituenak baino gune gutxiago izango ditugu harremantzeko. Tabernetan ezingo dugu elkartu, eta jakina da zer garrantzia duten gure gizartean, eta zenbat harremantzen garen tabernetan”.

Kaleko presentzia eta mugikortasuna mugatuta, ingurune digitala izango da joko zelaia, inoiz baino gehiago. Saizarrek zehaztu du ahalegin berezia egin dutela hor presentzia handitzeko: “Puntueus fundazioarekin ibili gara elkarlanean, eta gure asmoa da jarraibide batzuk ematea ariketa gune digitalean ere egiteko”.

Ikusgarritasunean ere galduko du ariketak, Gipuzkoako koordinatzaileak aitortu duenez: “Kaleko ekintzek garrantzi handia izan zuten aurreko aldian. Oraingoan, halakorik ia ez da izango, eta hori zailtasun bat da jendearengana iristeko”. Dei egin du, hala ere, ahal bezala “Euskaraldia ikusgarri” egiteko. “Txapak janztea eskatzen dugu. Ariguneak ere identifikatuta egongo dira. Horrez gain, banderolak ere baditugu, kalean ez gaudenean ere, etxetik keinu bat egiteko Euskaraldiari”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.