Sarean, bertakoari tokia prestatzen

Sarean, bertakoari tokia prestatzen

Beñat Alberdi

Konfinamendu garaian galtzak bete lan izan zuten banatzaileek sarean erositako produktuak etxeetara helarazteko. Harrezkero, ohitura hori mantendu dela nabarmendu du Itziar Artamendik, B-lokal plataformaren sustatzaileetako batek, eta hori izan da martxan jarri duten proiektuaren hazia. “Herrian erostea garrantzitsua bada, zergatik ez online?” galderari erantzutea, alegia, Artamendiren arabera. Arrasateko bederatzi dendaren eta Aretxabaletako biren produktuak jarri dituzte eskuragarri, eta oraindik hazten jarraitzeko asmoa dute.

Lau lagunek sortu dute proiektua, eta denek ideia bera zuten buruan konfinamendua iritsi aurretik, etxean sartuta egon beharrak indartu zuen arren. Artamendik garbi dauka tokiko merkatariek ikusgarritasuna behar dutela: “Ez dakigu zein produktu saltzen duten etxe ondoko dendan”.

Planteamendua buruan zutela, merkatua aztertu zuten lehen pausoak emateko. “Ikusi genuen kontsumo ohiturak aldatzen ari zirela”, azaldu du Artamendik: “Artikulu batek zioen COVID-19aren aurretik hamarretik hiru lagunek erosia zutela noizbait zerbait sarean. Pandemia eta gero, hamarretik bederatzik”. Era berean, gaineratu du zerbait erostekotan Interneten begiratzen duela kontsumitzaileek, baina, betiere, saltoki handietan.

Komertzioekin elkarlanean

Ohituretan aldaketa eragin nahi du B-lokal proiektuak. Izan ere, ikusgarritasuna eskaini nahi die tokiko komertzioei sarean, eta baita saltzeko aukera eman ere. “Askok beldurra diote digitalizazioari”, esan du Artamendik, eta aitortu “normala” dela, lan asko duelako. Lan hori arintzeko asmoa dauka proiektuak. Batzen diren komertzioek produktuak eta haien prezioa jarri beharko dituzte plataforman. Gainontzekoaz bide digitalaren kudeatzaileak arduratuko dira.

Plataformatik kanpo ere badira Interneteko zuzeneko salmenta egiten duten komertzioak. Kasu horietan, baina, euren produktuak soilik izaten dituzte. Horretan esku hartu nahi du plataformak, eta saltoki askoren eskaintza batu, guztiak gune bakar batean eskuragarri izateko.

Erregistratzea beharrezkoa da Blokal.es erabili ahal izateko. Hala ere, aski da helbide elektronikoa sartzearekin. Herrika bereizi dituzte dauzkaten aukerak. Momentuz, Arrasateko eta Aretxabaletako erabiltzaileak dituzte. Aukera bakoitzaren azpian txertatu dituzte eskaintzen dituzte produktu motak, eta, mota horren barruan, zeintzuk diren dendak. “Helburua ez da dena Internetetik erostea”, argitu du Artamendik. “Kalekoa eta sarekoa osagarriak dira, eta biak sustatu nahi ditugu”. Azken batean, kontsumitzaileari balio izango dio plataformak dendako eskaintza ikusteko. Berak aukeratuko du, gero, nola erosi.

Behin eskuratu nahi dena aukeratuta, fakturarako eta banaketarako datuak eskatzen ditu atari digitalak, antzeko beste plataformek egiten duten moduan. Ordainketa, berriz, txartelarekin soilik egin daiteke, oraingoz. Hala ere, badute asmoa bestelako ordainketa modu batzuk ere ipintzeko. “Badakigu herrian erosten dutenak pertsona helduak direla”, esan du Artamendik. “Kostatzen zaie sarean erosketak egitea, eta guk bidea erraztu nahi diegu”.

Ordainketa egindakoan, erosketa nola jaso aukeratu behar du erabiltzaileak. Bi modu daude: dendan bertan ala etxean. Asteburutik aurrera Correosen Citypaq guneak gehituko zaizkie. Sareko erosketen eta denden aurrez aurreko lanaren artean oreka bilatzen saiatu direla azaldu du Artamendik, Interneten saltzea ez dadin izan dendaren funtzionamenduaren kaltetan. 13:00 baino lehen eskatuz gero, arratsaldean eskuratu ahal izango du kontsumitzaileak produktua dendan. 18:00 eta 20:30 artean eskaera eginez gero, berriz, etxean jasoko du eskatutakoa.

Sareko erosketa atari handiekin konparatuta, banatzaileen lan baldintzetan jarri dute arreta. “Prozesuko azkeneko katebegia izan arren, lan baldintza eta soldata duinak merezi dituzte”. Ordutegia mugatuta egoteak zerikusi zuzena du horrekin. Muga horiekin bermatuko dute produktuak etxeetara ziur helduko direla, eta banatzaileak ez direla ibiliko eskaerak banatzen ordutegi horietatik kanpo.

Aurrera begirako erronkak

Oraingoz, Arrasateko eta Aretxabaletako komertzioak daude atarian, eta etxez etxeko zerbitzua herri horietan izango da. Eusko Jaurlaritzaren mugek iraun bitartean, zaila izango da beste herrietako bezeroek eskariak dendan jasotzea. Hasierako harrera ona izan dela nabarmendu du Artamendik: “Esan digute, adibidez, ez zekitela denda batek produktu jakin bat saltzen zuela”.

Aurrera begira, eskualdeko beste herrietara zabaltzea nahi dute, eta kanpoko bezeroak lortzea. “Orain, plataformak ikusgarritasuna behar du”, esan du Artamendik. “Denon ardura da tokiko merkataritza babestea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.