Xabier Lete, haurrei transmititzeko eran

Xabier Lete, haurrei transmititzeko eran

Erik Gartzia Egaña

Xabier Leteren inguruko liburu bat idatzi du Antton Kazabonek, baina ziurtatu du “kointzidentzia hutsa” izan dela liburuaren argitalpenak Leteren heriotzaren urteurrenarekin bat egin izana. Abenduaren 4an hamar urte beteko dira Xabier Lete poeta, idazle eta kantaria (Oiartzun, 1944) hil zenetik.

Leteri buruzko haurrentzako biografia bat idazteko ideia “aspalditik” zuela esan du Kazabonek. Zehazki, Benito Lertxundi abeslariaren kontzertu batean bururatu zitzaion. “‘Euskalgintzan, kantugintzan edo kulturgintzan guretzat erreferente edo eredu izan direnak badoaz’, esan nion nire buruari. Kantaldi horietan gazte batzuk ikusten dira, baina, gehienbat, gure belaunaldiko jendea da ikusten dena”.

Irakasle lanak utziak ditu Kazabonek, Oiartzungo Haurtzaro ikastolan 40 urtez aritu ondoren. Euskara eta Literatura ikasgaiak ematen zituen, eta konturatu zen liburuetan oso gutxi agertzen zirela Mikel Laboa, Joxan Artze, Lourdes Iriondo edota Xabier Lete. Zerbait egiteko gogoa piztu zitzaion, eta hainbat argitaletxeren atea jo zuen. Ezetz esan zioten zenbaitek. “Normala den bezala, sosak begiratzen zituzten: nik nahi nuena zen album ilustratu bat, koloretan eta abar. Gainera, ikastoletan irakurtzeko, irakasleek bakarra erosten dute, eta hori irakurtzen diete 5-6 urteko haurrei. Beraz, ez da oso errentagarria”, esan du.

Berriozarko (Nafarroa) Denonartean argitaletxera jo zuen Kazabonek, liburuak “ongi zaintzen” dituztelako. Proiektua onartu zioten han. Lertxundirekin arratsalde pare batean hizketan aritu zen, eta hark esandakoekin Benito Lertxundi naiz liburua osatu zuen. “Xabier Leteren liburua egiteko, antzera egin nuen”, azaldu du Kazabonek: “Haren arreba Arantzarekin elkartu nintzen, eta hark esan zizkidan txikitako kontuak”.

“Erreferentea”

Kazabonek iragarri duenez, Xabier Lete ttiki liburuak ez ditu irakurle gazteak “nekaraziko” haren diskografiarekin eta bibliografiarekin: “Ez dut itoko Leteren poesia liburu, disko eta abarren izenekin. Bukaeran agertzen dira kanta zatitxo batzuk irudikatuta. Batez ere, txikitatik musikarekiko eta idazketarekiko zuen zaletasunean zentratu naiz. Ipuin kutsua eman diot, baina ez dago ezer asmaturik”. Izan ere, helburua kultur transmisioa bermatzea da, eta liburua Leterenganako atea irekitzeko modua izatea nahi du. “Gehiago sakondu nahi badute, hortxe dituzte Leteren diskoak edo liburuak”, adierazi du. Aurreratu duenez, Lourdes Iriondo izango da bildumako hurrengo protagonista, eta laster joango da Urnietara, Iriondok bizileku zuen herrira.

Atzera begira jarri da Kazabon. Harentzat eredu izan da Lete, eta poesia egiteko zuen modua goraipatu du: “Eguneroko hitz arrunt-arruntekin zein gauza sakonak esan daitezkeen. Lexiko mailan ere, bost duroko hitzik ez zuen erabiltzen. Gaur egun, badirudi zerbait sakona esateko inork ulertzen ez dituen hitzak erabili behar direla”. Kazabonen arabera, Leteren poesiaren berri izaten zuten hark kanta bilakatzen zituenean. Miresmena dio abeslariari: “Nik gustura esango nituzkeen gauzak eta esateko gai ez nintzenak zeinen ongi esaten zituen hark. Leterekin identifikatzen nintzen hasieratik bukaeraraino, miresmenez”.

Oiartzunen Beheko plazan edo sororen batean ematen zituen kantaldiak gogoan ditu Kazabonek: “Letek bere zima harro haiekin a zer orroak eta oihuak botatzen zituen; gitarra soinuak ere zalapartaka ateratzen zituen”. Idazleak dioenez, kontzertuetan ez zuen saihesten garaiko giro politiko gatazkatsua: “Jendea hasten zen ‘Gora ETA!’ oihukatzen, eta Letek esaten zien: ‘Hi! Igo hadi hona eta esan ezak mikrofonotik!’. Oso inpaktantea zen sortzen zen espektakulu hura. Oso bizia zen Lete”.

Gaur hasiko da Oiartzunen, Leteren jaioterrian, haren omenezko ekitaldi sorta. Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Egilazek eta Anjel Lertxundik osatu duten Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile liburua aurkeztuko dute, 19:00etan, udaletxean. “Orain badator aitortza, eta espero dut ekitaldiek arrastoa uztea”, esan du Kazabonek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.