Unai Corbella: “Asko ikasten da kanpokoei esker, eta guk ere asko dugu eskaintzeko”

Unai Corbella: “Asko ikasten da kanpokoei esker, eta guk ere asko dugu eskaintzeko”

K. U.

Hernanikoa da Unai Corbella (1984), eta hiru urte daramatza Bizilagunak egitasmoan parte hartzen. Askotariko esperientziak izan ditu horri esker.

Nolatan batu zinen proiektura?

Senegalen bizi izan nintzen, eta, handik etortzean, Bizilagunak-en oso sartuta zegoen irakasle izan nuen emakume bat. Nik ere badakit zer den atzerrian bakarrik egotea, eta oso argi izan nuen parte hartu nahi nuela.

Zer eskaintzen dizu?

Beti gustatu izan zait kulturartekotasuna. Etxean hezkuntza hori jaso izan dut, nire ama ere Nikaraguan egondakoa baita sandinisten garaian. Garrantzitsua da jendea eurekin dagoela jakitea.

Zer-nolako familiekin egotea tokatu zaizu?

Lehenengo urtean, emakume senegaldar batekin egon nintzen; hurrengo urtean, Kolonbiako familia baten etxera joan ginen bazkaltzera; eta, iaz, gure etxera etorri zen Nikaraguako familia bat.

Harremanetan jarraitzen duzu haiekin?

Senegalgoarekin lan egin izan dut, itzultzaile moduan, eta kalean beti gelditzen ginen hizketan, baina jada ez da hemen bizi. Kolonbiako familiarekin ere elkartu ohi naiz kalean. Nikaraguakoak gutxiago ikusten ditut.

Aurten parte hartuko duzu?

Kolonbiakoekin bideo deiak egiteko asmoa dugu. Jendea animatu nahi dut parte hartzera. Asko ikasten da kanpokoei esker, eta guk ere asko dugu eskaintzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.