Leiho bat film laburren uztari

Leiho bat film laburren uztari

Julen Aperribai

Film laburrak formatu handian pantailaratzeko apustua egin du Errenteria Film Laburren Jaialdiak azken 24 urteetan, eta apustu hori erronka bihurtu da jaialdiak mende laurdena egin duen urtean. Pandemiaren mehatxuak filmen proiekzioa streaming bidez egiteko aukera mahai gainean jarri bazuen ere, emanaldiak modu presentzialean egingo dituzte, Niessen aretoan. “Hala izatea nahi genuen, eta, gainera, momentu honetan garrantzitsua iruditzen zaigu kultura segurua dela aldarrikatzea”, azpimarratu du Nagore Portugal OzZinema zineklubeko kide eta jaialdiko filmen hautatzaileak. 30 film labur proiektatuko dituzte hiru egunetan; hamar, egun bakoitzean. Atzo izan zen lehen emanaldia, eta gaur eta bihar ikusi ahalko dira gainerakoak —19:00etatik aurrera—.

Hautatzaileen iragazkitik pasatutako filmak dira 30 horiek. Izan ere, 600 izan dira, denera, jaialdira aurkeztutakoak. Aurreko aldietan gehiago izan direla zehaztu du Portugalek, eta pandemiari egotzi dio beherakada. “Gaur egungo egoeran oso pozik egoteko moduko” kopurua dela adierazi du, dena den. Atzo egin zuten lehenengo film sortaren emanaldia, eta gaur eta bihar jarraituko dute. Igandean, berriz, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Bost sari banatuko dituzte: Ion Arretxe sari nagusia, aipamen berezia, euskaraz egindako film labur onenaren saria, publikoaren saria eta epaimahai gaztearen saria.

Aurkeztutako filmen maila “urtetik urtera hobea” dela esan du Portugalek. Jaso dituztenetako asko euskarazkoak izan direla ere nabarmendu du, eta gero eta gehiago direla euskarazko produkzioak. Pandemiaren eragina ere nabaritu dute, eta film askotako gidoiek, zeharka bada ere, gai horri heldu diotela azaldu du. Dena dela, genero askotako filmak jasotzen dituztela azaldu du, eta saiatzen direla programatutakoen artera eramaten aniztasun hori, eta “oreka mantentzen”. Filmak “osotasunean” aztertzen dituztela azpimarratu du: “Badira film batzuk oso gidoi ona dutenak, baina pantailara hain ondo eramanak ez daudenak. Beste batzuek, berriz, efektu onak izan ditzakete, baina istorio potenterik ez. Momentuko zirraretatik harago joaten saiatzen gara, eta filmen hainbat aspektu aintzat hartzen”.

Aldi berean, filma ekoitzi ahal izateko egileek izan dituzten baliabideetan ez erreparatzen ahalegintzen direla adierazi du, horrek ez dezan erabakian eraginik izan. Ezta zuzendariaren ibilbidean eta prestigioan ere: “Filmak ikusterakoan, ez dut begiratzen nork eginak diren. Badira jaialdietatik-eta igarotakoak, ibilbide bat egina dutenak. Beste batzuk, berriz, oso ekoizpen txikiak izaten dira. Saiatzen gara horrek ez dezan gehiegi baldintzatu”. Aurkeztutako lanak ikusi aurretik “mailakatzea” eragotzi nahi izaten dute horrela, Portugalek zehaztu duenez.

Oiartzualdeko gazteei leiho bat ireki zien jaialdiak duela 25 urte, eta horixe zuen helburu behinena: eskualdeko gazteen lanak erakustea eta haien sormena hauspotzea. Hazi ez ezik, nazioartekotu ere egin da jaialdia, ordea, eta jatorri askotako filmak jasotzen dituzte. Positibotzat du hori Portugalek: “Gure inguru txiki honetatik haragoko zinemagileek Errenterian euren lanak aurkezteko leku bat dutela jakitea ona da, eta zerrenda berean izatea Pasaiako film bat eta Indiako beste bat, adibidez”.

Ikusi osteko tragorik ez

Mende laurdena ospatzeko, jaialdiak ezinbesteko duen horri heldu diote antolatzaileek: zinema proiekzioei. Hala ere, proiekzioen osteko hizketaldiak eta tragoak faltan sumatuko dituztela aitortu du jaialdiko filmen hautatzaileak, eta “zinemaren aspektu soziala”, hein handi batean behintzat, galdu egingo duela aurtengoak. Hala ere, “gutxi eta neurtuta bada ere”, horretatik ere izango duela iragarri du.

Jaialdiaren ibilbidea irudiz jantzi eta errepaso bat emateko ere baliatuko dute urteurrena antolatzaileek. Jaialdiko aurreko edizioetan ikusgai izan diren film guztietatik hamar aukeratu dituzte antolatzaileek, eta igandean emango dituzte, 12:00etan. Arratsaldean, sari banaketa izango da, 18:00etan. Film irabazleak proiektatuko dituzte horren ostean. Amaitzeko, beste jaialdi batzuetan nabarmendutako zenbait film emango dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.