Aldaketa baten pintzelkadak

Aldaketa baten pintzelkadak

Unai Zubeldia

Koadroak aldatuz joaten dira, margotzeko modua ere bai, gogoa bera, bizimodua… Eta onak dira aldaketak, beti berdina erakutsiko nukeelako bestela; eta horixe ez nuke nahi”. Udane Juaristi margolari azkoitiarrak azken hiru urteotan bere artista ibilbideak izan dituen aldaketak islatuko ditu, gaurtik abenduaren 20ra, Azkoitiko Torre Zuri aretoan, Ibilixen erakusketan.

Astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik aretoa; ostiral eta larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta, igandeetan, 12:00etatik 14:00etara. Katapulta plataformak sustatutako erakusketa da, Torre Zuri aretoaren kolaborazioarekin eta Kutxa fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Juaristik “aldaketarako beharra” sentitu du azkenaldian, “bai marrazteko moduan, bai koloreetan, kontrasteetan…”, eta, haren hitzetan, hori erraz antzeman daiteke gaurtik ikusgai egongo diren obretan. “Erakusketa desberdin bat izan zedin nahi nuen, aldaketekin gauza berriak, bide berriak sortzen direlako beti”. Egileak hiru urteotan egindako 22 lan aukeratu ditu guztira. “Nire ideia berri horiek erakustea da helburua; lan organikoagoak dira”. Landareek eta abstrakzioak “orain arte baino toki zabalagoa” hartuko dutela aurreratu du Juaristik. “Azken finean, nire barruari kasu egin diot unean-unean, baina, oso koadro desberdinak izan arren, guztiek harremana daukate euren artean; koloreetan, pintzelkadetan…”.

35 urte dauzka azkoitiarrak, eta gehienetan kalea izan du inspirazio iturri. “Gai urbanoak aukeratzen ditut normalean; jendea oinez, kaleko paisaiak…”. EHUn ekin zien unibertsitateko ikasketei, Leioan (Bizkaia), eta bere ibiliak Parisera eraman zuen gero. Baina, bueltan-bueltan, jaioterrian aurkitu du bere txokoa. Azkoitiarrak berak onartu du bere herriari egin dion “keinu gisa” aukeratu duela gaur inauguratuko duen erakusketaren izena. “Oso aukera berezia da niretzat”.

UDANE JUARISTIREN ERAKUSKETA

Pandemia garaiak, oraingoz, mugatuta dauka mugikortasuna, eta, ziurrenik, nahi duten guztiak ezingo dira joan Azkoitiraino. “Horregatik, liburuxka moduko bat egiteko asmoa daukat, PDF formatuan, sare sozialetan zabaltzeko, eta, niri idatzita, obrak ikusi ahal izateko, nahiz eta beti hobea izaten den lan horiek aurrez aurre ikustea”. Juaristik bereziki eskertu du COVID-19ak eragindako “egoera berezi honetan” artistei horrelako aukerak eskaintzea. “Garrantzitsua da, guk gure lana erakusteko eta jendeak egiten dugun lana baloratzeko”.

Gakoa, gogotik saiatzea

Marrazkilariak aitortu du gaur egungo errealitatea ez dela erraza. “Baina jardutea da kontua, saiatzea, lan asko egitea, eta, mugituz gero, beti egoten da aukera batean edo bestean norberaren lanak erakusteko”. Nahiz eta Jauregiren lan batzuk ikusteko ez dagoen areto itxi batera sartu beharrik. Markina-Xemeinen (Bizkaia) mural handi bat egiten ari da aste honetan, azoka egiten duten gunean. “Arteuparte galerian ere, Donostian, beste erakusketa bat jartzekoa nintzen duela hilabete inguru, baina bertan behera gelditu zen. Dena den, modu digitalean egin genuen azkenerako”. Enkargu gisa ere egiten ditu beste hainbat lan. “Muralak eta etxeetarako koadroak, bereziki; ez nago kexatzeko, beti sortzen delako zerbait”.

Amaren arrastoari segika, Juaristik “ume-umetatik” oso argi zeukan margolari izan nahi zuela, eta bere afizioa ofizio bihurtzea lortu du ibilixen-ibilixen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.