Etxe berriak, eta kuartela ere bai

Etxe berriak, eta kuartela ere bai

Miren Garate

Joan den astean jakinarazi zuten EAJko iturriek akordio bat egin dutela Espainiako Gobernuarekin, eta Donostiako Udalak Loiolako kuartelak dauden lurrak erosi ahal izango dituela datorren urtean. 2021eko estatuko aurrekontuak babestearen truke hitzartutako puntuetako bat da. Espainiako militarrek, ordea, ez dute Loiolatik alde egingo. Defentsa Ministerioak berehala zehaztu zuen gaur egun hipika elkarteak erabiltzen dituen lurretara joateko asmoa dutela; hau da, Urumea ibaiaren beste aldera, baina auzoan bertan eta oinez zazpiehun metro eskasera —harenak dira lur horiek—. Hortik aurrera, galdera ugari daude: zenbat ordainduko dio Donostiako Udalak Espainiako Defentsa Ministerioari lurrengatik? Nolako hirigintza proiektua proposatuko du udalak auzorako? Nola aldatuko da Loiola? Zer gertatuko da hipikarekin?

Kuartelekin ezagutu dute auzoa loiolatarrek, ia ehun urte baitira egin zirela. 1920. urteko ekainaren 10ean sinatu zuten lursailak salerosteko akordioa, eta 1922an hasi ziren eraikitzen. Inauguratu, berriz, 1926ko otsailean egin zituzten. Bere garaian, bultzada ekonomiko bat ere ekarri zuten auzoko taberna eta komertzioentzat, batik bat soldaduska derrigorrezkoa zen garaian. Baina Igor Alonso Urumea Ibaia Loiolako auzo elkarteko kideak azaldu duenez, betiko eskaera izan da militarrek auzotik alde egitea. Horregatik, akordioak ez ditu gehiegi poztu: “Guk nahi genuena zen militarrek alde egitea Loiolatik, lursail horiek libre uztea, baina ez beste batzuk okupatzeko”. Bostehun militar inguru daude gaur egun Loiolako kuarteletan.

Alonsok kontatu du kuarteletan bizi direnekin ez dutela arazo handirik izaten; auzotik kanpo egin ohi dutenez eguneroko bizitza, ez dituzte askorik sumatzen. “Baina maniobrak egitera etortzen direnak etortzen dira auzora, eta haien begiradak ez dira oso atseginak izaten. Tabernetan bronkak, nazien aldeko margoketak eta halakoak ohikoak izaten dira”. Duela hamabost urteko gertaera bat ere ekarri du gogora, zenbait militarrek EHGAM elkarteko kide bat jipoitu baitzuten Donostia erdialdean.

Orain kuartelak dauden lurretan etxeak egin nahi ditu udalak, eta auzoak izan dezakeen bilakaerak eragiten die kezka puntu bat. “Ea zenbat jende etorriko den, nolako etxeak izango diren… Jende askok alde egin behar izan du Loiolatik, hango prezioak ez zirelako guretzako modukoak”. Babestutako etxeak nahiko lituzkete, baina udalak oraindik ez du xehetasun handirik eman lur horietarako dituen proiektuei buruz, nahiz eta Eneko Goia alkateak aipatu izan duen 1.600 etxe inguru egin ditzaketela. Iazko datuen arabera, 5.000 biztanle inguru ditu auzoak. “Herri txiki bat bezala gara: denok ezagutzen dugu elkar. Mugimendu sozial handia eduki izan du beti auzoak: konpartsa, danborrada…”.

Izaera hori galtzeko beldurrik ba ote duten galdetuta, Alonsok esan du Loiolako Erriberetako etxeak egin zituztenean izan zutela kezka hori. “Baina inor ez da etortzen Loiolara, jendea ez da asko mugitzen hortik, eta mugitzekotan ere, erdialdera mugitzen da”. Orain ere gauza bera gertatuko dela uste du. “Ez dut uste inbasiorik izango dugunik”. Bere garaian, Loiolako auzo elkarteak bazituen proiektu batzuk kuartelen gune horretarako, hala nola unibertsitatea hor jartzea, ikasleentzako egoitza bat egitea edo kiroldegi bat jartzea. “Ez izatea dena etxeak; oreka pixka bat nahiko genuke”.

Eraikin “historikoa”

Oreka eskatzen du ondarearen babeserako Ancora elkarteak ere: azpiegitura berrien eta hiriaren iraganari erreferentzia egiten dioten elementuen arteko oreka. Aurreko astean jakin zen lur horiek saltzeko akordioa egin zutela EAJk eta Espainiako Gobernuak, baina kuartelen inguruko eskaera bat aurrez du egina elkarteak, hain zuzen ere, Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren berrikuspenean. Ancora ez da kuartelak guztiz botatzearen aldekoa, eta gunea osatzen duten hamabi eraikinetatik bi mantentzea proposatzen du, “hiriaren historiaren eta memoriaren parte” direlako.

“Lursail handia hartzen duenez guneak, jabetzen gara ez dela posible guztia babestea, horregatik proposatzen dugu fatxada nagusia osatzen duten bi eraikinak mantentzea, ibai aldekoak”, esan du Alberto Fernandez D’Arlas elkarteko bozeramaileak. Bi horiek dira harrizkoak diren bakarrak, eta barruan apaingarri artistikoak ere badituzte. Pluralean hitz egiten da kuartelei buruz, bi direlako berez —ingeniariena eta infanteriarena—, biak oso antzekoak kanpotik nahiz barrutik. Horiez gain, soldaduen ostatulekuek eta bestelako eraikinek osatzen dute eremua. Hamazazpi hektarea inguruko azalera hartzen du.

Fernandez D’Arlasen hitzetan, beste hiri batzuetan asmatu dute gune militarrak “arrakastaz” berrerabiltzen. Ohikoa izan da, esate baterako, ekipamendu kultural moduan egokitzea edo unibertsitateek hartzea. Gasteizko adibide bat jarri du: Flandes kaleko kuartela EHUk erabiltzen du orain. Gaineratu du Loiolan hirigintza operazio handiak daudela gaur egun, eta “erreferente historiko guztiak ezabatzen” ari direla, hala nola baserri historikoak. “Eremu horretan muturreko transformazioa egon da, eta arrazoizkoa iruditzen zaigu oreka eskatzea. Eta Loiolako kuartelak elementu garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, ehun urte betetzear baitaude”.

Elkartearen esanak ez zaizkio asko gustatu Goia alkateari. “Ez dugu, bada, nahikoa zailtasun, oraindik eta zailtasun gehiago jartzeko gauzei. Ez litzaidake gustatuko, eta horretan adituak gara batzuetan donostiarrak, hemen barruko sestrek horrelako proiektu bati kalte egitea”, esan du aste honetan egindako prentsaurreko batean. Horri lotuta, gaur egun oso egoera txarrean dagoen Arte Ederrak eraikinarekin gertatutakoa ekarri du gogora. “Gai batzuen inguruko muturreko posizioek, batzuetan, horrelako gauzak sortzen dituzte”.

Akordioaren osteko hurrengo urratsei buruz, berriz, esan du batzuetan ez dela komeni izaten gauzak gehiegi aurreratzea, “prozesuari kalte egin diezaiokeelako horrek”. Goiak azaldu du akordioa Espainiako Estatuko aurrekontuetan txertatzea dela hurrengo urratsa, eta, aurrekontu horiek itxura guztien arabera onartu egingo diren arren, oraindik sinatu gabe daudela. “Behin onartzen direnean, akordioa loteslea izango da, eta hor jasotzen da 2021ean hasi eta amaituko dela prozesua. Oraindik eseri ere ez gara egin. Gauza bakoitza bere garaian”.

Donostiako Udalak urteak daramatza lur horiek bereganatu nahian, hirigintzari lotutako proiektuetarako. Odon Elortza (PSE-EE) alkate zenean saiatu zen, eta agintean Espainiako Gobernuan eta Jaurlaritzan alderdikideak izanda ere, ez zuen lortu; Juan Karlos Izagirrek (EH Bildu) ere egin zuen ahalegina alkate zela, baina gaiari buruzko bilera bat egiteko aukerarik ere ez zioten eman Defentsa Ministerioko ordezkariek; eta Goiaren (EAJ) agintaldian ere udala saiatu izan da aurrez lursail horiek erosten, baina ez dira ados jarri izan orain arte, militarrentzat proposatutako gune alternatiboek ez zutelako Espainiako Gobernuaren oniritzirik jasotzen. Oraingoan, lursailengatik ordaindu egingo zaio Defentsa Ministerioari, eta bere esku utzi dute militarrak nora lekualdatu erabakitzea.

“Alferrikako gastua”

Urteotako negoziazioen bilakaera salatzeko, Bake Ekintza taldeko kideek elkarretaratzea egin zuten joan den larunbatean. Gogoratu zuten behin baino gehiagotan aldarrikatu dutela egungo kuartelaren lurretan hiriaren garapenak bizi zuen blokeoaren konponbidea ezin zela mugatu “kuartel historiko baten edo armadarentzako kokaleku berri baten artean aukeratu beharraren dikotomiara”. Elkartearen ustez, gastu militarra murriztea da giza eskubideen aldeko bilakaera egin nahi duen gizarte baten benetako erronka, “eta bide horretan ez da instalazio militar gehiago behar”.

Nabarmendu du EAJk Madrilen lorturiko akordioak ez dituela Donostiatik kanpo utziko espainiar militarrak. “Ez omen zegoen Donostian militarren beharrei erantzungo zien lursailik, baina hipikarako planekin azkar zapuztu da kuartel berririk gabeko Donostiaren ametsa”. Kuartela errekaren beste aldera mugitzeak “gastu militar handiagoa eta alferrikakoa” ekarriko duela uste du. “COVID-19aren pandemiaren testuinguruan, bizi izan ditugun murrizketek eta egiturazko ahuleziak ez lirateke hainbestekoak izango gerrarako hainbeste baliabide bideratuko ez balira”. Kuartel guzti-guztiak ixtea eta industria militarra produkzio zibileko helburuetara bideratzea eskatzen du elkarteak, bai eta gastu militarra gastu sozialera bideratzea ere.

Horrez gain, gaur egun erabilera militarrera bideratuta dauden Jaizkibel eta LoreToki naturguneak Lezoko eta Donostiako udalen esku geratzea nahi du Bake Ekintza taldeak. “Beharrezkoa da gizartea mobilizatzea lorpen sozial horiek guztiak lortzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.