Norberaren herrian bisitari

Norberaren herrian bisitari

Aitziber Arzallus

Aurtengoa inor gutxirentzat izan da urte ona. Museoentzat ere ez. Konfinamendu garaian, ateak ixtera behartu zituzten; gero, lanean hasi ziren, baina neurri zorrotzak hartuta eta edukiera mugatuta. Orain badute lan egiteko aukera, baina bisitariak falta zaizkie, galarazita baitago norberaren bizileku den herritik irtetea. Turistekin lan egiten zutenak, gaizki, eta eskolekin lan egiten zutenak ere bai. Badira zerbitzua etetea erabaki dutenak, baina badira egoerara egokitzeko aparteko ahalegina egiten ari direnak ere. Udalerriko eta mugakide diren udalerrietako herritarrentzat eskaintza bereziak prestatu dituzte Urola Kostako hainbat museok.

BALENTZIAGA MUSEOA

Getaria

Bisitetako prezioan moldaketak eginda

Getariako Balentziaga museoak Eusko Jaurlaritzak mugimendua mugatzeko neurriak ezarri orduko moldatu zuen eskaintza: urriko azken asteburuan museora doan sartzeko eta bisita gidatuak egiteko aukera eman zien getariarrei, eta familientzako tailerrak antolatu zituen. “Egitasmoak sekulako harrera izan zuen, itxaron zerrendak ere sortu ziren, eta, hori ikusita, hurrengo asteburuan eskaintza bera egin zuen”, azaldu du Xabier Fernandezek. Museoen kudeaketan eta dinamizazio lanetan aritzen den Arazi enpresako langilea da Fernandez, eta, hain zuzen ere, hura arduratzen da Balentziaga museoko hainbat zerbitzu koordinatzeaz.

Aurreneko bi asteburuak pasatuta, moldatu egin zuten eskaintza, eta, harrezkero, baten prezioan bi sartzeko aukera ematen diete Getariako, Zarauzko, Zumaiako eta Aizarnazabalgo bizilagunei. Abenduko zubirako doako tailerrak ere antolatu dituzte familientzat. Fernandezek txalotu egin du Balentziaga museoak azken asteotan egin duen ahalegina, eta nabarmendu du horri esker ohikoa ez duen publikoarengana iristea lortu duela. Iaz 54.000 bisitaritik gora izan zituen Getariako museoak; gehienak, atzerritarrak.

ARTE ETA HISTORIA MUSEOA

Zarautz

Sasoi honetan ere, mugimendu handia

Zarauzko Arte eta Historia Museoan eta Zestoako Ekainberrin ere herritarrentzat eskaintza bereziak dituzte azken asteotan, eta Fernandezek badu horien berri, hura arduratzen baita bi museoetako zerbitzuak koordinatzeaz ere. Harrituta hitz egin du Zarauzkoaz. “Zarauzko Arte eta Historia Museoan oso mugimendu gutxiko urte sasoia izan ohi da hau, baina asteburuotan herritarren eskariari erantzutera iritsi ezinda gabiltza”. Joan den asteburuan bisita gidatuetan parte hartzeko leku guztiak bete zirela jakinarazi du, eta aste hasieratik ari direla datorren astebururako erreserbak jasotzen. Sarrera eta bisita gidatua doan jarri dituzte, baina Fernandezek ez du uste arrazoia dirua denik, bestela ere bi euro kostatzen delako. “Museoek herritarren beharra duten bezala, herritarrek ere behar dituzte asteburuetan herrian egiteko planak, eta museoetara joatea aukera bihurtu da”.

Zarauzko bizilagunek ez ezik, Getariakoek, Aiakoek eta Aizarnazabalgoek ere badute museora doan sartzeko aukera. Ostiral, larunbat eta igandeetan izaten dira bisita gidatuak, ordubete ingurukoak, eta, Zarauzko hainbat artistaren lanak ezagutzeaz gain, parrokiako aztarnak eta nekropolia ikusteko aukera izaten da.

EKAINBERRI MUSEOA

Zestoa

Bereziki ikasleen falta sumatzen du aurten

Zestoako Ekainberrin, berriz, sarrera eta bisita gidatua erdi prezioan egiteko aukera eskaintzen ari dira azken asteotan, eta “erantzun ona” izan dutela esan du Fernandezek, asteburuetan familia batzuk izan direla. Hori bai, astegunetan ikasleen falta sumatzen dute. Iaz, 36.000 bisitari hartu zituen Zestoako museoak, %66 Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak, eta horietako asko, ikasleak. “Ikasturte honetarako LHko lehendabiziko ziklotik Batxilergora arte eskaintza didaktikoa prest daukagu dagoeneko, eta erreserbak egiteko epea zabalik dago, baina egoerak ez du laguntzen”. Udalerritik irteteko aukera izanda ere, ikastetxe askok erabakita baitaukate ikasturte honetan ibilaldirik ez egitea. Hala ere, badira salbuespenak. “Gaur bertan Bizkaiko ikasle talde bat hartuko dugu, ikasturteko lehenengoa. Ertzaintzarekin hitz egin dute, eta badaukate Ekainberrira etortzeko baimena”. Xabier Fernandezentzat, “oso berri pozgarria” da aukera hori badela jakitea.

PHOTOMUSEUM MUSEOA

Zarautz

Sarrera doan herriko eta ingurukoentzako

Zarauzko Photomuseumen sarrera doan jarri dute herriko eta alboko herrietako bizilagunentzat. “Lehen, astean bitan eskaintzen genuen aukera hori, eta orain, asteartetik igandera, egunero”, azaldu du Marcelino Altuna zuzendariak. Asteburuetan “jende pixka bat” badabilela adierazi du, baina gutxi, garai honetan ibili behar lukeenaren aldean. “Herriko bisitari finkoak baditugu, baina gurera etortzen diren gehienak turistak izaten dira; euskal herritarrak, batez ere”. Haietako asko turismo bulegoak gomendatuta joaten zaizkiela esan du Altunak, eta argazki eskoletako ikasle taldeak eta lagun kuadrilak ere dezente izaten dituztela. “Zarautzera egun-pasa etorri, museoa ikusi eta bazkari bat egitea izaten zen askoren plana, baina orain ez dago halakorik egiteko aukerarik”.

Dena dela, lanean jarraitzeko asmoa adierazi du, eta aste honetan bertan erakusketa berria zabalduko dutela. “Herritarrak animatu nahi nituzke gurera etortzera, tarte atsegin bat pasatzeko aukera polita dutelako, pilaketarik gabe eta modu erabat seguruan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.