Amestu eta bidaiatu mundu berrietara

Amestu eta bidaiatu mundu berrietara

A. Vierbücher

Kolorez, maitasunez, sorpresaz eta naturaz beteta dator Burrunba Txoria ipuina. Betzaida Urtazaren (Legorreta, 1988) bigarren lana da, eta labean sartu dute jadanik. “Fantasiaz eta magiaz beteriko esperientzia bat bizitzeko haurrentzako ipuin bat da bigarren hau”, deskribatu du egileak. Espero du laster salgai egotea, besteak beste, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko liburu dendetan.

Irakasle ikasketak egin zituen Urtazak, baina ikasketak amaitu eta urte batzuek igaro behar izan dute benetan gustuko duen hori deskubritu eta errealitate bihurtzeko: “Bizitzak orain arte erakutsi didana konpartitu nahi dut printzipioz haurrentzako diren ipuinekin, baina helduentzako irakaspenak ere biltzen dituzte”. Aurrerago “beste proiektu batzuk” garatzeko asmoa ere badu idazleak. “Ideia asko ditut buruan, eta pixkanaka-pixkanaka joango naiz guztiei forma ematen”.

Ikasketak amaituta, hara eta ona ibili zen legorretarra, jaioterria “txiki” gelditzen zitzaiola sentitzen zuelako.”Askatasun eta esperientzia berrien bila-edo, hainbat herrialdetan ibili naiz urteotan”. Portugalen egin zuen azken geldialdia. Han igaro zuen jaioterrira itzuli aurreko azken urtea. Hasitako bidaia hori uste baino lehenago amaitu zen, ordea, aitaren heriotzak eta amonaren alzheimerrak baldintzatuta.

Hasitako bide hari jarraipena emango ziola sinetsita zegoen Urtaza, baina itzulera hark erabat aldatu zion ikuspegia. Urte hauetan guztietan pilatutako esperientziei tiraka hasi, eta haurrentzako ipuinak idazten amaitu du. Iragana eta oraina markatu dizkio aitaren heriotzak eta amonaren gaixotasunak, eta aurretik forma ematerik lortzen ez zuen proiektu pertsonalari forma bakarrik ez, zentzua ere aurkitu dio.

Barruan dabilkion olatuaren indarra baliatuz idatzi du Burrunba txoria ipuina. Poztasuna dario hitz bakoitzari, eta Maria Garcia espainiarraren (Sevilla) ilustrazio koloretsuek borobildu dute lana. “Kolore bizi-biziak dituen kolibri polit eta alai bat da Burrunba. Idazten hasi aurretik irudikatu nuen, eta ilustratzaileak ondo baino hobeto islatu du buruan neukana”. Urtazak nabarmendu du “oso gustagarria” izan dela harekin lan egitea, eta espero duela aurrerago ere “bien bideak batzea”, emaitzarekin “oso gustura” dagoelako.

BETZAIDA URTAZA

Txoritxoak, eguneroko abenturetan, ondoan izango ditu Joseba eta Gentzane. “Burrunbaren lagunak bakarrik ez, niretzat ere lagun handiak baino askoz gehiago dira. Benetako pertsonak dira Joseba eta Gentzane, asko ikasi dut haiekin, eta benetan momentu onak pasatu ditugu elkarrekin. Haiek ezer ez badakite ere, haien omenez ere egin dut ipuin hau”.

Kontakizunen munduan bidaia berriari ekinda, Urtazak badaki ez dela erraza izango bidea egitea, baina konfiantza handia dauka bere buruarengan. Gainera, beste gauza batek ere bultzatu du idaztera: “Nire esperientziak elkarbanatzeko beharra sentitzen nuen”. “Benetan sinetsita” dago bere kontakizunek norbaiti “zerbait ikasteko” balio izango diotela, eta baita bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko indarra transmititzen duela ere. “Hori pentsatze hutsa bultzada izan da proiektua garatzeko.

Ameslarien argitaletxea

Orain arteko bi lanek —Amalia y el viaje al espacio (Amalia eta espaziorako bidaia) eta Burrunba txoria— Urtazak berak sortu duen argitaletxearen zigilua daukate: Amesgile argitaletxearena. “Ilusio handiarekin sortu dut, eta lelo nagusia da Amestu eta bidaiatu mundu berrietara“.

Hirugarren argitalpena ere ipuin bat izango dela argitu du legorretarrak, “gauaren inguruko kontakizun poetiko bat”, hain zuzen ere. “Ilustrazio ederrak izango ditu ipuin horrek ere”. Ipuinez gain, alzheimerrari buruzko eleberri biografiko bat ere argitaratu nahi du idazleak, “gaixotasuna, gaixoa eta zaintzaileak humanizatzeko helburuarekin”. Eta alzheimerra gai gisa hartuta, komiki bat egiteko proiektua ere badauka Urtazak. Haurrei zuzendutako beste hainbat ipuin eta helduentzako poesia liburu bat ere gehitu behar zaizkio uzta horri. Hamaika proiektu dauzka buruan legorretarrak. “Amesgileren goiburuak dioen moduan, mundu berriak amestu nahi ditut, eta haietara bidaiatu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.