Joko arauak betetzeko eskaera

Joko arauak betetzeko eskaera

Miren Garate

Bost hilabete inguruko umealdiak izaten dituzte ardiek. Jaio ostean, hilabete inguru egon ohi dira errapean arkumeak, eta, handik aurrera, esne hori etxean transformatzen hasten da artzaina, edo beste norbaiti edo industriari saltzen dio. Azken kasu horretan, gauza bat adostuta dute: esnea erosten duenak bi hilabete lehenago esango diola ekoizleari zer preziotan erosiko dion esnea, eta zer baldintzatan —gantz kopurua, proteinak eta beste hainbat faktore hartzen dira kontuan prezioa finkatzeko—. Hori adostu ostean, kontratua sinatu ohi dute, urtebeterako edo kanpaina osorako; hau da, ardiak esnea ematen duen aldirako. Gipuzkoako EHNE sindikatuak salatu du ardi esnea erosten duten industria batzuk ez direla ari “garbi jokatzen”, ez dutelako errespetatzen zehaztuta dagoen bi hilabeteko epe hori. Ez dute eman nahi izan enpresen izenik: “Gaizki ari diren horiek ondo dakite zein diren”.

Lorea Muguruza sindikatuko komunikazio arduradunaren hitzetan, “abusuzkoa” da gertatzen ari dena. Izan ere, arkumeak, dagoeneko, hasi dira jaiotzen, eta artzainek laster hasi beharko dute esnea saltzen. Esan du industriek azkeneko unean egiten dituztela eskaintzak, artzainak gehiago itxaron ezin duen unera arte. “Artzainak esnea jada hor duenez, atera beharra dauka, eta edozeri heltzen dio, ez du beste aukerarik. Horretaz aprobetxatzen dira industriak prezioak estutzeko”. Gogoratu du produktu delikatua dela ardi esnea, besteak beste, azkar galtzen delako. “Ezin duzu izoztu eta gero industriari eman”.

Ez da Gipuzkoako arazoa bakarrik; Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere antzekoa da arazoa. Horregatik, EHNEk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die ikuskaritza lana egin dezatela, “beren egitekoa delako”. Muguruzak futbol partida baten adibidea jarri du gertatzen dena azaldu asmoz. “Joko arauak argi egon arren, epailerik gabe liskarrak gertatzen dira beti. Guk eskatzen duguna da epailea egon dadila bere lekuan, eta egin ditzala ikuskaritzak; industria batzuk ez dira neurriak betetzen ari, eta neurri horiek denon onerako dira”.

Izan ere, nabarmendu du abusuak saihesteko neurriak egon badaudela —bi hilabete lehenago egitea eskaintza eta kontratua—. “Gauzak horrela egiten direnean, inork ez du arriskurik behatzak harrapatzeko. Kontratuan idatzita egonez gero, baldintzak argi egoten dira”. Industriarekin alderatuta, artzaina egoera ahulean dagoela nabarmendu du sindikatuak.

Prezio txikiak

Horri lotuta, beste gertaera bat ere salatu du. “Badakigu industriaren batek artzainei esne kopurua jaisteko proposamena ere egin diela. Zer gara, bahituta gauden pertsonak?”. Muguruzaren ustez, onartezina da eskaera hori azken momentuan egitea. Gainera, artzainaren autonomiari eraso egitea dela uste du. “Artzainak izango du, bada, esnea bati, biri edo bosti saldu nahi dion erabakitzeko eskubidea, ezta? Har dezala nahi duen partea, baina utzi gainerakoarekin nahi duguna egiten”.

Horrez gain, gogoratu du elikadura kateari buruzko legeak argi adierazten duela ezin dela esnea ekoiztea kostatzen dena baino merkeago saldu edo erosi. “Baina industria batzuek ez diote begiratu ere egiten lege horrek zehazten duenari, eta, gainera, artzainak estutzen ari dira”. Arlo horretan ere ikuskaritza lana egiteko eskatu die gobernuei. “Produktuagatik jaso behar genukeen soldatarik ez dugu jasotzen, horrelako gauzak ez direlako errespetatzen. Neurriak badaude, eta epaile lana egin egin behar da. Gero ez du balio egun politetan baserritarrokin argazkia ateratzera etortzeak”.

Gabonen bueltakoa izaten da sasoirik garrantzitsuenetakoa artzainentzat, orduan ordaintzen delako gehien arkumeengatik. Beraz, aste hauek bereziki garrantzitsuak dira artzainentzat. Prezioak iaztik merkatu egin direla kontatu du. “Lotsagarria da. Azken hamarkadan ia ez da aldatu ordaintzen zaiguna, eta guri dena garestitu zaigu”.

Prezio baxuei COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriak batuko zaizkie aurten. Talde handitan elkartzea galarazita egongo denez, ez dago batere argi Eguberrietan zer kontsumo joera hartuko dituzten herritarrek, eta ea aurreko urteetako salmenta maila izango duten arkumeek edo gutxiago salduko diren. Orain arte gauzak nahiko geldirik egon direla esan du Muguruzak. “Orain badirudi zerbait mugituko dela, baina ez dakigu, kristalezko bolarik ez dugu. Ikuskizun gaude denok, herritarrak ere bai”.

Festez haragoko produktua

Hala ere, gauza bat nabarmendu nahi izan du EHNEko kideak: “Badirudi arkumea festetako produktua dela, baina arkumea jateko modu diferenteak ere badaude. Sarri ahazten zaigu zerbait erostea ere badela erabaki politiko bat, erabaki sozial bat, ez bakarrik ekonomikoa”. Klima larrialdi garaiotan, ardiek mendiak garbitzeko, suteak eragozteko… betetzen duten funtzioa aipatu du. “Ez dakit nondik datorren zerbait jaten baduzu, konturatu behar zara zer preziotan erosi duzun, han bizi denak zenbat jaso duen, tartean zenbat kilometro egin behar izan dituen elikagai horrek jakizu zer garraiobidetan, eta benetan horrek zer onura dakarkion gure inguruari, sozialki eta bestela”.

Eguberriei begira zer gertatuko den oraindik ez dakiten arren, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako bestelako neurrien ondorioak hasieratik igarri dituzte nekazariek. Besteak beste, jatetxeak itxita egotea izan da kalte egin dien neurrietako bat. “Elikagaiak sortzen ditugunetik, eta elikagaiak bideratzeko kanalak murrizten diren momentutik, izorratuta egoten gara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.