Neurriak ondo betetzea jomugan

Neurriak ondo betetzea jomugan

Beñat Alberdi

Duela bete batzuk, listua zen koronabirusaren transmisiorako bide nagusia, eta, besteak beste, maskarak eta pantailak behartu zituzten. Listua ahaztu gabe, arrisku faktoreetan aerosolak gehitu zituzten gerora, baina horrek ez zituen bertan behera utzi aurreko neurri guztiak; berriak jarri zituzten indarrean, eta horien artean zegoen gela itxiak aireztatzeko beharra. Eta, hain zuzen ere, betebehar berri horiei segika, sei CO2 neurgailu erosi ditu Elgetako Udalak, gune bakoitzean kutsadura muga noiz gaindituko duten jakiteko.

Hasiera askok ez dute izaten zailtasun handirik, eta, Iraitz Lazkano Elgetako alkatearen hitzetan, horixe da euren kasua: “Airearen kalitatea neurtzeko bideak badaudela azaltzen zuten berriak iritsi zitzaizkigun, eta berehala hasi ginen kuxkuxean”. Bi helburu dauzka sei gailuen erosketak: batetik, COVID-19aren fokurik ez sortzea udal eraikinetan, eta, bestetik, ezarrita dauden protokoloak ondo bete arren, beste neurri batzuk ere behar direlako kontzientzia sortzea.

Batean eta bestean begira hasi, eta sei neurgailu erosi zituzten azkenean: udaletxean jarri dituzte hiru, eta bana liburutegian, ludotekan eta herriko eskolan. Guztira, 473 euro gastatu ditu udalak; 80 euro eskas neurgailu bakoitzeko. Aireak milioiko duen karbono dioxido kopurua (ppm-a) igartzen du aparatuak. Espainiako Gobernuak ikasgelen aireztatzeari buruzko gidaren arabera, 625 eta 800 ppm artean onargarria da balioa, baina beti komenigarria izaten da balio hori 625etik beherakoa izatea. CO2 balio hori 800etik gorakoa balitz, derrigor aireztatu beharko litzateke gune hori, eta ez kutsadura kontuagatik bakarrik, baita airearen kalitatea bermatzeko ere. Adibide modura, landa gunean 425 ppm ingurukoa izaten da balio normala.

Neurketa horiek gorabehera, beste kontu bat da gela itxietan airearekin zer gertatzen den aztertzea. Pertsonek, azken batean, karbonoa isurtzen dute arnasa bota ahala, eta, nolabait esatearren, kutsatu egiten dute ingurua; arnasaldi bakoitzarekin igo egiten da milioiko karbono dioxido kopurua, eta are gehiago inguruan norbait gaixo badago. Gune horretan leihoak itxita badaude, CO2 kopuruak gora egiten du pixkanaka-pixkanaka, eta kasu horietarako dira bereziki erabilgarriak Elgetako Udalak erosi dituenaren pareko gailuak.

Ikustearen garrantzia

“Gela aireztatzeko beharra gure begiekin ikusteko aukera ematen digute erositako neurgailuek”, azaldu du Lazkano alkateak. Azken batean, ez da gauza bera leihoak zabaldu behar direla entzutea edo CO2 kopurua igotzen ari dela ikustea. “Berez, erabat abstraktua den gauza bat ikusgarri bihurtzen dugu horrelako neurgailuei esker”.

Ekintza bakoitzaren arabera, CO2 kopuruaren igoera ere ez da bera izaten. Hau da, ez da gauza bera alkatea bere bulegoan lanean aritzea edo hiru pertsonarekin bilera bat egitea. Une bakoitzeko egoeraren berri izateak lagundu egingo die neurri zehatzak identifikatzen. Are gehiago giroa hozten hasi den garaian. Eta, noski, neurgailuek balioko dute herrian COVID-19aren aurkako neurriak ondo aplikatzen ari diren edo ez jakiteko.

Herritar asko ezustean hartu ditu neurgailuen kontuak eta une oro datuak jakiteak: “Izugarria da leihoa zabaldu eta denbora gutxian airea nola berritzen den ikustea”, azaldu du Lazkanok. “Nahikoa da momentutxo batean zabaltzea”. Pandemiak iraun edo ez, etorkizunerako oso tresna baliagarria izango dela uste du alkateak. Beste birusen bat iristen bada, airearen balioak neurtzen jarraitu ahal izango dute, baina, birusik gabe ere, egunero jakin ahal izango dute airearen kalitatea ona den edo ez. “Oso modu erraza da aireztatzeak zenbateko garrantzia daukan ikusteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.