“Patuaren gidaritza” hartuta

“Patuaren gidaritza” hartuta

Miren Garate

Urtarrilean, prentsaurreko bat eman ohi dute Donostiako Orfeoiko kideek, hurrengo hilabeteetarako lotuta dituzten kontzertuak jakinarazteko. Itxura oso ona zuen 2020ak: nazioarteko hainbat kontzertu, obra eta zuzendari entzutetsuak, Europako agertoki handietan bira bat, kontzertu ugari Donostian eta Espainiako hirietan… Baina iritsi zen COVID-19a, eta plan horiek guztiak zapuztu zituen. “Panorama musikal-koral negargarria utzi du”, dio Antonio Sainz Alfaro Orfeoiko zuzendariak.

Hala, “patuaren gidaritza” hartzea erabaki dute, eta beraiek bihurtzea kontzertuen sustatzaile. Hilabete honetan bertan, Gabonei begira, zenbait kontzertu antolatuko dituzte, Donostiako elizetan. “Kontzertu hauek oparia dira hiritarrentzat eta ondoko herrietako biztanleentzat, baina baita guretzat ere, jendearekin elkartzeko eta musika partekatzeko beharra baitugu”, esan du Sainz Alfarok. Doakoak izango dira, eta eliza bakoitzean ezartzen den gehienezko edukiera bete arte sartu ahal izango da jendea, osasun arauak betez. Maskarekin abestuko dute, eta pantailak eta kamerak jarriko dituzte eliza guztietan, hobeto ikusteko.

Horrez gain, lehen aldiz, kontzertu klasikoen zikloa egingo dute urtarriletik ekainera bitartean. Hilero kontzertu bat izango da —maiatzean salbu—, eta Kursaalean izango dira emanaldi guztiak, “hiriak urte osoan ezin izan duelako bere abesbatza entzun”. Zenbait bakarlariren, pianoaren, organoaren eta metalen laguntza izango du Orfeoiak. 30 euro balioko dute sarrerek, eta kontzertu guztietarako balioko duen bonu bat ere egongo da, 120 euroan.

Arraroak izan dira azken hilabeteak abesbatzarentzat. Martxoan eten egin behar izan zituzten entseguak, eta ekainaren 12ra arte ez ziren berriro hasi. Ordutik, taldeetan banatuta, distantziak errespetatuz eta maskararekin aritzen dira kantuan, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak eta Jaurlaritzak argitaratutako neurriak betez. “Zailena, dudarik gabe, distantziekin eta musukoarekin mailari eustea izan da; hilabeteetako egokitzapen prozesua izan da; arnasten ikasi eta distantzia horietan elkar entzutera ohitu behar izan dugu”.

Zuzendariak kontatu duenez, hasieran arnasestuka amaitzen zituzten entseguak, baina pixkanaka ikasi dute maskararekin normal arnasten eta kantatzen. “Noski, ez da erosoa; ahoa ondo mugitzea, sakon arnastea eta airea urrun proiektatzea ez da horren eraginkorra maskara jantzita. Baina egin daitekeela ikasi dugu, ezerosoa suertatu daitekeen arren”. Konparazio bat egin behar izanez gero, beharbada, distantziak errespetatzeko obligazioak lan handiagoa eman diela dio. “Elkar entzutea ezinbestekoa da bat eginda kantatzeko, eta metro eta erdiko distantzia horrek zaildu egiten du koordinazioa. Horretan ere egokitzapen prozesu bat egin behar izan dugu”.

Datorren urteari begira

Orfeoiko talde batek Urmuga proiektuko sei kontzertutan parte hartzeko aukera izan zuen udan, eta inguruko beste hainbat konpromisori eustea ere lortu zuten, baina, gainerakoan, bertan behera geratu zaizkie aurtengo kontzertuak. Obra berriak ikasteko baliatu dute etenaldia, errusierazko obrak batez ere. “Lan mardula izan da, ez horrenbeste musika aldetik, baina bai zirilikoan idatzitako hizkuntzaren ahoskerak, azentuak eta adierak barneratzeko orduan”. Kontzertu klasikoen zikloaren barruan, 2021eko martxoan emango duten kontzertuan abestuko dituzte errusierazko obra horietako batzuk.

2020. urtea bezalaxe, 2021a ere “berezia” izango dela uste du zuzendariak. “Pixkanaka agertokietara itzultzen hastea espero dugu, gure lan erritmoa berreskuratzea eta musika sinfoniko-korala apurka berpiztea”. Normalean, urtearen amaierarako ia guztiz itxita izaten dituzte hurrengo urteko emanaldiak, baina aurten ez da hala izan. “Urtarrilean egitaraua aurkeztuko dugu, urtero moduan, baina ziur aski 2021ean konpromiso berriak iritsiko dira, egoerak hobera egin ahala”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.