Patxi Barco: “Bilatzen genituen elementu guztiak zituen ‘Kutsidazu’-k”

Patxi Barco: “Bilatzen genituen elementu guztiak zituen ‘Kutsidazu’-k”

Miren Garate

1994an idatzi zuen Kutsidazu Bidea, Ixabel nobela Joxean Sagastizabalek. Lan horretan oinarrituta, antzezlana, telesaila eta filma ere egin dituzte ordutik. Zerrenda horri musikal bat ere erantsi dio Demode Produkzioak-ek. Urrian estreinatu zuten, eta bihar eta etzi Donostiako Viktoria Eugenia aretoan emango dute, 19:00etan. Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Karlos Ngema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano dira aktoreak. Nobelako eta musikaleko sinopsiak berberak diren arren, ikusleak “opari asko” aurkituko dituela dio Patxi Barco zuzendariak (Donostia, 1959).

Zergatik Kutsidazu bidea, Ixabel? Eta zergatik musikal bat?

Duela hamar urte sortu genuen Demode Quartet, eta gure lanaren oinarrian honako hauek daude: a cappella abestea, bertsioak asko zaintzea eta umorea. Bertsioek kokatu gaituzte mapan, baina oraingoan, jauzi bat egin, eta sorkuntzan aritu nahi genuen; dramaturgiaren sorkuntzan, testuenean, nahiz abestienean, letrak eta musikak eginez. Zer egin pentsatzen ari ginean, Jolik [Joli Pascualena, Demode Quarteteko kideetako bat] proposatu zuen Kutsidazu bidea, Ixabel, eta denoi piztu zitzaigun bonbilla. Dibertigarria da, euskaldun kultura osoa katigatu du, inklusiboa da… Abiapuntu moduan, bilatzen genituen elementu guztiak zituen Kutsidazu-k. Oztopo bakarra zen euskaraz bakarrik egin zitekeela, guk normalean gaztelaniaz nahiz euskaraz egin daitezkeen lanak bilatzen ditugulako, baina iruditu zitzaigun merezi zuela.

Joxean Sagastizabalen nobelak izandako arrakastaren ostean, antzezlana, telesaila eta pelikula etorri ziren. Hain ezaguna izateak ez dizue ikusleei errepikakorra iruditzeko beldurrik eragin?

Ez, oso ezberdinak direlako elkarrengandik. Ikusleak ikusiko duenaren %60-70 gure sorkuntza lana da.

Aipatu duzu zeuek sortu dituzuela dramaturgia nahiz abestiak. Nolakoa izan da prozesua?

Dramaturgia Aitziber Garmendiak eta biok egin dugu elkarrekin, eta, besteak beste, euskalkiekin eta hitz jokoekin jolastu dugu. Nobelako gauzak daude, eta asmatu ere egin ditugu beste batzuk. Abestiei dagokienez, estilo guztietakoak daude: tango sentsuala, rock bat, gospela, txistua eta txalaparta… Hain zuzen, disko bat ere egin dugu ikuskizuneko abestiekin, eta aste honetan aurkeztu dugu Durangoko Azokan. Kantatu egin behar zuten aktoreek, eta oso maila ona eman dute.

Aurkezpenean esan zenuten nobelaren egokitzapen erabat librea egin duzuela. Zer aurkituko du ikusleak zuen lanean?

Gure lanaren sinopsia eta nobelarena berdinak dira: Donostiako euskaldun berri bat baserri batera joaten da euskara ikasteko, maitemindu egiten da, talka bat dago nekazaritza munduarekin… Nobela irakurri duenak gauza batzuk oso erraz identifikatuko ditu, baina, horrez gain, opari asko aurkituko ditu. Ordu eta erdiko lana da, eta momentu dibertigarri asko daude, erraz ikusten da, erritmo handia du. Guretzat gozamen hutsa da lan hau egitea.

Urrian estreinatu zenuten lana. Ez dira garairik errazenak arte eszenikoentzat. Zer moduz doaz emanaldiak?

Jaiotzen ari gara oraindik, eta mantentzen ditugu lotuta genituen emanaldiak. Aurreneko helburua estreinatzea zen, eta orain merkatua ea nola dagoen ikusi beharko dugu. Artilleria guztiarekin atera gara gu: zortzi pertsona aritzen dira oholtza gainean. Uste dugu horrelako lan batek euskaldun asko eraman ditzakeela aretoetara ondo pasatzera. Iruñeko Gaiarreko emanaldirako sarrera guztiak hamabost minutuan saldu genituen [atzo izan zen emanaldia]. Zazpiehun laguneko edukiera du antzokiak, eta 350 sarrera jarri ziren salgai. Eta pentsatzen duzu: ‘Jo, aretoa lehertzeko aukera genuen’. Aretoak leku erabat seguruak dira, jendea aurrera begira dago, ez da mugitzen, distantziak errespetatzen dira, eta horrela gabiltza. Baina gero autobusean jendea estu-estu eginda joaten da. Ea normaltasuna pixka bat berreskuratzen dugun.

Aurrera jarraitu edo ez; zalantzarik izan duzue?

Momentu batzuetan etsitzeko gogoa izaten genuen, baina gero pentsatzen genuen ikuskizuna muntatze hutsa mezu bat zela, aurrera egin behar dela erakusten duen mezu bat. ‘Gera gaitzala errealitateak’ izan da gure leloa. Baina, noski, konplikatua izan da. Bideodeiekin egiten genituen entseguak, eta hori oso zaila da kantatu behar duzunean. Banakako lanaren bidez eta sareen bidez asko aurreratu dugu, eta, azkenean, pandemian sortutako espektakulua izan da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.