[Urtekaria] Bi begirada sarkorrek utzitako arrastoa

[Urtekaria] Bi begirada sarkorrek utzitako arrastoa

Unai Zubeldia

Ez hitz ederrik eta ez pintzelkada dotorerik. Bi malko tanta bakarrik. Bi arrasto beltz. Badoa 2020a, bidean bi hutsune handi utzita. Apirilaren 22an itzali zen Jose Luis Zumeta (Usurbil, 1939), espresionismo abstraktuaren eta figurazioaren maisua, eta uztailaren 31n Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942), euskalgintzaren ekintzailea eta euskal kulturaren erreferentzia. Itzali dira biak, baina oso bizirik dago oraindik bien ekarpen oparoa.

“Gerraosteko euskal artistarik esanguratsuenetako bat” eta “kolorearen artista”: horiek dira Zumetaren definizio ohikoenetako bi. Emozioekin eta sentimenduekin lotzen zuen beti kolorea, eta horiei tiraka askatzen zuen barrua bere margolanetan. Bat-batekotasuna zen berea, sarritan azaldu baitzuen “aurretik prestatu gabea” izaten zela bere artelan bakoitza. “Nik ez dakit nola pintatu. Koadroan bertan ikusten dut; momentuan ikusten dut”.

1939ko apirilaren 19an Usurbilen jaio, eta 5 urterekin Donostiako La Salle eskolara joan zen ikastera. Graficas Valverden hasi zen lanean 14 urterekin, eta Donostiako Arte eta Ofizioen eskolara iritsi zen segidan. Gipuzkoako Artisten Elkartean hainbat ikastaro ere egin zituen hurrengo urteetan, eta 19 urte bete berritan jaso zuen lehen sari handia: Madrilgo Pintura Joven sariketako Urrezko Domina. Ordurako nor izaten hasia zegoela, Parisera joan zen 20 urterekin, arte abangoardiak bertatik bertara ezagutu asmoz. Espresionismo abstraktuaren teknikak bere egiten hasi zen Parisen, eta han ezagutu zituen, besteak beste, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Maria Ortiz margolari donostiarrak.

Urtebete geroago itzuli zen Euskal Herrira, Hondarribira, eta han hasi zen lanean Remigio Mendiburu eskultorearekin. 1961ean jarri zuen bakarkako lehen erakusketa, Donostiako Udalaren erakusketa aretoan. Nekaezina zen lanean, eta, horren erakusgarri, Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen, 1966an —bi urte iraun zuen taldeak—, eta Ez Dok Amairuko partaideekin ere aritu zen elkarlanean. Jesus Artzek, Jose Mari Zabalak eta Mikel Laboak ere arrastoa utzi zioten Zumetari; laguntasun handia egin zuen hirurekin.

Euskal Pinturaren Sari Handia jaso zuen 1967an, eta, Euskal Herrian zein nazioartean hainbat erakusketa jarri ondoren, 1999an egin zuen bere obrarik ezagunenetako bat: Gernika. Atallu (Nafarroa) eta Usurbil artean ondu zituen bere obrarik gehienak, eta Usoa Zumeta alaba lankide fin izan zuen azken urte luzeetan. 81 urterekin hil zen, Donostian.

JOAN MARI TORREALDAIREN HERIOTZA

Ekintzaile nekaezina

Joan Mari Torrealdaik euskara zuen iparrorratz, eta, euskalgintzaren alde egindako 60 urteko lanari esker, ikur bihurtu zen askorentzat, herri ekimena eta euskara batua ardatz hartuta. Euskaltzain urgazlea eta euskaltzain osoa izan zen, eta baita, besteak beste, Jakin aldizkariko zuzendaria eta Euskaldunon Egunkaria-ko kontseilari delegatua ere. Hain zuzen ere, barru-barrutik bizi izan zituen Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIA haren oinordekoaren sorrerak.

Foruan jaioa, On?atira joan zen 12 urterekin, Arantzazuko santutegira, seminariora; zazpi urte egin zituen han. 1963an sartu zen Jakin-en, eta gertutik ezagutu zuen zentsuraren mamua; sarritan izan zuen gai hori aztergai. Teologia eta Soziologia ikasketak egin zituen Tolosan (Okzitania) eta Parisen, eta Informazio Zientzietan lizentziatu zen EHUn.

2015ean jakinarazi zuen hezur muineko minbizia zeukala, eta 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren atxilotuta egon zeneko torturekin lotu zuen. “Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela, eta hezur muinean agertu zitzaidan minbizia”. Osasun egoera okertuta, 77 urterekin hil zen, etxean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.